}

Medikalizazioa: gaixotasuna ekidin ala eragin?

2010/02/01 Mariñelarena, Eulali - Familia-medikua | Balagué, Laura - Erizaina | Idarreta, Ina - Familia-medikua Iturria: Elhuyar aldizkaria

Medikalizazioa edozein arazo arrunt arazo mediko edo gaixotasun bihurtzeari deritzogu. Orain dela mende laurden bat azaldu zen lehenengoz hitz hori osasungintzako eztabaidetan, Foucault, Navarro, Mendelsohn eta Skrabanen testuetan, eta, batez ere, Illichek Medical nemesis liburua argitaratu zuenean. Alerta ugari piztu da osasun-munduan, eta baita hartatik kanpo ere. Medikalizazioarekin, gero eta gehiagotan bihurtzen ditugu eritasun bizitzaren gertakizun naturalak.
Medikalizazioa: gaixotasuna ekidin ala eragin?
2010/02/01 | Mariñelarena, Eulali; Balagué, Laura; Idarreta, Ina | Familia-medikua; erizaina; familia-medikua
(Argazkia: © Sebastian Duda/123RF.com)

Gaixotasunaren definizioa labainkorra eta aldakorra da, alderdi soziokulturalen eta ekonomiaren eta zientziaren garapenaren arabera. Gaur egun, osasuna, eskubidetzat baino gehiago, kontsumorako gaitzat hartzen da.

2002an, British Medical Journal aldizkariak, irakurleen artean egin zuen bozketa baten emaitzetan oinarrituta, "gaixotasun ez direnen zerrendako lehen hogeiak" argitaratu zituen, ohiko mediku-kontsulten arrazoien artean aukeratuta; eta, beste batzuen artean, aspertzea, itsustasuna eta burusoiltasuna azaldu ziren gaixotasun gisa.

R. Moynihan-ek, Plos Medicine ren Disease Mongering sailean, bost atalen bidez egin zuen medikalizazioaren eta eritasunen asmakizunen arteko lotura:

· Bizitzako gertakizun naturalak arazo mediko bihurtzea (haurdunaldia, menopausia, heriotza...)

· Arazo pertsonalak edo sozialak arazo mediko bilakatzea (lotsa fobia sozialarekin lotzea, adibidez)

· Sintomen maiztasunari gehiegizko garrantzia ematea (erekzio-ahulezia, andropausia...)

· Sintoma arinei gehiegizko garrantzia ematea (heste suminkorra...)

· Arriskua gaixotasun bihurtzea.

Azken horrek garrantzi berezia hartzen du medikalizazioa azaltzeko garaian. Arriskua, hau da, arrisku-faktore baten eta gaixotasunaren arteko lotura estatistiko hutsa, gaixotasun aurrekotzat hartzen da. Horren ondorioz, osasuntsu dauden herritarrei zuzendutako ekintza prebentiboak erruz zabaldu dira, eta gizartean ongi errotu da "badaezpada hobe aurrea hartzea" leloa. Gaitzak hain modu zabalean ulertzeak diagnosiaren armiarma-sarean gero eta pertsona osasuntsu gehiago harrapatzea dakar, eta horrek interbentzioak areagotzen ditu.

Hori guztia frogatzeko, adibide ugari dago: batetik, menopausiarako hormonen bidezko tratamenduak eta osteoporosia saihesteko edo kolesterola gutxitzeko ohituraz erabiltzen diren botikak; eta, bestetik, diagnosi- eta behaketa-prozesuetan gehiegizko probak erabiltzea. Azken horren adibide moduan, PSA proba egitea esate baterako, prostatako minbiziak eragindako hilkortasuna gutxitzen duenik erakutsi ez badu ere.

Interbentzionismo horrek, aurretik ezagunak diren hiru mailetako prebentzioez gain, laugarren mailako prebentzioaren kontzeptua sortarazi du, osasun-sistemak berak eragiten dituen kontrako ondorioetatik babestearren erabiltzaileak.

Protagonistak

Medikalizazioak protagonista ugari ditu. Farmazia-industria da bat. Industria horren helburu nagusietako bat da ahalik eta etekinik handienak lortzea, eta, kontuan izanik munduan botikak ordaintzeko aukera duten gaixoen kopurua txiki samarra dela, osasuntsu daudenei zuzentzen die marketina, arreta behar dutela sentiaraziz. Horren ondorioz, prebentziorako botiken merkatua hazten ari da. Helburu hori betetze aldera, industriak iritzi-liderrak inplikatzen ditu (zientzia-elkarteak, pazienteen elkarteak, hedabideak), teorian "ezeren truke".

Gobernuek eta osasun-politikek ere zeresan handia dute. Osasun-administrazioaren eginkizuna da gaixoen behar terapeutikoei antzematea, eta horri dagozkion politikak definitzea eta lider izatea; baina, sarri, berrikuntza teknologikoen edo presio-taldeen interesen defentsaren baitan dagoen sistema gisa azaltzen zaigu, eta, batzuetan, joera dute kalteen eta onuren arteko oreka garbia erakutsi ez duten interbentzioak onartzeko.

Komunikabideei dagokienez, berriz, esan gabe doa osasunari buruzko berriak ederki saltzen direla. Baina deigarriagoak izan daitezen sintomak eta ekintzak areagotzeko joera izaten dute, oinarrizko neurri osasuntsuak sustatzeari indarra kenduta.

Osasun-arloko profesionalak, jakina, funtsezko zutabea dira, industriaren helburu ukaezina. Medikalizazioaren eragileak, kontzienteak edo inkontzienteak, eta baita biktimak ere. Neurri handi batean, berrikuntzak eta interbentzioak areagotzearen arduradunak.

Azkenik, ezin ahaztu bezeroak edo erabiltzaileak. Informazioa erruz duen erabiltzaile-profil berriaren aurrean gaude, eta horrek alderdi onak nahiz arriskuak ditu. Izan ere, erabiltzaileak jasotzen duen informazioa ez da neutroa, eta presio-taldeek beren produktuak sartzeko foro ezin hobea da. Gaur egungo kontsumoaren aldeko kultura horrek naturaltasunez, batzuetan, eta pozez edo irrikaz, besteetan, entzuten ditu farmazia-industriak zabaldutako mezu asko, ia prozesu guztietarako botikak direla irtenbidea sinetsaraziz.

Bukatzeko, esan genezake ez duela ematen bide egokitik goazenik, eta, beraz, hausnartu beharko genukeela eredu hau sozialki edo ekonomikoki jasangarria den. Eragile guztiok dugu erantzukizunen bat. Administrazioak autonomia, erabakiak hartzeko gaitasuna eta gutxieneko arriskua onartzea bultzatzen duen politika jorratu beharko luke, medikalizazio-kontuak ezabatuz edo gutxituz. Komunikabideek ere lan positiboa egin dezakete osasun-heziketan, nork bere burua zaintzeko neurriak eta zerbitzuen erabilera egokiaren aldeko mezuak hedatuz. Profesionalok, berriz, Gervas medikuak dioen moduan, kalitaterik handiena eskaini beharko genuke, interbentzio txikienarekin eta gaixoengandik ahalik eta gertuen. Zeregin horretan, lagungarriak izan daitezke ebidentzian oinarritutako metodoa erabiltzea eta medikuntza praktikatzea pazientearen parte-hartzea kontuan hartuz. Erabiltzaileei dagokienez, berreskuratu egin beharko lukete osasuna/gaixotasuna binomioaren ardura, ikasi ziurgabetasuna onartzen eta onartu medikuntzak eta teknologiak ez dutela gaitasunik arazo guztiak konpontzeko.

Azken hausnarketarako, Skrabenek esandako esaldia:

"Biziera bera, izan, eritasun hiltzailea da. Sexu bidez kutsatzen da, osoki baliatzen eta ustiatzen ikasi behar da, eta, horretarako, zentzuz jakin behar da arriskuen artean jasangarriak eta jasangaitzak neurtzen eta hautatzen".

Mariñelarena, Eulali; Balagué, Laura; Idarreta, Ina
2
261
2010
2
025
Osasuna; Medikuntza
Analisia
54

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia