}

Manu Ortega: "Begian minik egiten ez duen zerbait marraztea da gakoa"

2012/01/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arte Ederrak ikasi zituen Salamancan eta Kassel-en, Alemanian. 1997tik ari da lanean ilustratzaile moduan. Testuliburu eta umeentzako liburu asko ilustratu ditu, eta multimediako esparrurako ere egin du lan. Euskal Herrian, adibidez, ELKAR eta Erein argitaletxeetarako lan egin du. Elhuyar aldizkariko irakurleek ere haren lana ezagutuko dute, aldizkariaren zenbaki guztietan "Istorioak" atalaren ilustrazioak egiten baititu.
manu-ortega-begian-minik-egiten-ez-duen-zerbait-ma
Manu Ortega. Bilbo, 1971. www.manu-ortega.com.
Zaila da zientzia ilustratzea?

Elhuyar aldizkarirako egiten dudan lana berezia da. Zientziari buruzkoa baino gehiago, zientziako pertsonei buruzkoa da. Pertsonaiak dira, eta, beraz, bildu behar den dokumentazioa gehienbat historikoa da. Zientziaren dokumentazioa sartu izan denean, adibidez, ezusteak izan dira. Esate baterako, Mendeleev-i buruzko artikulu bat ilustratzeko, pertsonaia marraztu nuen, eta, atzean, elementu kimikoen taula periodikoa. Gero zuzendu egin behar izan genuen ilustrazioa, hasieran taulan sartutako elementu batzuk artean ez zirelako ezagunak Mendeleev bizi izan zen garai hartan.

Zure lana bada ikusi ezin diren eszenak eta egoerak ilustratzea, denboran galduta geratu zirelako. Nola egiten diozu aurre lan horri?
Mendeleev-i buruzko artikulu baterako ilustrazioa. Arg. Manu Ortega

Zerbait koherentea sortzea da gakoa, begian minik egiten ez duen zerbait. Batzuetan, iragazi egin behar da gaiari buruz dauden aurreko ilustrazioen informazioa. Pertsonaia ospetsuak badira, ilustrazio faltsutu asko egongo dira. Baina neurri bateraino bakarrik. Koherentea izan behar du. Eta dokumentatu ezin diren gauzak erronka dira, ezin baitira kendu ilustraziotik, eta, aldi berean, zuzenak izan behar dute neurri batean, behintzat.

Antoni van Leeuvenhoek-i buruzko artikulua ilustratu zenuenean, Elhuyar aldizkariko 2011ko urtarrileko zenbakian, omenaldi bat egin zenion Vermeer margolariari; haren koadroak imitatzen dituen ilustrazio bat egin zenuen.

Bai. Batzuetan dokumentazioan galtzen naiz; irakurtzen hasi, irakurketak harrapatzen nau, eta ahaztu egiten dut ilustrazioa egin behar dudala (barreak). Kontua da hortik zehar badabilela hipotesi bat esaten duena Vermeerren modeloa izan zela Leeuvenhoek. Eta, beraz, nahiz eta artikuluan ez den Vermeer aipatzen, erabaki nuen haren koadroa imitatuko nuela ilustrazioan.

Antoni van Leeuvenhoek-i buruzko artikulu baterako ilustrazioa, Vermeerren koadro bat imitatzen duena. Arg. Manu Ortega

Batzuetan, lehen irakurketan jasotzen dena baino datu gehiago ematen ditut, eta harrapatzen duenarentzat hobeto; artelanek infinitu irakurketa dituzte. Ilustrazioak ez daude definituta ekuazio matematikoak bezainbeste; ezaugarri asko iradokitzen dituzte, eta aukerak zabaltzen dituzte.

Zure ustez, zergatik behar ditugu ilustrazioak ikusi ezin dena irudikatzeko, nahiz eta jakin kasu askotan ez direla zuzenak izango?

Arrazoi askorengatik. Didaktikagatik, adibidez; kontu bat ondo ulertzeko, azalpen-mota bat baino gehiago behar ditugu, eta horietako bat ilustrazioa da. Bestalde, irudiaren inperioan bizi gara, eta, irudirik ez badugu, faltan botatzen dugu. Erakargarriago egiten du, eta erosoago sentitzen gara irudi bat dagoenean. Askotan, han dagoen elementu bat da, taberna bateko hondoko musika bezala; beti ez diogu jaramonik egiten, baina han dago. Eta, gainera, ilustratzailearen interpretaziorako tokia izateak plus bat gehitzen dio, eta plus hori ere bada informazioa. Ilustrazioa zehaztasun handiz eginda badago, erabil dezakegun informazioa izango da. Kasuren batean gerta liteke ilustrazioak ikerketarako ate berriak irekitzea. Azken batean, datuak dira; ez dago ikerketaren kontzeptutik hain urruti.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia