Malaria transmititzen duen eltxoaren genoma agerian
2002/10/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Eltxoaren genoma ezagututa, estrategia berriak garatzeko bidea irekiko litzatekeela uste dute zientzialari askok. Esate baterako, horri esker jakin ahal izango litzateke nola aukeratzen duen eltxoak ostalaria, edo nola eten bizkarroiaren zikloa eltxoaren barnean.
Orain, lehenengo pausoa eman da. Hain zuzen, Science aldizkariak argitaratu berri du malaria kutsatzen duen Anopheles generoko espezie nagusiaren genoma, A. ganbiae eltxoarena. Gainera, malariarekin lotutako beste hainbat ikerketa ere plazaratu ditu. Guztira, beste bi ikerketaren artikulu gehigarriek, hamar iritzi-artikuluk, lau txostenek eta editorial batek laguntzen diote genomaren artikuluari. Horrekin batera,
Nature aldizkariak bizkarroiaren genomaren berri eman du, eta han ere beste informazio osagarri asko argitaratu dute.
Anopheles ganbiae-aren genoma
Eltxoaren genoma deskodetzeko lanetan, nazioarteko ikertzaile askok hartu dute parte. Haien buru Celera Genomics enpresako Robert A. Holt izan da, eta guztien artean lortu dute Anopheles gambiae eltxoaren genoma guztiz aztertzea. Horretarako, shotgun metodoa erabili dute; hau da, genomaren hainbat zati sekuentziatu dute ausaz; ondoren, gainjartzen diren muturrak elkartu dituzte. Azkenean,
278 milioi nukleotido dituen genoma lortu dute (nukleotidoak DNAren oinarrizko unitateak dira).
Eltxo emeak gizakiaren odola hartzen duenean, odolaren proteina eta lipido batzuk obarioetara joaten dira, eta arrautzak 2-3 egunetan garatzen laguntzen dute. Arrautzak jarri ondoren, berriro hasten da ostalari baten bila, haren odola hartu, digestioa egin eta arrautzak garatu eta jartzeko.
Odola digeritutakoan sortzen diren osagaien eraginez, gene batzuk aktibatu egiten dira, eta beste batzuk, berriz, desaktibatu. Gene horiek zein diren jakiteko, geneak kodetzen dituzten DNAren zatiak aztertu dituzte, bai odola hartu zuten eltxo emeetan bai odolik hartu ez dutenetan; gero, bien emaitzak alderatu dituzte. Horri esker, txerto edo intsektizida berrien jomuga posibleak ezagutu dira.
Intsektizidekiko erresistentzia
Uste denaren arabera, intsektizidekiko erresistentzia bi mekanismoren bidez azaltzen da: intsektizida desintoxikatzen duten geneen adierazpena handitzen delako edota intsektiziden jomuga diren proteinak kodetzen dituzten geneak mutatu egiten direlako. Genoman bi era horietako geneak daudela ikusi dute, baita banakako nukleotidoetan SNP izeneko aldaerak ere. Holten iritziz, informazio horrek intsektizida berriak egiteko jomugak identifikatzeko balio dezake.
Beste ikertzaile batzuek genomaren zati mugikorretan jarri dute arreta. Zati horiek transposon izena dute eta genoman nonahi kokatzeko ahalmena dute. Hala, batzuetan kanpoan daude eta beste batzutan barruan, eta edozein tokitan azal daitezke. Horren ondorioz, noski, aldakortasuna ikaragarri handitzen da. Bada, horrelako zatiak eltxoaren genomaren % 16 dira.
Gainera, DNA zatitzen duen entzima zein genek kodetzen duten identifikatu dute. Informazio hori guztia eltxoaren genoman gene berriak sartzeko erabil daitekeela uste dute, eltxoaren barruan bizkarroiaren zikloa blokeatzen duen generen bat sartzeko adibidez. Markatzaile moduan ere erabil daitezke, espezie bereko eltxoen populazioak bereizteko, populazio batzuk besteak baino malariaren transmititzaile hobeak direlako edo erresistenteagoak direlako intsektizidekiko.
Eltxoaren 'usaimena' eta eraldaketa genetikoa
Science -n argitaratutako beste lan batean, Catherine Hill-ek eta bere taldekideek eltxoak gizakiari nola heltzen dion aztertu dute. Antza, eltxoak gizakiaren usaina antzemateko gaitasuna du, eta horren bidez aukeratzen du nori heldu. Ikertzaile-talde horrek, Holt-en taldearekin batera, A. gambiae -ren usainaren errezeptoreak identifikatu ditu. Errezeptore horiek blokeatzea nahikoa izango litzateke eltxoaren ziztada saihesteko.
Bestalde, hainbat zientzialarik eltxoa genetikoki eraldatzea proposatzen du, gaixotasuna transmititzeko ezgai bihurtzeko. Dagoeneko lortu dira eltxo horiek, eta zenbaitek naturan askatzea proposatzen dute, eltxo arrunten populazioak ordezka ditzaten. Hori baino lehen, ordea, eltxoaren ekologia sakon aztertu behar da, eta horren inguruan jardun du Thomas W. Scott-ek zuzendutako taldeak.
Horretaz guztiaz gain, malariarekin eta A. ganbiae eltxoaren genomarekin lotutako beste ikerketa asko daude aldizkariaren ale honetan. Bakoitzak alderdi bat jorratzen du, eta denek ematen dituzte gaitzaren aurka egiteko bide berriak bilatzeko aukerak. Zalantzarik gabe, ikaragarrizko lana egin da; ea ondorengoak piztu den itxaropenari erantzuteko gai diren.
Artikulu osagarriak:
Malaria edo paludismoa, bi izen osasun-arazo ikaragarri batentzat
Malaria eragiten duen mikroorganismoaren genoma deskodetu da
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia