Lurraren eremu magnetikoa ahultzen ikusi dute sateliteek
2014/07/04 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
“Swarm satelite-konstelazioak azken sei hilabeteotan lortu dituen datuen arabera, Lurraren eremu magnetikoa ahultzen ari da”. ESAk ekainean Kopenhagen egin zuen lan-bileratik ateratako titular nabarmenena izan da komunikabideetan, baina bestelakoren bat ere atera zitekeen, adibidez: “Lurraren eremu magnetikoaren ahuldu egin da Mendebaldean; Ozeano Indikoan, aldiz, indartu”. Eta hirugarren bat ere posible izan zitekeen: “Ipar Polo magnetikoa Siberiarantz mugitzen ari da” .
Titular edo izenburu horien guztien atzean, Swarm misioaren hiru sateliteek, azken sei hilabeteotan egindako azterketa-lana dago. Hiru sateliteak 2013ko azaroaren bukaera aldera jarri ziren Lurraren orbitan, bi 460 kilometroko altueran eta hirugarrena Lurretik 530 kilometrora. Hiru sateliteen helburua Lurra behatzea da, datu geomagnetikoak hartuz zehaztasun handiarekin. Eremu magnetikoa ikertu nahi dute, nola sortzen den ikusi, nola aldatzen den, eguzki-haizeak nola eragiten dion aztertu, eta klimaren aldaketarekin duen harremana nolakoa den ulertu. Izan ere, Lurraren nukleotik magnetosferaraino hedatzen den eremu magnetikoa, eguzki-erradiaziotik eta erradiazio kosmikotik babesten gaituenez, ezinbestekoa da biziarendako.
Kopenhagen bildu diren adituek adierazi dutenez, 5.000-10.000 urte arteko epean, alderantzikatzea gertatuko da Lurraren eremu magnetikoan. Ez da lehen aldia izango gure planetaren historian; azken alderantzikatzea duela 780.000 urte gertatu zen.
Misioaren emaitzez, ESAko zientzialariek adierazi dute sateliteen lana bikaina izan dela, baina dituzten datuetan oinarrituta ondorio orokorrak ateratzeko oraindik goizegi dela. Izan ere, helburuak betetzen badira, hiru sateliteek lau urte egingo dituzte Lurraren orbitan. Ondorengo azterketetan Lurraren mantua, lurrazala, ozeanoak, ionosferea eta magnetosfera ere behatuko dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia