Matematika gizarteratze premia
2000/01/01 Duoandikoetxea Zuazo, Javier - EHUko matematika irakaslea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Harritu egingo zen bat baino gehiago Matematikaren urtea ospatu behar zela entzutean. Badirudi nazioarteko izendapen hauek egiten direnean egoera latz bat jendaurrean adierazi behar dela edo gizarteari oharkabean pasatzen zaizkion arazoak begien bistan jarri behar zaizkiola. Ba ote du honek guztiak zer ikusirik Matematikaren gaurko egoerarekin? Matematikarien Nazioarteko Elkarteak baietz uste zuen urte berezirako deia egin zuenean eta ofiziokoei dagokigu orain ospakizuna edukiz betetzea mundu osoan antolatuko diren ekintzetan.
Matematikaren presentzia ezkutua erakutsi behar dugu. Zergatik diot ezkutua? Gaur egungo bizimodua teknologiak betetzen duela ez du inork ukatzen, nahikoa da ingurura begiratzea. Baina zenbat jende ohartzen da teknologia horren oinarrian Matematika dagoela? Gaurko zientziaren maila pentsa ezinezkoa izango litzateke Matematikak lagundu ez balio eta, hala ere, aurkikuntza eta garapenaren aitorpena egiteko orduan fisikariak, ingeniariak, biologoak darama ohorea, Matematikaren ekarpena ezkutuan utzirik. Mikroskopio elektronikoa asmatzea bezain garrantzizkoa izan daiteke egitura eta tresna matematikoen garapena, batzuetan helburu praktiko bati erantzuteko etorria, beste batzuetan matematikarien jakinminak eta ulertzerko beharrak landu eta gero aplikazioetarako egokitua. Hau da luzatu gura dugun lehenengo mezua.
Penaz ikusten dut erabiltzaile diren profesional horiek ere behin baino gehiagotan Matematikaren garrantziaz ez jabetzea. Nekez uler daiteke bestela ikasketa-plan berriak egiterakoan irakasgai bereziek hartu duten pisua oinarrizko formazioaren kaltetan. Hain zuzen, oinarrizko edukien artean ikusten dugu Matematikaren lekua karrera zientifiko-teknikoetan eta kendu zaizkion orduak faltan izango ditu aurrerantzean erabiltzaileak. Beste herrialde batzuetan trebakuntza matematiko sendoari ematen zaion garrantzia beharko genuke hemen eta orain.
Gaur egun irakurtzen eta idazten ez dakiena lotsagarri gelditzen den bitartean, kalkulu elementalak egiten ez dakien jendea lasai asko dabil eta ez bakarrik eskola gutxi hartu dutenen artean, kultura handikotzat jotzen ditugun horien artean ere bai. Eta gaitzerdi hauetariko batek ez badu harro aldarrikatzen zientziaz duen jakinduriarik eza, hori meritu bailitzan. Honen ildotik dator nire hirugarren mezua: eskolak eman behar ditu prestakuntza horren oinarriak, gaia irakatsiz alde batetik eta dagokion garrantzia aitortuz bestetik, eta bistan da gaur egun ez dituela eginkizun hauek betetzen. Kezka nagusia da ofiziokoen artean lehen eta bigarren mailako irakaskuntzan Matematikaren mailak jasan duen beherapena. Ordu eta eduki gutxiago, zehaztasun falta (non eta Matematikan!), eskakizun-maila txikia eta, gainera, hezkuntza-sistemak oro har dituen akatsak, Unibertsitatera datozen ikasleen ezagutzak nabarmen behera egin du, Matematikan behintzat. Ikasle guztietan onenak datozela pentsatzen badugu, zein izango da bidean gelditu direnen ondasuna!
Ez dakit gauza izango garen gizartearen aurrean gure mezuak eta kezkak zabaltzeko. Urtebeteko epea dugu ekiteko.
Javier Duoandikoetxea
Matematikan doktorea
eta EHUko irakaslea
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia