}

Marmokaren argia harrapatuta

2002/07/16 Elhuyar Zientzia

Biolumineszentzia, berezko argia sortzeko gaitasuna, oso animalia gutxik duten ezaugarri berezia da. Animalia horietan ezagunenetarikoa Aequorea victoria marmoka da. Ozeanoetako hondoan bizi den animalia hori GFP deritzon proteina fluoreszentea ekoizteko gai da.

Proteina oso interesgarria da zientzialarientzat, saiakuntza askotarako oso baliagarria delako: zeluletan gertatzen diren erreakzio kimikoen nondik norakoak jakiteko erabil daiteke, adibidez, proteina fluoreszentea. Horretarako, proteina zientzialariari interesatzen zaion molekulara atxikiko da eta kanpotik datorren argia xurgatzean fluoreszentzia igorriko du. Horrela, ikusi nahi zuen molekula begi-bistan izango du zientzialariak.

Alabaina, proteinak ez du oso fluoreszentzia indartsua igortzen, eta oso iraupen mugatua du. Hori hobetzearren, proteina ekoizten duen marmokaren genea klonatu eta aldatu egin du Britainia Handiko zientzialari-talde batek.

Lortu duten proteina berria jatorrizkoa baino 100 aldiz argitsuagoa da, eta nahikoa da behin argitan izatea fluoreszentziak egunetan iraun dezan. Diotenez, proteina degradatu arte igortzen du fluoreszentzia, eta, beraz, oso egokia da zelulan gertatzen diren erreakzio kimiko luzeen jarraipena egiteko.

Proteina berria ekoiztea lortu duten zientzialarien esanean, oraindik ez dakite proteina horren erabilera guztiak zein izan daitezkeen, baina aukerak infinituak dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia