}

Mauna Loa esnatzen ari da

2002/10/15 Elhuyar Zientzia

Mauna Loa, Hawaii uharteetako eta munduko sumendirik handiena, esnatzen ari da ia 20 urte lo eman eta gero. Mauna Loaren azken erupzioa 1984an gertatu zen; orduan hiru astez bortizki isuri zuen laba, eta laba-ibaiak Hilo hiritik 6 kilometrora heldu ziren.

Mauna Loa sumendia oso suntsigarritzat jotzen da, denbora gutxian laba asko jaurtitzeko gai delako eta han sortutako laba-ibaiak azkar eta urrun mugitzen direlako. 1950ean, ezagutzen den erupzio okerrena gertatu zenean, laba-ibaiak itsasoraino heldu ziren 7,5 kilometro orduko abiaduran. Jarduera handiko sumendia da, gainera; 1843tik 33 alditan izan ditu erupzioak.

Mauna Loa eta Hawaii-ko beste sumendiak gertutik zelatatzen dituzte Hawaii-ko Sumendi Behatokiko ikertzaileek. Eta, haien esanetan, Mauna Loa esnatzen ari da. 1984an hasi eta hamar urtez, tontorreko galdararen gainazalak inflazio-periodo bat jasan zuen, eta azken zortzi urtean, berriz, deflazio-periodo bat. Baina joan den maiatzaren 12an, periodoa bortizki amaitu zen, eta, geroztik, tontorreko gainazala puztu eta hondoratzen ari da. Horrek azpian laba pilatzen ari dela esan nahi du eta, beraz, erupzioa gerta daitekeela. Ikertzaileek ez dakite, ordea, noiz, hori iragartzeko eredu egokirik ez baita oraindik garatu.

Mauna Loan aldaketa gertatu zen egun berean, maiatzaren 12an, Kilauea bizilaguna laba isurtzen hasi zen. Geologoek ez dute uste bat etortzea zorizkoa izan zenik; alderantziz, gertakari horrek bi magma sistemak elkarri lotuta daudela frogatzen duela pentsatzen dute.

Galdarako gainazalak gora edo behera egiten duen bertan kokatutako GPS detektagailuen bidez neurtzen dute. Eta, haien bidez, hasi berri den prozesuaren jarraipen osoa egin ahalko dutela espero dute ikertzaileek. Hala, Mauna Loaren erupzioari hasieratik amaieraraino jarraitzen zaion lehen aldia izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia