Medikuntzako Nobela eta telenobela
2008/10/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Aurten, hiru ikertzaile saritu dituzte arlo horretan. Sariaren erdia Harald zur Hausen alemaniarrari emango diote, giza papilomabirusa identifikatzeagatik eta umetoki-lepoko minbiziaren eragile dela frogatzeagatik. Beste erdia, berriz, Françoise Barré-Sinoussi eta Luc Montaigner ikertzaileentzat da, erdibana, giza immunoeskasiaren birusa (GIB) identifikatzeagatik.
GIBa aurkitzeagatik emango diete Nobela Françoise Barré-Sinoussi eta Luc Montaigner ikertzaileei. Batzuen ustez, Robert Gallok ere argazkian egon beharko luke.
(Argazkia: Pasteur Institutua)
Eta Robert Gallo ez dute ia aipatu ere egin. Juxtu-juxtu azaltzen da haren izena Nobel Fundazioak argitaratu duen txostenean, birusa ikertzen jarraitu zuten ikertzaileen artean. Batzuen ustez, ordea, bidegabekeria galanta da Gallo ez saritzea. Montaignerrek berak, Nobela irabazi zuela jakinarazi ziotenean, harrituta zegoela esan zuen; Science aldizkariari adierazi zionez, "pena" hartu zuen Gallorengatik.
Neurri batean, harritzekoa ere bada Montaigner hain eskuzabal agertzea orain, urteetan borroka gogorra izan baitu Gallorekin, GIB birusaren aurkikuntza dela eta. Hiesa 1981ean deskribatu zen lehen aldiz, Estatu Batuetan. Laster susmatu zuten birus batek sortua zela, eta mundu osoko ikertzaileak lanean jarri ziren, birus haren bila.
Hala, gaixoen laginekin hasi ziren ikertzen Montaignerren taldekoak. Gaixoei erauzitako linfozitoak hazi zituzten kulturetan, eta handik birus bat isolatu zuten. LAV deitu zioten. Urtebete geroago, 1984an, Gallo estatubatuarrak birus berri bat deskribatu zuen. Hiesa garatuta edo lehen faseetan zuten gaixoetan topatu zuen birus hori, eta HTLV-III deitu zion. Urte berean, beste estatubatuar batek, Jay Levy-k, ARV izeneko birusa aurkitu zuen, linfadenopatia zuten hiesdun gaixoetan.
Ikertzaile frantziarrek eta estatubatuarrek hiru birusak birus bera zirela adostu zuten, eta, 1985ean, birusen taxonomiaz arduratzen zen nazioarteko talde batek birusari GIB-1 deitzea erabaki zuen: 1 motako giza immunoeskasiaren birusa.
Horrela kontatzen dute istorioa Nobel Fundazioko txostenean . Alabaina, denek ez dituzte gauzak hain garbi, eta, egia esan, ez zen kontu garbia izango, urte luzez Montaigner eta Gallo bata bestearen aurka aritu baitira, birusaren lehen aurkitzailea bera eta ez bestea izan dela esanez. Ohoreagatik bakarrik ote zen borroka? Ez, dirua ere bazegoen tartean.
Hain zuzen ere, hiesa diagnostikatzeko test bat garatu zuten Galloren laborategian, GIBaren antigorputzak erabilita. Eta badirudi horretarako Montaignerren birusak erabili zituela. Nonbait, 1983an Montaigner Estatu Batuetara joan zen, batzar batera, eta Galloren etxeko hozkailuan gorde zituen birusak. Gallok ez zizkion birusak itzuli, eta hurrengo urterako patentatzeko prest zuen produktua laborategiak.
Azkenean, 1987an, Ronald Reaganek eta Jacques Chiracek eztabaida baretu zuten, adieraziz birusaren aurkitzaileak biak izan zirela, neurri berean, eta patentearen irabaziak bi herrialdeen artean banatuko zituztela, erdibana. Pixkanaka, Montaignerren eta Galloren arteko harremana leuntzen joan zen, eta 2002an saiakera bat idatzi zuten elkarrekin Science aldizkarian.
Orain, ordea, eztabaida berpiztu egin da. Baina Nobel sariak beste zerbait ere atera du argitara, edo, hobe esanda, beste norbait: Françoise Barré-Sinoussi . Emakume hori guztiz ezezaguna izan da askorentzat orain arte, baina hasiera-hasieratik Montaignerrekin batera aritu zen lanean, GIB birusaren aurkikuntzan. Halaxe onartu dio Nobel Fundazioak, eta horregatik jasoko du Nobelaren laurdena (erdiaren erdia). Zorionak.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia