}

Mendebaldeko Pirinioaren Paleozenoaren muga-estratotipoak aztertzen

1999/03/01 Nuñez-Betelu, Koldo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arroka sedimentarioak nonahi azaleratzen dira Euskal Herrian. Beren jatorria ezagutzeko eta berauek sailkatzeko, hots, berauen arteko harremana zein den finkatzeko, estratigrafiaren printzipioak erabiltzen ditugu geologook. Printzipio hauen bidez jakin dezakegu, zein arroka eratu den aurrenekoz eta zein ondoren, zein garaitan bakoitza, non,...

Har dezagun, esaterako, Paleozenoa, duela 65 milioi urte hasi eta duela 55 milioi urte bukatu zen denboraldia. Paleozenoa oso denbora-tarte interesgarria dugu. Garai hartan Euskal Herria eta Pirinioen gehiena itsaspean zeuden. Iberiar penintsula eta Europaren artean itsaso sakona zegoen. Itsaso hau ekialdetik itxita zegoen, egungo Katalunia aldean Pirinioak altxatzen ari baitziren. Paleozenoa izaki asko, amoniteak eta dinosauruak tartean, suntsitu ondoren hasi zen, kataklismo erraldoi baten gibelean alegia. Mundu osoko klima epela zen, poloetan izotzik ez eta, gainera, epeltasuna areagotu egin zen Paleozenoaren amaierarako. Ipar Atlantikoa zabaltzen ari zen orduan eta Groenlandia Europatik banantzen, bolkanismo bortitza medio.

Estratigrafiaren bidez badakigu Euskal Herrian eta inguruan, Mendebaldeko Pirinioetan kasu, denbora-tarte horretan metatu ziren arrokak zein diren. Arroka hauetako gehienak kare-harriak dira, baina inguru desberdinetan eratu ziren. Batzuk, Zumaian daudenak esaterako, 1.000 m inguruko sakonera zuen itsasoaren hondalean metatutako jalkinen ekoizpena dira. Beste batzuk, kostaldetik gertu, sakonera txikiko uretako itsas plataformaren adierazleak dira eta Urbasan topa ditzakegu. Areago, kostaldean bertan sortutako arrokak aurkitzen ditugu gaur egun Pirinioetan. Hau guztiau, eta gehiago, ezagutzeko EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean ari da lanean ikerlari-talde bat. Talde honen urte ugariko lanen emaitza dira egin diren doktore-tesiak, artikulu zientifikoak eta aurkezpenak kongresuetan. Egindako bidea luzea izan bada ere, oraindik ez da amaitu. Paleozenoaren ezaugarri nagusiak ezagutu ondoren, Paleozenoaren barneko banaketen ezaugarriak lantzeko martxan ari da hemen azaltzen den proiektua eta beste proiektu batzuk ere bai.

Garai bakoitzaren eredu den arroka-multzoa, estratotipoa alegia, definitu beharra dago banaketa estratigrafiko bakoitza zehaztu ahal izateko. Estratotipo gehienak definituta daude. Ez daude oraindik, ordea, garaien arteko mugen estratotipo asko definituta. Horixe gertatzen da Paleozenoaren barneko hiru banaketen arteko mugekin eta Paleozenoaren amaierako mugarekin. Muga hauen estratotipoak oraindik ez dira zehaztu. Horretan ari da lanean oraintxe bertan Nazioarteko Estratigrafia Batzordea. Estratigrafia eta Paleontologia Saileko proiektu honen helburuak testuinguru honen barruan daude eta horregatik ekin dio Mendebaldeko Pirinioaren Paleozenoaren ikerketa mikropaleontologikoa eta sekuentzien estratigrafia aztertzeari, eskualde honetan orduko arrokak oso ondo azaleratzen baitira eta, beraz, mugen estratotipoak definitzeko baliagarriak izan baitaitezke.

Azterketa mikropaleontologikoa foraminifero planktonikoetan oinarritzen da batez ere, baina halaber palinomorfoak eta karekizko nanofosilak ere erabiltzen ditu. Beste ikerketetan gertatu legez, mikrofosil-mota hauek datu berriak eskaini ditzakete Paleozenoaren estaien, Daniar/Selandiar eta Selandiar/Tanetiarrenak alegia, mugak definitzeko ere. Areago, mugak zehazteko egiten ari diren biozonazio-ereduak beste mikrofosil-taldeekin egindako biozonazio klasikoekin konpara daitezke aldaketa latitudinalak, paleogeografikoak eta abarrekoak zehazteko. Honi itsas mailaren eta populazioen aldaketa kualitatiboak, foraminiferoen biribiltze-noranzkoen aldaketak, eta abar gehi dakizkioke. Beraz, proiektuak, Paleozenoaren barneko mugen definizioaren inguruko helburu estratigrafikoak ditu alde batetik, eta bestetik, helburu paleoklimatiko, paleogeografiko eta paleontologikoak.

  • Proiektuaren izenburua: Mendebaldeko Pininioaren Paleozenoaren muga-estratotipoak karakterizatzeko azterketa mikropaleontologikoa eta sekuentzien estratigrafia.
  • Helburua: Zenbait talde mikropaleontologiko eta sekuentzien estratigrafiaren bidez Mendebaldeko Pirinioaren Paleozenoaren barneko banaketa
    estratigrafikoen zehaztapena.
  • Finantziazioa: DCICYT.
  • Zuzendaria: Xabier Orue-Etxebarria.
  • Ikerketa-taldea:
    Katedradunak: Xabier Orue-Etxebarria eta Victoriano Pujalte Navarro (EHU).
    Irakasleak: Estibaliz Apellaniz Ingunza, Koldo Núñez Betelu eta Aitor Payros Agirre (EHU); Juan Ignazio Baceta Caballero (Huelvako Unibertsitatea).
    Kanpoko lankidea: Alejandro Robador Moreno (ITGME).
    Bekadun doktoregaia: Gilen Bernaola Bilbao (EHU).
  • Departamentua: Estratigrafia eta Paleontologia Saila.
  • Zentroa: Leioako Zientzi Fakultatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia