Menopausiaren sintoma bereziki gogorrak prebenitzeko edo tratatzeko, ordezko hormonen tratamendua izaten dute emakume batzuek. Tratamendu hori pertsonalizatua izaten da, hau da, profesionalak aintzat hartzen ditu emakume bakoitzaren ezaugarriak, erabakitzeko komeni zaion hala ez halako tratamendu bat. Hala ere, adituek uste dute emakume askok errezeloa dutela albo-ondorio larriak dituela, eta, horregatik, uko egiten diotela, profesionalak gomendatu arren.
British Medical Journalek orain argitaratu duen ikerketa batean, frogatu dute hormona-terapiak ez duela erlaziorik heriotza-arriskuarekin; hau da, ez du bizi-luzera laburtzen. Ikerketa Danimarkan egin dute, 45 urtetik gorako 800.000 emakumeri jarraipena eginez, batez beste 14 urtez.
Besteak beste, faktore hauek hartu zituzten aintzat: hormona-terapia hartu zuten ala ez, eta zenbat urtez; gaixotasun batzuen aurrekariak: gibeleko gaitzak, minbiziak, zirkulazio-arazoak eta abar; adina, seme-alaben kopurua; jatorria; diru-sarrerak; hezkuntza-maila…
«faktore eragileak kontuan izanez gero, ez zegoen diferentziarik, ezta 10 urtez hartuta ere ordezko hormonak.»
Horrela ikusi zuten, eragiten duten faktoreak aintzat hartu gabe, hormona-terapia hartu zutenetan 54,9 hildako izan zirela 10.000 pertsonako urtean; eta 35,5 hartu ez zutenetan. Baina faktore eragileak kontuan izanez gero, ez zegoen diferentziarik, ezta 10 urtez hartuta ere ordezko hormonak.
Are gehiago: minbizia ez zen beste arrazoiren bategatik obulategiak kirurgikoki erauzita zituztenetan, hormona-terapia hartu izana mesedegarria zela iradoki zuten emaitzek. Ikertzaileen ustez, merezi du hori ikertzea, ikusteko komenigarria izan ote daitekeen hormona-terapia eskaintzea ebakuntza-mota hori egiten zaienei. Nolanahi ere, ohartarazi dute egindako ikerketan ez dutela kausa-efekturik aztertu, inongo kasutan.
Erlazionatuak
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



