Mantxako tunelaren argia
1995/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
50 kilometro baino luzeagoa den Mantxako tunelaren zerbitzu-tunelean (erdikoan) sistema elektrikoak eta segurtasunezkoak daude. Galeria honetan 2,5 m-ko altueran 9 metroro lanpara bat ipini da. Lanpara-kopuru horri tren-tunelekin lotzeko pasiloetan dauden lanparak gehituz, guztira 6.700 lanpara ateratzen dira.
Lanpara hauek, beraiek askatutako beroa, korrosioa eta tuneletan zirkulatzen duten trenek sortutako presioa jasan behar dituzte. Horretarako polikarbonatozko 10.000 lanpara harrobi batetik desmuntatzea pentsatu zen tunelean berriz erabili ahal izateko, baina Nazioarteko Segurtasun Batzordeak debekatu egin zuen tunelaren barnean plastikoak erabiltzea.
Irtenbidea beira bereziko tutuen fabrikatzaile batek eskaini zuen. Erabilitako beira borosilikatozkoa zen, beira-mota hau optika- zein sukalde-tresnerietan erabiltzen delarik. Lanpara zilindroerdi kanaldun itxurako modulua osatu behar izan da, beiraren barnean isladapen ona eta argi-banaketa egokia lortu ahal izateko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia