}

Men egiteko arrazoiak

2019/01/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Esanekoa al zara? Agindutakoa egingo zenuke beti, baita horren ondorioz norbaitek kalteak jasango balitu ere? Zaila da norberak nola jokatuko lukeen asmatzea, egoera egokitu arte. 

1961ean, hori ikusteko esperimentu bat egin zuen Stanley Milgram psikologo estatubatuarrak. Garai hartan, kriminal nazien aurkako lehen epaiketak egiten hasiak ziren, eta eztabaidagai zen zenbateraino ziren errudun. Azken finean, haietako askok aginduak bete baino ez zuten egin. Ala? 

Obedientziaren muina aztertzeko, esperimentu hau diseinatu zuen Milgramek: batzuk (boluntarioak) irakasleak izango ziren, eta besteak, ikasleak Milgramen konplizeak). Irakasle-rola egokitzen zitzaion boluntarioak deskarga elektriko bat eman behar zion ikaslearena egiten zuenari, oker erantzuten zuen bakoitzean. Esandakoa egitea oso garrantzitsua zela azpimarratu zien esperimentuaren zuzendariak. 

Bazen gehiago, ordea: ikasleak akatsak pilatu ahala, deskargaren indarra areagotzen zihoan. 15 voltekin hasi, eta 450 voltekin bukatzeraino. Irakasleak ezin zuen ikaslea ikusi, baina bai haren oinazezko garrasiak entzun. Ez zekien garrasiak eta deskargak, biak zirela gezurrezkoak.

Emaitza esanguratsua izan zen: irakasle-rola izan zuten 40 boluntariotik 26k (%65) 450 volteko deskarga ematera iritsi ziren.

Geroztik, esperimentuak kritika asko jaso ditu: diseinu desegokia zuela, emaitzak manipulatuta zeudela… Ondoren, beste batzuk egin dira, ordea, irizpide zorrotzekin, eta emaitzak ez dira askorik aldatu. 

Azkena orain argitaratu da, PLOS aldizkarian. Denborarekin teknologiak aurrera egiten duen seinale, errealitate birtuala erabili dute, baina, funtsean, esperimentua berbera da. Helburua, hala ere, ez da izan nola jokatzen dugun jakitea soilik; horren zergatia ere argitu nahi izan dute. 

Izan ere, Milgramek iradoki zuen, beharbada, irakasle boluntarioak hain zeudela arduratuta aginduak ondo betetzearekin, ezen ez baitziren konturatzen zer kalte egiten zieten ikasleei. 

Hori argitzeko, beraz, Londresko Unibertsitateko ikasle boluntarioekin berregin dute Milgramen esperimentua, eta ondorioak garbiak dira: batetik, berretsi dute jendeak aginduak betetzeko joera duela, baita horrekin urkoari min egiten badio ere; bestetik, ikusi dute horren arrazoia ez dela ez direla jabetzen beren jokabideak duen eraginaz. Ondorioa beldurgarriagoa da: kalte egin arren, nagusiari men egitea lehenesten dute, helburu gorenari eusteagatik. 

Agian, nahiagoko genuke hain esanekoak ez garela sinestea, baina, egia esan, esperimentua nahiko baliagarria da gure inguruan ikusten ditugun zenbait jokaera hobeto ulertzeko.

 

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia