}

Mamutak gizakiak akabatu zituen

1992/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikerlari batek dioenez, Iparramerikan mamutak ehiztarien eraginez galdu omen ziren eta gauza bera gerta omen dakieke elefanteei. Ordenadore bat erabiliz, Cambridge-n dagoen arkeologi ikerketarako McDonald institutuko Steven Mithen-ek Harri Aroko ehiztarien kopurua maila kritiko bat baino handiagoa izan zenean Iparramerikako mamuten kopurua izugarri jaitsi zela frogatu du.

Zientzilariak aspaldidanik eztabaidan aritu dira mamutak galdu zituena ehiztarien eragina ala klima-aldaketaren eragina izan zen erabaki nahian. Zenbait ikerlarik dioenez, leku batzuetan bakarrik ehizatu ziren mamutak.

Iparramerikan mamutak ehizatu zirela gauza jakina da; geziak azaldu bait dira mamuten gorpuetan. Mamutak ezkutarazteko eragile nagusitzat ehiza hartzea gehiegikeria izan daiteke, besterik frogatzen ez den bitartean. Mithen-en asmoa, hori frogatzea izan da eta horretarako ordenadore batean ehizaren eragina eta Pleistozenoaren bukaeran gertatutako klima-aldaketaren eragina simulatu ditu.

Klimak mamuten kopuruari nola eragin zion jakiteko, Mithen-ek gaur egungo elefanteen populaziotik hartu ditu datuak. Hortaz, elefantea eta mamuta tamaina berekoak direla, antzeko gauzak jaten dituztela eta lehorteetan antzeko joerak dituztela hartu da kontutan.

Mithen-ek hipotesi desberdinak erabili zituen. Hiru hipotesi hauek, mamuten kopurua 25 milioi, 50 milioi eta 100 milioikoa zela ziren. Kontinentean, hasieran giza populazioa 100 pertsonakoa zela eta hazkundea ratio desberdinen arabera gertatu zela kontsideratu zuen. Hildako mamut-kopurua giza populazioaren hazkundearekiko proportzionala zela eta ehiza intentsiboen eraginez pertsonako eta urteko 0,01 eta 10 mamut hiltzen zirela ere kontsideratu zuen.

Parametro bakoitzarentzat Mithen-ek mamuten desagertze-aldia kalkulatu zuen.

Iparramerikan jendea azaldu eta mamutak handik 5.500 urtera desagertu zirela ezarri zuen. Batez ere giza populazioa 12 milioitik gorakoa izan zenean, hamarkada gutxi batzuetan ezkutatu ziren mamutak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia