Mendeko lehen ilargi-eklipse osoa
2001/01/09 Elhuyar Zientzia

Titular sentsazionalista, ezta? Baina goazen harira, nola gertatzen dira ilargi-eklipseak?
Ilargi-eklipsea lurra ilargia eta eguzkiaren tartean jartzen denean gertatzen da. Orduan, lurraren itzalak ilargi betea desagerrarazi egiten du ordu betez. Eguzki-eklipseak ez bezala, ilargi-eklipseak une horretan gaua den hemisferiotik ikus daitezke eta, kasu honetan, Euskal Herritik ere bai. Dena dela, ilargia ez da guztiz desagertuko, eguzki-izpiak lurreko atmosferan errefraktatzen baitira eta, ondorioz, zenbait izpi ilargiaren azalera argitzeko moduan makur daitezke.
Ilargi- eta eguzki-eklipseen arteko beste diferentzia bat tonalitatea da. Lurraren atmosferaren gardentasunaren baitan, ilargiak hainbat tonu har ditzake. Hala gertatu zen, esaterako, Filipinetako Pinatubo sumendiak 1991n eztanda egin eta gero: atmosferako hautsaren eraginez ilargia gorrixka ikusi zen eklipse guztietan. Hala ere, atmosfera garbiarekin ilargia ia erabat iluntzea gerta liteke.
Ilargi-eklipsea gaur arratseko 20:42tan hasiko da, 20:49tan ilargia erabat ezkutatuko da eta 21:51k arte ez da berriz agertuko. Eklipsea 23:00etan amaituko da. Ikusteko aukera baduzu ez ezazu kale egin eta, aukerarik ez baduzu, 2003ko maiatza arte itxaron beharko duzu, Euskal Herritik ikustekotan behintzat!

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia