}

Medikuntzako Nobel saria zelula-zatiketaren erregulatzaileentzat

2001/10/08 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Leland Hartwell estatubatuarra eta Paul Nurse eta Timothy Hunt britainiarrak dira aurtengo Medikuntzako Nobel sariak. Saria zelula zikloaren erregulatzaileen inguruan egindako aurkikuntzak direla-eta eman diete.

Leland Hartwell-ek Seattle-ko Fred Hutchinson Cancer Research Center-en lan egiten du. Zelula-zikloa kontrolatzen duten gene jakin batzuk aurkitu zituen. Gene horietako batek —Start izenekoak— zelula-zikloaren lehen urratsetan zeregin oso garrantzitsua du. Hartwell-ek berak asmatu zuen "checkpoint" kontzeptua, zelula-zikloa ulertzeko ezinbesteko tresna.

Paul Nurse Londresko Imperial Cancer Research-eko ikertzailea da. Berak, teknika genetikoak eta molekularrak erabilita, zelula-zikloa erregulatzen duen CDK proteina identifikatu, klonatu eta karakterizatu egin du. Nursek frogatu ahal izan du eboluzioan zehar CDK proteina ez dela aldatu eta beste proteina batzuetan aldaketa kimikoak eraginez, parte hartzen duela zelula-zikloan.

Timothy Hunt-ek ere Londresko Imperial Cancer Research-en dihardu lanean. Hunt-ek CDK proteinaren zeregina erregulatzen duten ziklinak aurkitu ditu. Britainiarrak erakutsi duenez, zelula-zatiketa bakoitzean ziklinak degradatu egiten dira, eta horrek garrantzi handia du zelula-zikloa kontrolatzeko

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia