Ikertzaileak Euskal Herrian. Mahai-ingurua
2010/07/01 Urruzola Arrate, Manex - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Felix Elortza: Ez dakit oztopo-lasterketa den, baina bada maratoi-lasterketa. Eta bokaziozkoa da. Beste edozein lanetan esfortzu berdina eginez gero, etekina askoz epe laburragoan ikusten duzu. Nire garaian lau urteko bekak izaten ziren tesia egiteko; nik ehun mila pezeta irabazten nituen. Beraz, karrera bukatzeko bost urte, gero beste lau dena ongi badoakizu, eta, doktore-titulua lortu ondoren, berriz hasten da dena: horregatik da maratoi-lasterketa. Oztopoak? Nik uste dut gaur egun edozein tokitan, gazte izanda eta esperientziarik gabe, ez dela erraza, baina norabide berean esfortzu handia egin beharreko lanbidea da ikerkuntza.
Naiara Tejados: Bai, ados nago.
Urtzi Ayesta: Nik esango nuke erosotasuna epe motzean bilatzen duena ezin dela ikerkuntzara dedikatu. Konparatzen baditugu ikertzaile baten bizitza eta beste pertsona baten bizitza, beste edozein pertsonak ikasketak egin eta gero, 25-26 urterekin, lan finkoa izan dezake, eta ikertzaile batek 30 urte bete arte ez du horrelakorik lortzen, eta prekarietatea gero eta handiagoa da. Gero eta zailagoa da lan finkoa lortzea, bai Europan bai nazioartean. Beraz, benetako bokazioa behar da. Gustatu egin behar zaizu, eta orduan ez duzu gehiegi pentsatzen baldintza ekonomikoetan. Baina zoriontsu zara. (Irribarrea)
U. Ayesta: Nire kasuan horrela da: pare bat herrialdetan bizi izan naiz. Hainbesteko lehia dagoenez, azkenean lan finko bat lortu nahi baduzu, zure bizitzan planteamendu hau egitera behartzen zaitu horrek: "oraingoz hau gustatzen zait, eta edozer gauza egiteko prest nago, honek egiten nauelako zoriontsu". Alde batetik sakrifizioa da, bestetik bizi-esperientzia ere bada. Baina nomada izatea, gaur egun, ohikoa da askorentzat.
N. Tejados Bizitzaren asignatura jorratzen da ikerkuntzan, beste gai askoz gain.
F. Elortza: Bai, eta nomadismo hori ez da berdina 26 urterekin edo 36 urterekin. 26 urterekin bidaiatzeak bere xarma izan dezake, baina bizitzak bere faseak ditu eta ezin zara beti liburuak kaxetan eramanez ibili. Finkatzeko momentua ere iristen da. Eta zentzu horretan, euskaldunok Iparragirre bezalakoak gara neurri batean: ongi ibiltzen gara toki guztietan, baina gero itzuli ere egin nahi izaten dugu.
U. Ayesta: Batez ere ekonomikoki garatu gabeko herrialdeak dira esportatzaileak. Munduan India eta Txina dira ikertzaile gazte gehien esportatzen dituztenak.
F. Elortza: Europan, 90eko hamarkadaren hasierara arte, Portugalen, Espainian eta Italian doktore-tesiak egiteko beka asko eskaintzen ziren, baina gero ikerkuntza-sistema ez zegoen prestatuta ongi trebatutako jende hori jasotzeko, ez zegoen karrera zientifiko eta ikerketa-zentro nahikorik. Ordutik gauzak aldatu dira, agian ez behar bezainbeste. Garai batean, fluxu handiagoa zegoen Europako herrialde aurreratuagoetarantz eta Estatu Batuetarantz.
U. Ayesta: Eta oraindik ere gertatzen da: askoz gehiago dira Frantzian doktoregoa egiten ari diren ikertzaile espainiarrak Espainian doktoregoa egiten ari diren ikertzaile frantziarrak baino.
N. Tejados: Nik uste dut norberaren borondatearen araberakoa dela hori, mugitzeko eta bidaiatzeko duen prestasunaren araberakoa. Dena ezin da lortu, eta are gutxiago zientzian. Etxean goxo-goxo geratu eta gainera zientzian norberak nahi duen alorrean lanean aritzea kasu gutxi batzuetan posible izango da agian, baina ez gehienetan.
F. Elortza: Errealitatea beti da erlatiboa: zeinekin konparatzen zaren, hobeto edo okerrago zaudela irudituko zaizu. Nik karrera amaitu nuenean, hemen bioteknologiaren arloan ez zegoen ia ezer. Orain unibertsitatetik eta parke teknologikoetatik sortutako spin-off-ak daude, eta bioteknologiaren arloan lanean ari diren enpresa pribatuak ere badaude; horietako batek ehun langile baino gehiago ditu. Hori duela hamabost urte pentsaezina zen. Eta ikusi egin beharko da hamar urte barru nola egongo garen. Dena dela, ikasleen jarrera ere aldatu da. Ikasle gutxiago daude orain, eta, orokorrean, bizi-kalitateari guk ematen geniona baino garrantzi handiagoa ematen diotela iruditzen zait.
U. Ayesta: Pentsatzen jarrita, uste dut kasualitate edo kointzidentzia handia dela ni orain lanean ari naizenean aritzea. Nik argi nuen bakarra zen zer ez nuen nahi: nik ez nuen nahi karrera amaitu eta lanean hasi. Hemen ez dago ikerkuntza-tradiziorik, eta nik ikerkuntza zer zen ere ez nekien. Eta zer ikertu, are gutxiago oraindik. Orduan, hor bide bat hasten da: ate joka hasten zara, eta non jotzen duzun atea, doktoregoa arlo batean edo bestean egingo duzu, eta gero hor jarraituko duzu.
N. Tejados: Nire ikerkuntza-arloak dituen aplikazio medikoak oso zuzenak dira, eta nire motibazioa batez ere hortik dator. Ikerkuntzak bokaziozkoa izan behar du; bestela, bidean agertzen den frustrazio pilarekin ez dago hau jasango duenik. Oso garbi izan behar duzu egiten duzuna benetan gustatzen zaizula eta horretan jarraitu nahi duzula.
U. Ayesta: Niretzat abantailarik handiena da ikasteagatik ordaintzen didatela, eta niri ikastea gustatzen zait. Eta horretarako erabateko askatasuna dut: ordutegi aldetik, nola planifikatu... Horrek ematen didan bizi-poza izugarria da.
F. Elortza: Ikertzailea izateak gauza berriak deskubritzeko aukera ematen dizu. Sarri ez dira izugarrizko aurkikuntzak izango, baina zenbait gauza zuk aurrenekoz aurkitu dituzula jakiteak zirrara eragiten dizu. Gainera, zientziak badauka horrelako gauza bateratzaile bat: aurkikuntzek ez dute mugarik ezagutzen. Berdin da nongoa zaren, zer azal-kolore duzun edo zer kredoren jarraitzailea zaren: esperimentua, formula edo dena delakoak denontzat funtzionatu beharko du berdin, eta edozeinek kontrasta dezake. Lortutako emaitza egiazkoa bada, aurrera egin eta sendotu egingo da, bestela atzean geratu eta ahaztua izango da. Eta ideia horri lotuta, komunitate zientifikoa anitza da alderdi askotan, eta aberasgarria da zurekiko ezberdina den jendea ezagutzea.
F. Elortza: Gauzak ari dira poliki-poliki aldatzen. Beste tradizio batetik gatoz, eta hor dibulgazioa garrantzitsua da nire ustez, jendea jabetu dadin egiten duguna zer den.
N. Tejados: Bai, baina ez da erraza izaten zure arlokoa ez den norbaiti modu ulergarri batean kontatzea zertan ari zaren.
U. Ayesta: (Irribarrez) Galdera zailak dira.
U. Ayesta: Neurri batean bai, baina ez beti: oraindik badago askatasuna norberak bere proiektuak aurrera eramateko.
F. Elortza: Noski, hor non jarri muga? Watson-ek eta Crick-ek DNAren egitura aurkitu zutenean, batzuek esango zuten: "Eta hori zertarako?" Eta pentsa ezazu zer etorri zen gero hortik: mila aplikazio. Baina bestalde, ulergarria da neurri batean ikerkuntza aplikatura ere jo beharra, ikerkuntzarako dirua sarri gizarteak jartzen baitu.
U. Ayesta: Aplikazio praktikorik izango ez zutela ziruditen baina gero sekulako aplikazioak izan zituzten ikerkuntzen adibideak amaigabeak dira: laserra edo magnetoerresistentzia erraldoia, adibidez.
U. Ayesta eta F. Elortza: Erabatekoa.
F. Elortza: Enpresa pribatu transnazional erraldoi batean ari bazara, adibidez, bi desberdintasun nagusi daude. Alde batetik, beraiek esango dizute zertan lan egin behar duzun, eta ikertzen duzuna beraientzat proiektu edo patente bilakatuko da. Baina bestalde, hilabete bukaeran patrikara eramango duzuna ere ez da berdina: askoz gehiago irabaziko duzu. Publikoan aldiz, malgutasun handiagoa dago, nahiz eta gero eta gehiago bideratzen den balizko aplikazioetara.
U. Ayesta: Baina badaude ikerketa akademikoa egin izan duten enpresa pribatuak ere, IBM, esaterako. Microsoftek gaur egun baditu laborategiak --AEBn eta Ingalaterran, adibidez-- eta jendea erabat aske da han; nahi dutena ikertzen dute. Baita Googlen ere. Baina salbuespenak dira.
U. Ayesta: Ni ez naiz kexatzen. Agian pribilegiatuetako bat naiz, nahiko azkar --28 urterekin-- aurkitu bainuen ikertzaile-lan finko bat. Baina egia da hori lortzea gero eta zailagoa dela. Ikerkuntzari esker aspalditik bizi naiz independizaturik; bankuan gordetzeko gehiegi ez, baina bizitzeko badut nahikoa diru. Dena dela, diruaren beharra beranduago sortzen zaigu ikertzaileoi, proiektuak eraiki nahi direnean: etxebizitza, eta abar.
N. Tejados: Izan ere, bankuan diru asko eduki nahi baduzu, hobe duzu ikerkuntza ez aukeratu.
F. Elortza: Gure garaian, tesia egiteko lau urte igaro behar ziren beka batekin, kotizatu gabe. Doktorego ondokoa lortuz gero ere beste zenbait urte pasa behar ziren bekadun. Beraz, bazegoen jendea ia 40 urterekin batere kotizatu gabe. Orain badirudi pixkanaka gauzak hobetzen ari direla.
U. Ayesta: Dena dela, nik uste dut baldintzak okerragotzen ari direla. Duela urte batzuk posible zen doktoregoa egin eta lana aurkitzea, baina gaur egun Europan lana aurkitzeko doktorego ondoko atzerriko egonaldia behar-beharrezkoa da. Eta denek egin behar dute hori, nahiz eta haien bizitza hemen egon edo familia izan.
F. Elortza: Gero eta gehiago eskatzen da, bai.
U. Ayesta: Lehenago posible zen unibertsitatetik mugitu gabe lan finkoa lortzea, baita katedradun izatea ere. Gaur egun mugikortasun geografikoa ezinbesteko baldintza bihurtu dute. Eta hori oso gogorra da. Baina onartu egiten dugu.
Hirurek batera: Bai.
F. Elortza: Kontua da gauza batzuk argi izan behar direla. Badira alde onak eta alde txarrak, baina nik uste dut horien arteko balantzea positiboa irteten dela azkenean.
U. Ayesta: Askatasunak ez dauka preziorik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia