}

Megahiriak; mundua gero eta hiritarragoa

2011/04/01 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hirietan bizitzeko aukera egin dugu gizakiok azken ehun urteotan. Azkeneko berrogei urteetan, munduko populazioa bikoiztu egin da; hirietan bizi direnen kopurua, berriz, bost aldiz handitu da. Zazpi milioi lagun gara munduan, eta erdia baino gehiago hirietan bizi da. Hiritarren hamarretik bat, gainera, 21 hiritan baino ez da bizi. Megahiriak dira 21 horiek, hamar milioitik gorako populazioa dutenak. Biztanle-kopuruak ez ezik, hirietako jendearen baliabideek ere izugarrizko eragina dute hirien garapenean. Hala, modu batera edo bestera eboluzionatzen dute hiriek. Bizidunak balira bezala.
Megahiriak; mundua gero eta hiritarragoa
2011/04/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Fernando Bajo arkitektoa, hirigintzako irakaslea da EHUko Arkitektura Eskolan. Arg.: Oihane Lakar.
1950. urtean, bi megahiri zeuden munduan: New York eta Tokyo. Handik 25 urtera, hirugarren bat sartu zen hiri handienen zerrendan: Mexiko Hiria. Gaur egun (Nazio Batuen World Urbanization Prospects txostenaren 2009ko berrikuspenaren arabera), Tokyok jarraitzen du izaten biztanle gehien dituen hiria, eta beste 20 hirik osatzen dute munduko megahirien zerrenda. Mexiko eta New York 5. eta 6. postuetan daude, hurrenez hurren. Tartean, Delhi, Sao Paulo eta Mumbai sartu dira. Garatze-bidean dauden herrialdeetako hiriak, denak ere.

Fenomeno naturaltzat jotzen dute adituek munduko hiri jakin batzuek halako hazkundea izatea. "Hiriak organismo bizidunak bezalakoak dira, eta berezko eboluzioa izaten dute, --dio EHUko Arkitektura Eskolako irakasle eta hirigintzan aditu Fernando Bajok--. Oro har, zenbat eta handiagoak izan, orduan eta jende gehiago erakartzen dute".

Erakarpen-indar hori garatze-bidean dauden herrialdeetan bereziki indartsua dela zehaztu du Arkitektura Eskolako beste irakasle batek, Koldo Telleriak: "iman bat bezalakoak dira landa-eremuetan bizi direnentzat: dirua, autoak, aukerak... telebistan ikusten diren gauza guztiak hirietan daude, landa-lurra ez baita ezer garatu".

Itxaro Latasa geografoak azaldu du zer kondizio dituzten landa-eremuan biztanleek: "Dagoeneko galdu dute betidanik izan duten nekazaritza, labore anitz izatea oinarri zuena. Orain, behartuta daude enpresa handien haziak erostera, eta urtero erostera, gainera, hazi antzuak saltzen baitizkiete enpresa handiek. Bada, egoera horretan, urte txar bat baldin badute, bereak egin du: ez dute maileguak ordaintzeko dirurik lortzen, ez dute mantentzeko baliabiderik eta abar. Horregatik, besteak beste, joaten dira pilaka hirietara".

Itxaro Latasa geografoa, hiri-populazioa ikasgaiaren irakaslea da EHUko Letren Fakultatean. Arg.: Oihane Lakar.

Horregatik, azkeneko 30 urteotan gehien hazi diren hiriak eta sortu diren megahiri gehienak Asian eta Afrikan sortu dira batez ere, garatze-bidean dauden herrialdeetan. Halaber, 2025. urterako aurreikuspena egin du Nazio Batuen erakundeak, eta, zerrendari gehituko zaizkion beste zortzi hiriak herrialde horietakoak izango dira.

Megahiritzat hartzeko, 10 milioitik gora biztanle izan behar ditu hiri batek. "Zenbaki arbitrarioa da, baina jotzen da gigantismoa hortik aurrera gertatzen dela", azaldu du Itxaro Latasa geografo eta EHUko Letren Fakultateko irakasleak.

Kontzeptu bat, bi hiri-mota

Herrialde jakin batek dituen ezaugarri ekonomikoek, sozialek, politikoek eta abarrek bultzatuta garatzen dira hiriak. Ezaugarri horiek erabat desberdinak direnez herrialde garatuetan eta garatze-bidean daudenetan, bateko eta besteko megahiriak ere guztiz desberdinak dira. "Nire ustez, hasiera-hasieratik egin behar den bereizketa bat da", argitu du Bajo arkitektoak.

Bi hiri-moten arteko desberdintasun nagusia bat dela uste Bajok: "plangintza. Herrialde garatuetan hirigintza-planetan oinarrituta sortzen dira hiriak, eta, horri esker, modu gutxi gorabehera ordenatuan garatzen dira. Garatze-bidean dauden herrialdeetan, berriz, ez dago plangintzarik".

Koldo Telleria arkitektoa, irakaslea da EHUko Arkitektura Eskolan. Arg.: Goierriko hitza.

Hirigintza-planek zehazten dute zer erabilera izango dituen hiri batek, zer zerbitzu, zer dimentsio izango duen bakoitzak, zer dentsitate eta abar. Hala, "halakorik ez dagoen lekuetan, hiriak askoz organismo libreagoak dira, eta, horrekin batera, askoz azkarrago hazten dira, askoz ere modu nahasiagoan, askoz kaotikoagoak dira eta abar", dio Bajok.

Delhin bizi izan dute, esate baterako, plangintzatik haragoko garapena. Txaboletan antolatuz joan dira landa-eremuetatik hirira joandako biztanleak, eta, Delhiko gobernuak 2000. urtean argitaratutako txosten batean zioenez, 1970. urtetik aurrera "kudeatu ahal izateko handiegia bilakatu zen" hiriaren inguruan sortutako txabola-mordoa eta bildutako jendetza. Jhuggi jhopri esaten diete txabola-auzoetan bizi direnei. "Elkarrekin pilatuta egon ohi dira txabolak Jhuggi jhopri en auzoetan, higiene-kondizio txarretan, eta ez dute izaten edateko urik". Delhiko gobernuak txabola horietan egindako azkeneko ikuskapenean kalkulatu du (2008-2009 tartean egin zuen) 4.390 txabola-auzo daudela Delhin, eta 577.000 familia bizi direla haietan.

Bizi-kalitate kaxkarra

Geologia Zientzietako Nazioarteko Elkarteak 2005ean megahiriei buruz argitaratutako txosten batean aipatzen duenez, megahirietako biztanle askok, aberatsak nahiz pobreak izan, bizi-kalitate kaxkarra dute. Bizi-kalitatea neurtzeko erabili ohi diren parametroak besteak beste, hauek izaten dira: airearen, uraren eta lurraren poluzio-maila, ur- eta energia-horniduraren egokitasuna, auto-pilaketak, inguruan eremu berdeak egotea, pobrezia- eta malnutrizio-arazoak egotea, eta gizarteak segurtasun-arazoak izatea.

Askotan aipatzen da megahirietan oso nekeza dela batetik bestera mugitzea, eta auto-pilaketak noiznahi eta nonahi egotea oso gogaikarria dela. Fernando Bajoren ustez, ordea, "megahirietan bizi diren hainbat eta hainbat lagunentzat merezi du ezerosotasun hori bizitzea, horren truke beste inon ez duten aukera-aniztasuna baitute hiri handian, lan-aukerei, kultura-aukerei eta abarri dagokienez". Izan ere, hirietan, oro har, errazago lor daitezke hezkuntza, osasun-zaintza, oinarrizko azpiegiturak, informazioa, ezagutza eta aukerak.

(Argazkia: Guillermo Roa)

Aukera horiek erakarrita joaten dira hiri handietara garatze-bidean dauden herrialdeetako landa-eremuetako biztanleak. Askotan, baina, "ez dituzte izaten hiriak eskain ditzakeen aukera guztiak eskura; populazioaren zati batentzat bakarrik izaten dira", salatu du Latasak. Garapenerako Nazio Batuen Programak hirietako elikagai-segurtasunaren gaia jorratzeko UNICEFekin eta Elikagaien Munduko Programarekin egindako bilera baten txostenean jaso zutenez, "langabezia eta norberari legokiokeen lan-mailatik behera lan egitea izan ohi dira hirietako ezaugarriak, eta hirietan gehien hazten den populazioa lan-merkatu egituratuan sartzeko aukerarik ez duen hori bera da."

Legez kanpoko azpiegituretan bizitzeak hiritar horien aukerak mugatu besterik ez du egiten. Honela jarraitzen du txostenak: "Jabetza-eskubide mugatuak izateak eta inguruan azpiegitura eskasak izateak zaildu egiten die hezkuntza- edo osasun-zerbitzuetara iristea. Eta, gainera, hirietan, ordaindu behar izaten dute landa-eremuan doan izango lituzketen baliabideengatik, hala nola urarengatik, etxebizitzengatik eta erregaiengatik. Halaber, 2.000 kilokaloriatako jaki-saski bat, batez beste, % 20 garestiagoa da hiri txikietan landa-eremuan baino, eta % 100 garestiagoa hiri handietan".

Hiru erakunde horiek deskribatutako egoera "edozein hiritan" gertatzen dela dio Latasak. Megahirietan, ordea, "askoz nabarmenagoa da, besterik ez bada, eskala-mailarengatik, gigantismoarengatik". Garatze-bidean dauden herrialdeetan, gainera, gehiago dira baliabide gutxiko biztanleak, eta, hortaz, populazioaren proportzio handiagoa bizi da txabola-auzoetan.

Ingurumena ere kaltetuta

Shibuya auzoa Tokyoko populazio-dentsitate handieneko auzoetako bat da; kilometro karratuko 13.540 lagun bizi dira. Arg.: Agustin Rafael Reyes.

Bizi-kalitatea kaxkarrago izateaz gainera, erraz ikus daiteke megahirietan sortzen diren egoerek ingurumenari ere kalte handia eragiten diotela. Jasangarriak izateko, Bajoren ustez, garrantzitsuena "ahalik eta lur-azalera txikiena betetzea" da. Izan ere, "lurzorua baliabide ez-berriztagarri nagusia da. Horrenbestez, hainbat solairutako etxebizitzak egitea eta erretilutan bizitzea, askoz jasangarriagoa da horizontalean hedatzea baino." Hiri anglosaxoietan, baina, oso ohikoa da familia bakarreko etxebizitzen eredua, eta ezin da esan garatze-bidean dauden herrialdeetako hiriekin ere ez doanik. Planifikaziorik ez izateak badu beste ondorio bat: "Herrialde horietako megahirietan, seguru asko, jende gehiago biziko da norberak egindako txaboletan etxebizitza-dorreetan baino", dio Koldo Telleriak.

Lurzorua alde batera utzita, "askoz jasangarriagoa da, berez, jende-multzo handiak batera bizitzea baliabideen kudeaketari dagokionez", azaldu du Bajok. Berez, edo, teorian, hala da, bai. Arazoa da "hirietan, eta, bereziki, herrialde garatuetako hirietan, baliabide guztien % 75-80 kontsumitzen dela", gaineratu du. Hortaz, hirietan bizitzea aukera jasangarriena izan dadin, "baliabide gutxiago erabiltzea lortu behar dugu. Eta nola egiten da hori? Planifikatuz. Hau da, esanez hiriak non eta nola hazi behar diren, zer dentsitate izan behar duten, zer erabilera eta zerbitzu izan behar dituen gune bakoitzak, zer ibilbide diren gomendagarrienak, zer mugikortasun komeni den izatea hirian, zer kontsumo- eta gastu-muga izan behar dituen eta abar. Alegia, hirigintza eginez. Baina ez du arkitektoei bakarrik dagokien hirigintza bat izan behar; ekonomialariak, politologoak, soziologoak, biologoak... diziplina anitzetako jendeak esku hartu behar du hirigintza horretan".

Alabaina, Bajoren ustez, gure agintari politikoak "oso urrun daude hirien planifikazioa modu horretara ikustetik; hori da arazoa. Izan ere, gehienek jende-multzo handiak bezala ikusten dituzte hiriak, kaletan banatuta daudenak, eta zerbitzu jakin batzuk dituztenak. Hortik aurrera, ezer gutxi gehiago ikusten dute. Eta, hori, hemen. Garatze-bidean dauden herrialdeetan, ezta hori ere".

Etorkizunean, izango ote da mugarik?

Hiriak bizidunak bezalakoak direla jotzen da, hango ezaugarriekin eta biztanleekin batera eboluzionatzen dutelako. Bada, benetako bizidunak bezala, neurri jakin bateraino bakarrik haz daitezkeela uste dute adituek. Honela dio Bajok: "Nire ustez, muga bat dute, muga natural bat. Demagun behar bezala planifikatuta dagoen hiri bat; nahiz eta planifikazio aldetik gehiago hazteko aukera izan, une batetik aurrera, hiriak ez dira gehiago hazten". New York, adibidez, ez dirudi gehiegi haziko denik hemendik 2025. urtera bitartean (19,3 milioitik 20,6 milioira pasako dela aurreikusi du Nazio Batuen erakundeak), ezta Tokyo ere (36,5 milioitik 37,1 milioira). "Une batetik aurrera, ez du merezi hainbeste jende biltzea; jendearen joan-etorriak, energia-kontsumoa eta abar handiegiak dira, eta gehiegizko ahalegin horrek eten egiten du hiriak gehiago haztea. Horri esker ez dira munstro erraldoi bihurtzen", gaineratu du.

2000. urteko erroldaren arabera, Rio de Janeiroko Rocinha favelan 55.000 biztanle baino gehiago bizi ziren. Populazio-hazkunde handiena 1960-1970 hamarkadetan izan zuen. Arg.: ©iStockphoto.com/Mikko Miettinen.

Hiria antolatzeko planifikaziorik ez dagoenean, berriz, zailagoa da oreka-puntu horretara modu ordenatuan iristea, askoz kaotikoagoa baita hiria, berez. Hortaz, "zaila da saihestea munstro bilakatzea eta har ditzakeen baino biztanle gehiago biltzea", aipatu du Bajok. Eta, hori da, hain zuzen, planifikaziorik ez duten hirietan gertatzen ari dena: "hazten eta hazten jarraitzen dute, etenik gabe", dio.

Une honetan, garatze-bidean dauden herrialdeetan "sekulakoa da hirien hazkundea, baina, nire ustez, megahiriena ez da izango etorkizunean izango dugun eredua --iragarri du Bajok--. Nik uste dut hiri bakoitzak bere neurria bilatzeari ekingo diola. Bizidunak balira bezala ikusten ditudanez, uste dut bakoitzak bere nortasuna izan behar duela, eta bere onena emateko dagokion neurria izan behar duela. Eta bere ezaugarri horiekin pozik egon behar duela. Horrenbestez, hiri batzuk megahiriak izango dira, handi-handiak, beste batzuk, ertainak, eta, beste batzuk, txikiak".

Munduko erdigune izateko lehian
Herrialdeen oparotasuna estuki lotuta dago beren hirietako oparotasunarekin. Hala dio Nazio Batuen State of the World's cities 2010/2011 txostenak: "Herrialde bakar batek ere ez du lortu hazkunde ekonomiko iraunkorrik edo gizarte-garapen azkarrik urbanizatu gabe", dio txostenak.
Are gehiago, munduko ekonomian eragin handiena duten herrialdeak megahiriak dituztenak direla dio txostenak; alegia, unitate ekonomiko bakarrean hainbat hiri bilduta dituztenak. Izan ere, hiri-dentsitate handietan txikitu egiten dira transakzioen kostuak, ekonomikoki bideragarriagoa da azpiegitura nahiz zerbitzu publikoetan inbertitzea, eta errazago sortzen eta zabaltzen da ezagutza.
Hori bai, ohartarazten du hazkunde ekonomikoa kaxkarra denean, edo plangintza-politikarik ez dagoenean edo horiek eraginkorrak ez direnean, urbanizazioa biztanle pobreen bilgune bihurtzen dela, pobrezia txikitzeko aukera izan ordez.
Serj Siz Kov_PhotoXPress
Horren harira Koldo Telleriak dioen bezala, "megahiri guztiek bihurtu nahi dute mundua gidatzen duten nodo. Elkarrekin lehiatzen dira, merkatuan hortzetako pastak lehiatzen diren bezala, adibidez. Hortzetako pasten marka guztiek izan nahi dute pastarik salduenak, eta hainbat eratako osagai eta ezaugarri jartzen dizkiete fabrikatzaileek helburu hori lortzeko. Bada, megahiriekin gauza bera gertatzen da. Lehenengo hiri garrantzitsu eta handienak New York eta London izan ziren, tradizio industrial handiko hiriak baitziren".
Lehia horretan, baina, ez daude megahiriak bakarrik. "Herri txikieneko alkatea ere ahalegina egiten ari da bere herrian Guggenheim bat izateko! Herri eta hiri guztiak saiatzen dira handiagoak izaten, jendea erakartzen", esan du Fernando Bajok.
Norgehiagokan lehiatzeko gaitasun handiagoa izateko, etekin handiena emango duen egitura ematen ari zaie hiriei, Nazio Batuen txostenaren arabera. Hala, "gune monofuntzionaletan banatzen ari dira hiriguneak --azaldu du Itxaro Latasa geografoak--. Lehen edozein hiriren alde zaharrean artisau-tailerrak, lana, zerbitzuak, aisialdirako guneak eta abar zeuden. Orain, berriz, alde zaharrak turistei begira moldatu dira, horren inguruan lo egiteko guneak sortu dira, eta, hortik kanpora, industria-guneak, parke teknologikoak eta merkataritza-zentroak. Eredu gisa, askoz produktiboagoa da, eta hor dago, hain zuzen, arazoa: kapitalari begira garatu ditugu hiriak, eta ez jendeari begira. Ez zaie begiratu tokian tokiko ezaugarriei, ez da kontuan izan aurretik zer egon den leku jakin batean... Normalean, aurretik zegoen guztia bota, kultura industrial guztia suntsitu, eta gainean eraiki da. Hiri handietan oso nabarmena da hori, baina hiri txikiagoetan ere gertatu da".
Hiriak baino gehiago, konstelazioak
Izugarrizko datu-dantza dago megahiri gisa sailkatuta dauden hirietako biztanle-kopuruekin. Adibidez, Delhiko populazioa 21,7 milioikoa dela jotzen du Nazio Batuen erakundeak; beste iturri batzuek, Demographia aholkulari politikoak, kasu, 20,9 millioikoa dela dio, eta City Mayors Fundazioak, 16,7 milioikoa dela. Horren arrazoia da megahiriak ez direla hirigune jarraituak, "hainbat hiriren konglomeratuak baizik, hiri-konstelazioak", azaldu du Latasak. Hortaz, konglomeratua zein eta zenbat gunek eratzen duten, biztanle-kopuru ezberdinak lortuko dira.
Hiri-konstelazioak direnez gero, megahiriak ez dira unitate administratiboak; hau da, ez dago guneen arteko batasun politikorik edo administratiborik. Baina unitate funtzionalak dira ekonomikoki; alegia, unitate gisa funtzionatzen dute jendearen joan-etorriei dagokienez, merkantzien garraioari dagokionez eta abar. Delhiren adibidearekin jarraituz, Delhiko Nazio Hiriburuaren Lurraldeak (NCT) eratzen du megahiria. Funtzionamenduari dagokionez, entitate bakar bat bezalakoa da, baina, haren barruan, hiru udal-korporazio, bederatzi barruti ( Panchayats esaten diete), 27 azpibarruti ( Tahasils ak), 62 hiri eta 165 herri daude.
New York, denetan lehena
20 estatubatuarretatik bat New Yorken bizi da. 19 milioiko populazioa du gaur egun, eta seigarrena da munduko hiri handienen zerrendan. 1950eko zerrendan, berriz, lehenengoa zen. Hain zuzen, New York izan zen 10 milioiko ataria gainditu zuen lehenengo hiria, lehenengo megahiria.
(Argazkia: © iStockphoto.com/Lingbeek)
XX. mendearen hasieran izan zuen New Yorkek hazkuntza handiena. 1898an, bat-batean, hamar aldiz handitu zuten hiriaren azalera (gaur egun Queens, Brooklyn eta Richmond barrutiak direnak gehitu zituzten), eta, hala, bikoiztu egin zen populazioa: 1,5 milioitik 3,4 milioira pasatu zen. 1940rako, bikoiztu egin zen berriz ere (7,45 milioi zituen), eta 1950erako 12 miloi biztanle izatera iritsi zen. 1900. urtean artean munduko bigarren hiri handiena bazen ere (Londres zen handiena), 1925erako lehenengoa izatea lortu zuen. Hortik aurrera, nabarmen mantsotu zen populazioaren hazkundea, eta pixkanaka iritsi zen gaur egun duen kopurura.
Tokyo, handietan handiena
Munduan dagoen hiri handiena da Tokyo: 36,5 milioi biztanle dituela kalkulatu da. Halako populazio handia biltzen duenez, Tokyo megahiria hirigune bat baino gehiago da: Tokyo beraz gain, inguruko 87 hirik eta herrik eratzen dute, hala nola Yokohamak, Kawasakik eta Chibak; hiri handiak, hirurak ere. Izan ere, askotan, hainbat hiri elkartzearen emaitzak izaten dira megahiriak.
NASAren Terra satelitearekin uhin infragorrien tartean ateratako argazkia 47,50 x 35,90 kilometro azalera hartzen du argazkiak, eta Tokyo metropoliaren zati bat erakusten du. Gorriz, basoak edo landaredi-eremuak ageri dira eta beltzez, ura. Gainerakoa, etxebizitzaz eta eraikinez josita dago. Arg.: NASA/GSFC/METI/ERSDAC/JAROS/ASTER Science Team.
Tokyoko hazkundea 1950etik hona gertatu da: 25 urtean, 1950ean zuen populazioa halako bi eta erdi izateraino handitu da, eta, 2009. urterako, beste 10 milioi biztanle gehiago zituen. Horrenbestez, 1975. urtean hartu zuen hiri handienen lehen postua, eta oraindik ez dio inork kendu. Nazio Batuen erakundeak 2025. urterako egin duen aurreikuspenean ere Tokyo agertzen da lehenengo postuan, baina denbora-tarte horretan "bakarrik" 600.000 lagun gehiago izango dituela aurreikusi du.
Handiena izanda ere, ezin da esan Tokyo kontrolik gabe hazi den hiri bat denik; azpiegitura sendoa duela erakutsi du azkenaldian dituen lurrikaretan.
Dhaka, abiadura bizian
(Argazkia: Richard Lambert)
Une honetan, munduko populazioa non hazten ari den adierazteko adibide ezin hobea da Dhaka, Bangladesheko hiriburua. Izan ere, 1975-2009 aldian hazkunde handiena izan duen hiria da: 2 milioi biztanle izatetik 14 milioi biztanle izatera pasatu da. Nazio Batuen datu-basean begiratuta, ikus daiteke 1975. urteaz gero bost urtean behin bi milioi biztanle gehiago hartu dituela Dhakak. Eta, aurreikuspenek diotenez, martxa horretan jarraituko du. Hala, 2025. urterako, 20 milioi biztanleko hiria izango da Dhaka; New York eta Mexiko Hiria bezain handia.
Londres, megahirien mugan, baina oso garrantzitsua, edonola ere
Gaur egun, Londresek ez du zer esan handirik hiri handien multzoan, 8,63 milioiko hiria baita. Horrenbestez, Nazio Batuen erakundeak ez du megahiritzat hartzen (beste iturri batzuek, dena den, hala nola City Mayors Fundazioak, megahiria dela adierazten dute).
Hala ere, merezi du Londres hiri horien multzoan sartzea, historikoki oso hiri garrantzitsua --eta handia-- izan baita munduan. XIX. mendean, munduko hiririk handiena izan zen: 6,5 milioi biztanle zituen 1899an.Kontuan izan behar dugu mundu osoan 1.600 milioi lagun zeudela orduan.
(Argazkia: © iStockphoto.com/QQ7.)
Hortik aurrera, tamainari dagokionez Tokyok eta New Yorkek atzean utzi bazuten ere, esku handia izaten jarraitu du munduko ekonomian. John Friedmann hirigintza-adituak 1986an esan zuen bezala, Londres, New York eta Tokyo dira "munduko finantza-artikulazioak".
Bestalde, adituek desberdintasun bat nabarmendu ohi dute Europako hiri handien eta Europaz kanpokoen artean. Europakoak etenik gabeko espazio urbanizatuak dira; mapan begiratuz gero, urbanizatutako orban bakarra ikusten da Londresen. Beste hirietan, berriz, garraiobideak bakarrik ikusten dira hiri nagusiaren eta haren inguruko hiri sateliteen artean.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
274
2011
4
018
Arkitektura; Geografia; Ingurumena; Garraioak
Artikulua
32

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia