Nobel Akademiaren esanean, fisikako galdera garrantzitsuetako bat izan da zein den gehienezko neurria, non oraindik froga daitezkeen mekanika kuantikoko efektuak. Bada, aurtengo sarituak gai izan ziren tunel-efektua eta energia-kuantizazioa frogatzeko, eskuan har daitekeen zirkuitu elektriko batean.
«teknologia kuantikoaren hurrengo belaunaldia garatzeko aukerak eman ditu aurtengo sariak»
Hain zuzen, 1984-1985ean, John Clarkek, Michel H. Devoretek eta John M. Martinisek esperimentu-sorta bat egin zuten supereroaleekin egindako zirkuitu elektroniko batean. Zirkuituak Josephson lotura izeneko konfigurazioa zeukan: osagai supereroaleak bereizita zeuden, material ez-eroale baten geruza finen bidez. Zirkuitu horretako propietateak probatuz eta neurtuz, korronte elektrikoa zirkuitutik pasatzean sortzen ziren fenomenoak kontrolatu eta arakatu ahal izan zituzten.
Osotara, sistema zeharkatzen zuten partikula kargatuek partikula bakar bat balira bezala jokatzen zuten; nolabait, neurri makroskopikoko sistema bat balitz bezala.
Tunel-efektua eta kuantizazioa
Sistema horretan, hasiera batean, tentsiorik gabe dabil korrontea. Egoera horretan, sistema egonkor dago, zeharkatu ezin duen hesi baten atzean harrapatuta balego bezala. Esperimentuan, sistemak bere izaera kuantikoa erakusten du, zero tentsio egoeratik ihes egitea lortzen baitu tunel-efektuaren bidez. Tentsioaren agerpenaren bidez antzematen da sistemaren egoeraren aldaketa.
Horrez gain, sarituek frogatu zuten sistemak mekanika kuantikoak aurreikusitako moduan jokatzen duela: kuantizatuta dago. Alegia, energia-kantitate jakinak baino ez ditu xurgatzen edo igortzen.
Gaurko eta etorkizuneko aplikazioak
Nobel Akademiak aurkikuntzaren erabilgarritasuna azpimarratu du, mekanika kuantikoa teknologia digital guztiaren oinarria baita. Horren adibide dira, esaterako, ordenagailuetako mikrotxipetako transistoreak.
Halaber, teknologia kuantikoaren hurrengo belaunaldia garatzeko aukerak eman ditu aurtengo Fisikako Nobel sariak; besteak beste, kriptografia kuantikoa, ordenagailu kuantikoak eta sentsore kuantikoak.
Aipatzekoa da aurtengo urtea Kuantikaren nazioarteko urtea izendatu duela UNESCOk.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia