Lurreko tximista-mapa
2002/01/30 Elhuyar Zientzia
NASAko zientzialariek tximisten distribuzioaren araberako mapa osatu dute, eta latitudearekin zein altitudearekin nola aldatzen diren ikusi dute. Goiko mapan ikusten diren koloreek kilometro karratuko eta urteko toki bakoitzean izandako tximista- kopuruaren batez bestekoa adierazten dute.
Tximisten datuak bi detektagailu optikoren bidez jaso dituzte: Optical Transient Detector (OTD) eta Lightening Imaging Sensor (LIS). Lehena 1995eko apirilean jaurti zuten eta bost urtez ibili da lanean. Bigarrena, berriz, 1997an espazioratu zuten tropikoetan egiten duen euri-kantitatea neurtzeko satelite batekin batera, eta oraindik martxan dago. Hala ere, mapa 2000. urteko martxoa arte bildutako datuekin osatu dute.
Detektagailu horiek abiadura handiko kamerak erabiltzen dituzte hodeien goialdean gertatzen diren aldaketak antzemateko –giza begia ez da gai aldaketa horiek ikusteko–, eta oso informazio zehatza lortu ahal izan dute.
Detektagailu horiek martxan jarri aurretik irrati-frekuentzien bidez egiten ziren tximisten neurketak, lurretik, eta eremu txikietan emaitza onak lortzen baziren ere, ozeanoetan eta gutxi populatutako eskualdeetan datu gutxi bildu ziren.
Mapa berriak agerian utzi du jarduera handieneko gunean zeintzuk diren. Lehen postuetan Florida, Himalaia eta Erdialdeko Afrika daude. Artikoan eta Antartikoan, aldiz, apenas dago tximistarik. Ozeanoetan ere jarduera txikia da, ikertzaileen esanean, itsas azala ez delako lurrazala bezainbeste berotzen.
Informazio osagarria:
NASA
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia