}

Medikuntzako Nobela usaimenaren labirintoan bidea argitzeagatik

2004/10/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gaur jakinarazi dute nori emango dioten Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria . Aurtengoa bi ikertzailek jasoko dute, Richard Axel-ek eta Linda B. Buck-ek, usaimen-errezeptoreei eta usaimen-sistemaren antolaketari buruzko ikerketa-lanengatik. Hain zuzen ere, zentzumen ezezagunenak nola egiten duen lan argitu dute bi ikertzaileok, alegia, usaimen-sistemaren korapiloak askatu dituzte.
Linda Buck eta Richard Axel.

Aurretik usaimenaren gainean ikerketa asko egin badira ere, oraindik ez zekiten gizon-emakumeek nola bereizten eta gogorarazten dituzten 10.000 usain. Axel eta Buck horretan aritu dira lanean, eta ikusi dute mila gene inguruko gene-familia batek kodetzen dituela beste hainbeste usaimen-errezeptore mota. Gainera, jakin dute errezeptore horiek dituzten zelulak sudur-epitelioaren goialdean daudela, eta horiek detektatzen dituztela arnastutako molekula usaindunak.

Usaimen-zelula bakoitzak usain-errezeptore mota bakarra du, eta errezeptore bakoitzak usaindun substantzia batzuk bakarrik detekta ditzake. Beraz, usaimen-zelulak espezifikoak dira usain gutxi batzuetarako. Usaina detektatzen dutenean, nerbio-seinaleak mikroeremu zehatzetara bidaltzen dituzte, glomeruluetara. Glomerulu horiek garuneko usaimen-erraboilean daude, eta usaimen-erraboila da, hain zuzen, usaimenarekin lotutako gune nagusia.

Glomeruluetatik, informazioa garuneko beste zenbait tokitara ateratzen da, eta horietan hainbat usaimen-errezeptoreen informazioa batzen da eta eredu bat sortzen da. Horri esker, udaberrian usaindutako lore baten usaina gogora ekar dezakegu beste edozein sasoitan.

Usain bakoitzak, bere eredua

Usaimen-sistemaren mekanismoa zein den jakitea urte askoko lanaren ordaina da. Richard Axel-ek eta Linda Buck-ek elkarrekin argitaratu zuten oinarrizko ikerketan, usaimen-errezeptoreak kodetzen dituen gene-familiaren berri eman zuten. 1991. urtea zen. Ordutik, bakoitzak bere aldetik egin du lan, ikerketa paraleloetan, eta usaimenaren hainbat misterio argitu dituzte, bai molekula-mailan,bai zelulen antolamenduan.

Usaimen-sistema da, hain justu, teknika molekularrak erabiliz argitu den lehen zentzumena. Teknika horiekin frogatu dute molekula usaindun baten eraginez aktibatutako usaimen-errezeptore bakoitzak G proteina bat aktibatzen duela garunean. Orduan, G proteinak egiten du cAMP molekula mezularia sortzea, eta mezulari horiek garuneko zelulen ioi-kanalak irekitzen dituzte. Ondorioz, zelula aktibatu egiten da.

Usaimen-errezeptoreak proteinak dira, eta guztiak dira antzekoak, baina badituzte elkarrengandik bereizten dituzten xehetasunak. Horrek azaltzen du zergatik aktibatzen diren batzukmolekula usaindun batzuekin eta beste batzuk besteekin. Errezeptore bakoitza aminoazido-kate batez osatuta dago, eta kate hori zazpi ‘puntadaz’ dago ‘josita’ zelula-mintzari. Hala, poltsiko baten modukoa eratzen du, eta han sartzen da molekula usainduna. Hori gertatzen denean, errezeptorearen itxura aldatu egiten da, eta horren ondorioz aktibatzen da G proteina.

Bakoitza bere aldetik, osagarri

Axel-ek eta Buck-ek , bakoitzak bere aldetik, frogatu dute usaimen-zelula bakoitzak gene bakar bat espresatzen duela; beraz, usaimen-errezeptore adina usaimen-zelula mota dago. Aurkikuntza hori harrigarria izan zen, ez baitzuten halakorik espero. Bestalde, zelula horien seinale elektrikoa erregistratuz ikusi dute zelula bakoitza molekula usaindun batekin baino gehiagorekin aktibatzen dela, baina intentsitatea aldatu egiten dela molekularen arabera.

Garuneko glomeruluak nola aktibatzen diren ere bakoitzak bere aldetik ikertu du, baina emaitzak osagarriak dira. Ikerketei esker jakin dute glomeruluetara iristen den informazioa konbinatu egiten dela, eta konbinazio horrek eredu bat sortzen duela. Usain bat hainbat molekula usaindunen konbinazioa da, eta molekula usaindun bakoitzak hainbat errezeptore aktibatzen ditu. Horiek bidalitako informazioa batuta sortzen da usainaren eredua, eta usain bakoitzak du berea. Gizakia gai da 10.000 usain inguru ezagutzeko eta gogoratzeko.

Bestalde, hainbat animalietan feromonak ezinbestekoak dira bizitzako hainbat funtziotarako, ugalketa sexualerako, kasu. Nobel saria jasoko duten bi ikertzaile horiek feromonei ere jarri diete arreta, eta frogatu dute eratzen duten sistemak usaimen-sistemaren antza handia duela alderdi askotan.

Usaimen-sistemari buruzko beste artikulu batzuk:

Sentsazioz blai!
Mila eta bat perfume

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia