Malaria eragiten duen mikroorganismoa goriletatik etor liteke
2010/09/23 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Goriletan egon liteke malariaren mikroorganismoaren jatorria, eta ez txinpantzeetan, orain arte uste zen bezala. Ondorio horretara iritsi dira, behinik behin, AEBko Alabamako Unibertsitateko ikertzaileak. Nature aldizkariak eman du berria.
Plasmodium falciparum mikroorganismoa da malaria-mota gehienen eragilea gizakietan, eta Anopheles gambiae eltxoaren ziztadak transmititzen du gaitza. Baina orain artean ez zegoen oso argi bizkarroiaren jatorria zein izan zitekeen.
Hori argitu nahian, txinpantzeen, bonoboen eta gorilen populazio basatietan (Saharaz hegoaldeko Afrikan) bildutako ia 3.000 gorotz-lagin aztertu dituzte ikertzaileek. Eta lagin horietan hautemandako Plasmodiumen DNA sekuentziatu dute. Azaldu dutenez, kontinenteko mendebaldeko gorilen (Gorilla gorilla) laginetan hautemandako bizkarroiek dute antzekotasunik handiena gizakietan ikusi ohi direnekin. Eta, horrela ondorioztatu dute espezie hartan egon daitekeela malariaren jatorria. “Mendebaldeko goriletatik gizakira pasako zen bizkarroia, eta ez txinpantzeetatik gizakira, orain arte uste zen bezala. Gainera, espezieen arteko transmisio hori ziurrenik urrats bakarrean, zuzenean, egin zela uste dugu”, esan du ikerlaneko arduradunetako batek.
Bestalde, ikerketan ikusi dute primateak gutxienez Plasmodiumen bederatzi espeziek kutsatuta zeudela. Horietako hiru ez zeuden identifikatuta orain artean.
Plasmodiumen jatorria ulertzea garrantzitsua dela uste dute ikertzaileek, urtean hainbeste heriotza eragiten dituen gaitzaren aurkako ikerketan lagungarria izan daiteke eta.
Irudia: Ian Nichols/ National Geographic Society.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia