}

MARATOIA: lasterketarik herrikoiena

1996/10/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Inor haserretu baino lehen, ohar-pare bat. Esan dezadan, bada, izenburuan agertzen den esamoldea tituluak berak eskatzen duen luze-laburrak (laburrak gehiago luzeak baino) behartuta moldatu dudala, ez bainago oso seguru lasterketarik herrikoiena Maratoia denik, Gipuzkoan bederen; izan ere, Donostian bertan Fortuna taldeak antolatzen duen Behobia-Donostia lasterketak maratoiak baino jende gehiago biltzen du urtez urte.

Baina, tira, egun batzuk barru korritzekoa den Maratoiak (Donostian ospatzen den XIX.a,) gaurko lantxo hau prestatzeko aitzakia eman dit eta barkatuko didazue lasterketa guztietan luzeena den proba hori izatea nire ihardueraren ardatza. Donostiako maratoia munduan zehar egiten diren gisa horretako lasterketa ugariren artean bat gehiago da, bere ezaugarri propioak baditu ere (korritzeko leku aproposagorik nekez aurkituko duzu!).

Bertan ibilitakoek ongi dakite proba bukatze soila badela nahikoa meritu. Kronometroaren kontra borrokatze hori langintza gogorra da, benetan, eta bukatze hutsak helmugara iriste hutsagatik irabaztea dakar, lehenarentzat bezala, gainerakoentzat ere.

Donostia, 1979

Gaur egun maratoia egiten dutenek ongi dakiten bezala, gozatzeko (hori esaterik baldin badago, behintzat) prestaketa egokia ezinbestekoa da. Neurri horretako esfortzu bati ekin aurretik kirol-medikuntzako espezialista bati bisitatxoa egitea ia derrigorrezkoa da. Medikuak, osasun-egoera orokorra baloratzeaz gain, aurreneko entrenamenduetako batezbesteko bihotz-erritmoari buruzko aholkuak eta ahaleginik handienean bihotzak jasan ditzakeen taupaden muga emango dizkigu.

Horrez gain, ez da ahaztu behar maila honetako lasterketa bat egiteak bizimoduari ere eragiten diola zuzenean: tabakoa eta alkohola debekaturik daude, noski, eta egunero sei-zortzi orduko atsedena hartzea komeni da. Nutrizioak ez du zertan berezia izan behar, punta-puntakoa ez den korrikalariarentzat bederen, baina janarian karbohidrato errefinatuak gutxi, frutak, barazkiak, zuntza eta ura ugari sartzea gomendatzen da, koipeak, gozoak eta edari karbonatuak saihestuz, ahal den neurrian.

Prestakeraren lehen urratsak

Lehen entremamenduak bereziak izaten dira, baina oso garrantzitsuak. Ez kezkatu kilometro-pare bat besterik ez baduzu egiten. Gorputza ongi baldin badago, kilometroak pilatuz joateko gauza izango da, poliki-poliki bada ere, maratoia bukatzeko beharrezkoa den erresistentzia lortu arte. Hortik aurrera, norberak bilatuko du bere progresioaren erritmoa, bere kirol-gaitasunaren, adinaren eta muskulu-zuntzen motaren arabera.

Kilometroak pilatzen lehenbailehen hastea komeni da. Ia konturatu gabe, hilabete batzuetan entrenatuz aritu ondoren eta gutxienez 500 kilometro egin eta gero (zapatila batzuk apurtuko zenituen ordurako), prest egongo zara ereindakoaren fruituak jasotzeko. Lasai egoteko ordua da. Honaino iritsi bazara, dena ondo doa. Eta ez ahaztu lasterketa bukatzeko konfiantza edukitzea funtsezkoa dela probari aurre egin ahal izateko.

Azken asteko entrenamenduak aurreikusitako martxari jarraituz egingo dituzu, azken orduko “balentriarik” gabe. Ez lukete saio gogorregiak izan behar, bai ordea luzeak, 20 bat kilometrora iritsiz, proba baino bost egun lehenagora arte. Hortik aurrera, gauzarik zuhurrena muskulua zaintzea da, bizpahiru egunean ordubetez edo ordu eta erdiz trostan eginez. Azken zazpi egunetan elikadura berezi samarra izango da, errefinatu gabeko karbohidratoetan aberatsa (makarroia, espagetiak, etab.).

Bestalde, arropari ere ongi begiratu behar zaio eta noski, zapatilak dira garrantzitsuenak. Jakina denez, lasterketak ez dira esperimentuak egiteko unerik egokienak eta beraz, zapatilak egun horretan estreinatzea hanka sartze galanta da. Zapatilak ongi ezagutu behar dituzu lasterketaren aurretik; egonkorrak izango dira (arintasuna bigarren mailako ezaugarritzat hartuko dugu hemen), ia nabaritu ere egin gabe oinera ongi egokitzen edo moldatzen direnak eta zola gastatu gabekoak, babarik egin ez dezaten. Aholku bat: oineko behatz lodiaren puntaren eta zapatilaren artean, zentimetro erdiko tartea egotea komeni da.

Eta noski, entrenatzen aritu garen bitartean, bi astetik behin edo zapatilak garbitzea komeni da, bertan pilatzen den izerdia kendu eta malgutasuna gal ez dadin. Eta zapatilez arduratu ondoren, arropari ere kasu egingo diozu. Galtzetinak, galtza eta elastikoa kolore argikoak izango dira, zuriak aukeran, eta ehun naturalez egindakoak, kotoizkoak, esate baterako. Galtzetinei dagokienez, joskurarik gabekoak aukera itzazu; hainbeste kilometro egin behar denean, huskeria dirudienak lasterketa bertan behera uztea ere ekar dezake eta.

Badator eguna

Proba bukatze soila nahikoa meritu da. Kronometroaren eta norberaren kontra egiten dute korrika eta bukatze hutsak irabaztea dakar. Donostia, 1978.
J. Marin

Lasterketa baino bi egun lehenago, ostiralean normalean, atseden hartzea gomendatzen da, larunbat gauean urduri samar egongo baitzara. Larunbatean, edo lasterketa-bezperan, bizimodu lasaia egin ezazu, ordura arteko esfortzu guztiak pikotara bidaliko dituen istripu tontorik gerta ez dadin. Gaueko afarian pasta jan, eguerdian bezalaxe, baina neurrian, atsedena behar bezala hartu ahal izateko.

Iritsi da lasterketaren eguna. Maratoia hasi baino hiru ordu lehenago, aupa!, jaiki ohetik. Dutxa bat, ez bainua, gorputza “esnatzeko”, tonuan jartzen hasteko, eta gosaltzera. Ez azukrerik, ezta esnerik ere, indigestioak gerta daitezke eta (nolanahi ere, aholku orokorrek baino balio handiagoa du norberaren eskarmentuak, hau da, lehendik norberak probatutakoak). Zukuak, kafea, fruta eta zerealak egokiak dira egunari hasiera emateko. Hemendik aurrera eta irteteko agindua entzun arte, ura trago txikitan ugari hartuko duzu egarririk ez izateko. Eta kontuz gozoekin, horiexek baitira haize-min edo “bare” sentsazio beldurgarriaren erantzule nagusiak.

Lasterketa-puntuan zaudela, baselinaz ongi igurtzi galtzarbeak, izterren barruko aldea, bular-muturrak eta behatzak, batez ere bero egiten badu, horrela, zarramazkak saihestuko dituzu eta. Beroketari dagokionez, lehendik daukazun esperientziaren arabera egingo duzu, zure erritmora. Nolanahi ere, korrikan hasi baino lehen, zenbait muskulu tiratzea beharrezkoa da, berotzeko ariketen barne edo hortik at.

Tira, prest zaude jadanik abiatzeko. Irten aurretik, pixa egin ezazu; kontuz adrenalinarekin, neurririk gabeko euforiak mesede baino kalte gehiago ekarriko dizu eta. Hasieran, poliki abia zaitez, erritmo motel samarrean, zangokadak apur bat txikituz; kontuan har ezazu hobe dela lasterketaren bigarren zatia lehena baino azkarrago egitea. Probaren benetako zailtasuna 25. kilometrotik aurrera hasten da, gutxi gora-behera. Antolatzaileek zenbait gunetan eskainiko dizkizuten ura eta likidoak hartu, deshidratazioari eta karranpei aurre egiteko ongi etorriko baitzaizkizu.

Eta hortik aurrera, irakurle, zure indarra, gogoa eta ahalmena jarri beharko dituzu lanean. Zorte on eta, aldez aurretik, zorionak!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia