}

Marmokaren ikusmen lausoa

2005/05/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Begiak ote dituzte marmokek? Jende askok ez luke jakingo erantzuten; izan ere, marmokaren bat inguratzen zaigunean, lehenbailehen alde egiten saiatzen gara, begiak dituzten ala ez aztertzen hasi gabe. Dena dela, itsasertzean hondar gainean baten bat ikusteko aukera izan duenak ezetz erantzungo luke seguru asko.

Bada, orain ikertzaileek ikusi dute baietz, marmoka batzuek badituztela begiak, eta ez nolanahikoak. Marmokek ez dute garunik, nerbio-eraztun bat besterik ez dute. Beraz, ez dute gure begien modukoek jasotzen duten informazio guztia prozesatzeko egiturarik. Horrek ez du esan nahi, ordea, ez dutenik ezer ikusten.

Karibeko uretan bizi den Tripedalia cytosphora marmokak, esaterako, ikusmen lausoa du, baina nahikoa da nahi duen tokira igerian joan ahal izateko. Marmoka gehienak ez dira janari bila mugitzen; urak berak mugitzen ditu alde batetik bestera, eta parean egokitzen zaizkien elikagaiak hartzen dituzte, besterik gabe. Marmoka horrek, aldiz, ehizatu egiten du.

Marmoka ehiztariak lau izkina ditu, eta izkina bakoitzean ikusten laguntzen dion sistema bana. Sistemaren barruan lau begi eta bi lente daude. Begi horiek benetan sinpleak dira, pigmentuz betetako puntu soilak. Horrekin, argia jasotzen du, eta, horri esker, inguruan dituen egitura handienak hautemateko aukera du. Hortaz, elikagai bila doanean, nondik nora dabilen jakiteko gai da marmoka.