}

Marrazoak bezain azkarrak

2004/09/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Listo, bukatu dira Olinpiadak. Hala ere, Jokoen oihartzunak oraindik pixka batean iraungo du. Beti bezala, eztabaidak egongo dira dopingaren gainean, eta materialek, dietak, entrenamenduek duten eraginari buruz ariko dira. Adibidez, materialetan izandako aurrerapenak hainbeste eragiten du? Igeriketan, zehazki, zenbateko abantaila ematen du marrazo-azalarekin igeri egiteak? Batzuen ustez, batere ez; marketin-kontua besterik ez da.
Belaontzien kroskoei ere eman izan zaie marrazo-azalaren itxura, azkarrago ibil daitezen.

2000. urtea, Sydneyko Olinpiadak. Azken unean Nazioarteko Batzorde Olinpikoak baietz erabaki du, igerilariek marrazo-azaleko bainu-jantziak eraman ditzaketela. Australiako igerilariek berehala erabaki behar dute betiko bainu-jantziekin egin igeri ala berriak eraman soinean. Itxuraz, berriekin segundo batzuk irabaz ditzakete. Eta Joko haietako igerilari azkarrenak berrien alde egin zuen apustu. Benetako marrazoa zirudien.

Aurtengo Joko Olinpikoetan, zenbait igerilarik ez dute aukeratzerik izan. Michael Phelps, Inge De Bruijn, Grant Hackett, Amanda Beard eta beste hainbat behartuta zeuden Fatskin bainu-jantziak eramatera. Hain zuen ere, Fatskin izena eman dio Speedo etxeak marrazo-azalean oinarrituta egin duen bainu-jantziari.

Speedo igerilari horien babeslea da; esaterako, Michael Phelpsek Mark Spitzen marka berdintzen bazuen, Speedok milioi bat dolar emango ziola agindu zuen. Azkenean, Phelps ez da Spitzen mailara iritsi; beraz, Speedok ez du milioi hori poltsikotik atera beharrik izan. Hala ere, seguruenik nahiagoko zuen diru hori galtzea, askoz ere gehiago irabaziko zukeelako txapeldunari esker lortutako publizitatearekin.

Hain juxtu, horixe leporatzen diote zientzialari batzuek Speedori, dena marketin-kontua dela, alegia. Haien ustez, Speedok egindako ikerketak ez dira guztiz zuzenak, eta zientzia aitzakia baino ez da salmentak handitzeko.

Marrazoa eredutzat hartuta

Marrazoak bere larruazalari zor dio hain azkarra izatea, neurri batean behintzat.

Nolanahi ere, Speedok ikerketa ugari egin ditu bainu-jantzientzako material egokiena diseinatzeko, eta azkenaldian marrazoetan jarri du arreta. Alabaina, ez dira ez bakarrak ez lehenak marrazoak eredutzat hartzen.

Marrazoaren larruazala ez da leuna, zimurdura txiki batzuk ditu, eta horri esker lortzen du urak ukitzen duen azalera txikitzea. Gainera, muturrean zimurdura horiek handiagoak dira atzealdean baino; hartara, turbulentzia txikiagoa da.

Bada, 1987ko Amerikako Kopa irabazi zuen belaontziaren kroskoak testura berezia zuen. Hain juxtu, marrazo-azalaren testura imitatuz egin zuten. Besteekiko abantaila nabarmena zeukala ikusita, ordea, handik aurrera debekatu egin zuten testura hori erabiltzea.

Speedoren argudioak

Ez da harritzekoa, beraz, Speedok ere marrazoak aintzat hartzea. Marrazoan oinarrituta egin du Fastskin bainu-jantzia. Bainu-jantzi horrekin erresistentzia pasiboa % 4 gutxitzen omen da gizonezkoetan, eta % 3 emakumezkoetan. Izan ere, aldakek eta titiek handitu egiten dute erresistentzia, eta horregatik dago alde hori bi sexuen artean.

Inge De Bruijn eta Grant Hackett Speedoren eskutik, benetako marrazo-itxurarekin.

Bi motatako erresistentzia txikitzeko daude diseinatuta bainu-jantziak, larruazalaren marruskadura, batetik, eta presio-erresistentzia, bestetik. Larruazalaren marruskadura gutxitzeko, gakoa zimurdurak neurri egokiarekin egitea da. Behar baino handiagoak ala txikiagoak badira, urak ‘haranak’ betetzen ditu; ondorioz, sortzen den azalera bainu-jantzi arrunt batena baino handiagoa da.

Bestetik, presio-erresistentzia dago. Ura bekainetatik, bularretatik, belaunetatik eta itxura irregularra duten beste zatietatik pasatzen denean, berehala kentzen da larruazaletik, eta horrek xurgatze-efektua sortzen du. Xurgatze hori gutxitzeko, hainbat tokitan zulatuta dago Fastskin, golf-pilota baten moduan. Hala, bainu-jantziak urari eusten dio, eta etenik gabeko ur-geruza bat eratzen du gorputz osoan.

Ordenagailu bidez, fluidoen dinamika aztertu dute igerilekuan, bai manikiak bai igerilariak erabilita. Manikiek datuak bidaltzen dituzte uretatik ordenagailura, eta hala jakin dute zenbaterainoko marruskadura sortzen den toki bakoitzean. Informazio hori kontuan hartuta, Fastskin bainu-jantzian bi testuratako ehunak erabili dituzte. Milaka proba egin eta gero, Speedokoek ez dute zalantzarik: marrazo-azala imitatzen duen bainu-jantziak igerian azkarrago egiten laguntzen du.

Zientzialarien zalantzak

Hala eta guztiz ere, zientzialari batzuk ez daude ados. Sports Biomechanics aldizkarian iaz argitaratutako ikerketa baten arabera, Fastskin bainu-jantziak ez du erresistentzia gutxitzen. Ikerketa hainbat igerilarirekin egin zuten, batzuek bainu-jantzi arrunta zeramaten eta beste batzuek marrazo-azalaren itxurakoa. Eta ez zuten alderik nabaritu.

Horretaz gain, zientzialari eszeptikoen ustean, itsasontzi baten inguruko fluxuak ez du zerikusirik igerilari batenarekin, eta are gutxiago abiadurak. Gizon-emakumeek har dezaketen gehienezko abiadura orduko 7 km ingurukoa da, hau da, itsasontzi edo marrazo baten laurdena gutxi gorabehera. Hortaz, marrazoarentzako lagungarria den testura batek alderantzizko eragina izan dezake gizakian.

Kontuak kontu, punta-puntako igerilari baten adierazpenak aintzat hartuz gero, agian merezi du horrelako bainu-jantzia erabiltzea. Haren hitzetan, "jantzi horien onena alderdi psikologikoa da. Bainu-jantziak igeri azkarrago eginarazten badu teorian, azkenean batek azkarrago egiten du igeri".

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia