}

Marteko esplorazioa biren kontua zenean

1999/09/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mars Observer.
NASA

Lankidetza-kontuak nagusitu diren arte, Marteren eta Lurraren artean dagoen distantzia gainditzea Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren banakako ahaleginen helburua izan da. Abentura bera 1960. urtean hasi zen, sobietarrek Mars Probe izeneko espazio-ontziak bidaltzearekin, baina Marteko orbitan sartu zen lehena Estatu Batuetako Mariner 4a izan zen. Ordutik, Martera iristeko hainbat saio egin izan dira, asko okerrak, eta banaka batzuk ondo irten direnak. Hona hemen nabarmenenak:

  • Mariner 4 zunda: Estatu Batuek 1964ko azaroaren 28an espaziora jaurti zuten eta Marteko orbitara 1965eko uztailaren 14an iritsi zen, Marteko azaletik 9.920 kilometrora. Kraterrez betetako planeta erakusteaz gain, gehienbat karbono dioxidoz osatutako atmosfera zegoela baieztatu zuen, eta planeta gorrian eremu-magnetiko txikia detektatu zuen.

  • Mariner 6 eta Mariner 7 zundak: 1969ko otsailean eta martxoan. Marteko ekuatorerantz eta Hego polorantz bidali ziren. Biak Marteko azaletik 3.500 kilometro ingurura pasatu ziren.

  • Mars 3 zunda: 1971ko maiatzaren 28an Lurretik abiatu eta urte bereko abenduaren 2an Martera bertara iritsi zen. Beraz, planeta gorrira gizakiak bidalitako zerbait lehenengo iristearen ohorea Sobietar Batasunari dagokio. Marten lurra hartu bezain pronto telebista-irudiak bidaltzen hasi zen, baina 20 segundora emisioa eten egin zen. Dena den, tenperaturei buruzko datuak jaso ahal izan ziren.
  • Mariner 9.
    NASA
    Mariner 9 zunda: 1971ko maiatzaren 30ean bidali zuten Marterantz eta azaroaren 24an orbitan jarri zen.Estatubatuarren espedizio honek izugarri argazki on ugari lortu zituen, bai Martekoak bertakoak, eta baita Fobos eta Demos Marteko sateliteenak ere.

  • Mars 4, Mars 5, eta Mars 6 zundak: Sobietarrek 1973. urtean jaurti zituzten Marterantz. Orbitara iristea lortu zuten, baina gero galdu egin ziren.
  • Viking 1 eta Viking 2 zundak: NASAk 1975. urtean Martera bidali zituen eta hurrengo urteko ekainean eta uztailean iritsi ziren planeta gorrira. Lurrera irudi ugari bidaltzeaz gain, Marteko lurzoruaren azterketak egin zituzten bizitzarik ba ote zegoen edo ez zegoen ikusteko, mikroorganismoen eta uraren bila aritu ziren. Bi zunda orbitan geratu ziren eta beste bik Marteko lurzorua zapaldu zuten, batek Utopia izeneko lautadan eta besteak Marteko mendebaldean. Laurogeigarreneko hamarkadako lehen urteetan Marten zeuden zundekiko komunikazioa eten egin zen.
  • Fobos 1 eta Fobos 2: 1988. urtean sobietarrek bidali zituzten Phobos-erantz baina ez ziren —hainbat arrazoi zirela medio— Marteko orbitatik haratago joan. Lehen zundarekin dena ondo zihoan softwarearekin arazoak sortu ziren arte; bigarrenarekin ere, dena primeran zihoan, baina 1989ko martxoaren 27an, satelitetik 50 bat metrora jarrita zeukatela, lur orotarako ibilgailua askatzeko prest, kontaktua galdu egin zen.
  • Mariner 6.
    NASA
    Mars Observer zunda: 1992ko irailaren 25ean Marterantz bidali zen. 1993ko abuztuaren 21ean orbitan sartzera zihoala, komunikazioa galdu egin zen. Mars Observer zunda galtzeak espazioko abenturan estilo-aldaketa ekarri zuen. Espedizio hori izugarri handia zen, esperimentu ugari egiteko asmoa zegoen, sentsore piloa zundan, irudiak hartzeko kamera asko,tresneria aurreratuena eta abar. Baina guztia galdu egin zen. Porrota ikusita filosofiaren aldaketa etorri zen, handik aurrerako misioak ez ziren hain handiak izango, helburuak zehatzagoak izango zituzten; beraz, espedizioak merkeagoak eta aldi berean azkarragoak izango ziren. Aro berria iritsia zen espazioaren konkistara.

Marte zenbakitan

  • Viking.
    NASA
    Ekuatore-diametroa 6.794 km (Lurrarena 0,533 aldiz)
  • Masa (Lurraren masarekiko) 0,107
  • Batez besteko dentsitatea 3,93 g/cm3
  • Grabitatearen azelerazioa ekuatorea 0,38 aldiz Lurrarena
  • Errotazio-periodoa 24 ordu, 37 minutu, 23 segundo
  • Orbita-periodoa 686,98 egun
  • Ekuatorearen inklinazioa orbitarekiko 24°
  • Orbitaren eszentrikotasuna 0,093
  • Eguzkirainoko batez besteko distantzia 227.940.000 km
  • Eguzkirainoko gehienezko distantzia 249.000.000 km
  • Eguzkiraino gutxienezko distantzia 207.000.000 km
  • Mariner 4.
    NASA
    Lurrerainoko gehienezko distantzia 400.000.000 km
  • Lurrerainoko gutxienezko distantzia56.000.000 km
  • Tenperatura txikiena azalean -140 °C
  • Tenperatura altuena azalean 20 °C
  • Batez besteko azaleko tenperatura 63 °C

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia