Lurreko ugaztunen eta baleen arteko zubia
2001/09/20 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Jakina zen baleak (zetazeoak, oro har) bizitzera lurretik itsasora joandako animalien ondorengoak direla. Izan ere, baleak ugaztunak dira eta arnasketarako ere ez dute zakatzik, birikak baizik. Fosil berriek ideia hori indartu besterik ez dute egiten.
Duela 50 milioi urte, gaur egun Pakistan den paraje basamortuan, bi ugaztun-espezie ibili ziren batetik bestera. Txakur-itxura zuten, baina berez lau hankako lehorreko baleak ziren. Aurkikuntza berriak baleen eta lehorreko ugaztunen arteko zubi dira; garrantzi handikoak beraz. Besteak beste, ugaztunen zuhaitz geneologikoan bi adarren arteko adabegi berria finkatzen dutelako.
Aurkitutako fosil txikienari Ichthyolestes deitu diote eta handienari Pakicetus . Haragijaleen hortzak dituzte (nahiz eta benetako letaginak ez dituzten) eta txakurrek baino buztan luze eta indartsuagoa, mutur luzeagoa eta begi txikiagoak. Biek baleek soilik dituzten hezur bereziak dituzte belarrietan. Orpoan ere badute hezur berezi bat, orein edo ardien moduko ungulatu arktiodaktiloek dutena, nahiz eta azterketa sakonagoek zetazeoak eta arktiodaktiloak erlazionatuta bai baina talde desberdinetan kokatzen dituzten.
Pakistanen aurkitutako duela 47 milioi urteko beste fosil batzuek ere ungulatuen orkatilako hezurra dute, baina soin-adarrak uretara moldatuagoak dituzte.
Baleek duten itxura dela eta (lurreko ugaztunetatik hain desberdina, arraun-moduko hankekin eta muturra buruaren goialdean dutela), oso zaila izan da zuhaitz ebolutiboan toki egokian jartzea. Lehenago aurkitutako fosilen arabera mesonizioekin lotzen ziren (desagertutako haragijale-taldea). Aurkikuntza berriak, ordea, hipopotamoen antzekoek zirela adierazten du, eta seguru asko, horien hurbileko taldea osatuko lukete. Datu molekularrak ere bat datoz sailkapen berriarekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia