}

Lur arraroen bila itsaspean

2011/07/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Tokioko Unibertsitateko ikertzaileek jakinarazi dutenez, Ozeano Barearen hondoan 80-100 mila tona lur edo metal arraro daude. Nature Geoscience aldizkari espezializatuan eman dute horren berri. Nonbait, itsas jalkinen 78 lekutan topatu dituzte metal arraro horiek, eta, kalkulatu dutenaren arabera, kilometro karratu bakarrean urtean kontsumitzen den metal arraroen bosten bat dago.

Albistea oso ona da Japoniarentzat, metal arraroen ekoizpena eta merkatua Txinaren eskuetan baitago gaur egun. Beraz, itsaspeko meategiak ustiatzeko modua aurkituz gero, Txinaren monopoliotik ihes egiteko aukera izango luke Japoniak. Eta horrek sekulako garrantzia du Japoniarentzat, metal arraroak gako baitira produktu teknologikoen ekoizpenean.

Edari energetikoak osasunerako arriskutsuak izan daitezkeela ohartarazi dute.

Adibidez, auto hibridoen industria metal hibridoei esker garatu da. Izatez, berotegi-efektua eragiten duten gasak gutxitu beharrak bultzatu du auto hibridoak garatzea, baina garapen hori ez litzateke posible izango osagai aproposik gabe. Auto hibrido batek gutxi gorabehera 15 kilo metal arraro bakarrik baditu ere, metal horiek ezinbestekoak dira NiMH baterietan, motor elektrikoetan, galgatze-sistema birsortzaileetan eta katalizatzaileetan. Esaterako, auto hibrido salduenak, Toyota Priusek, kilo bat neodimio du motorrean, eta 10-15 kilo lantano baterian, modeloaren arabera.

Produktu elektronikoetan eta ikus-entzunezkoetan, telekomunikazioan eta informatika-tresnetan ere antzera gertatzen da. Hain zuzen, ordenagailuen teknologia metal arraroen imanetan oinarrituta dago. Disko gogorretan, DVDetan eta CD-ROMetan erabiltzen dira, eta, haiei esker, gero eta leku txikiagoan gero eta informazio gehiago gordetzeko aukera dago. Halaber, ezinbestekoak dira plasmazko telebista-pantailetan, katalizatzaileetan, LCD-paneletan, erresonantzia magnetikoko aparatuetan, aerosorgailuen turbinetan...

Gainera, etorkizunean eskaera are handiagoa izango dela aurreikusten dute aditu guztiek; horrenbestez, Txinarekiko menpekotasuna hausteko, ekoizle nagusiak (Japonia, Estatu Batuak, Australia, Frantzia eta Kanada), iturri berrien bila dabiltza, Berez, metal arraroak ez dira hain urriak, baina komertzialki erauzteko zailak dira; horrek egiten ditu hain arraro. Eta horrek ematen dio hainbesterainoko boterea Txinari.

Txinaren nagusitasuna

Hain zuzen ere, herrialde horretan dago lur arraroen meategi handiena, Bayan Obo. 36 milioi tona mineral dituela kalkulatzen dute. Horrez gain, Txinan badira lur arraroen ioiak dituzten buztinak. Buztin horiek azalean daude, eta, beraz, erauzketa erraza eta errentagarria da. Hala, Txinak merkatuaren kontrola eskuratu du: iaz merkaturatutako metal arraroen % 97k jatorri txinatarra zuen.

Meatzaritzan ez ezik, mineralak prozesatzen eta metal arraroak erauzten eta bereizten ere Txinako enpresak dira nagusi. Hala, gaur egun, 35.00 pertsona inguru ari da lanean metal arraroen produkzioan Txinan, eta 15.000 lizentziatu, berriz, metal horiekin egindako produktu berrietan. Izan ere, metal arraroen hornitzaile izateaz gain, erabiltzaile ere bada Txina: munduan erabilitako % 60 bertan kontsumitu zen. Japonian eta Asiaren hego-ekialdean % 24 kontsumitu zuten, eta Estatu Batuetan, berriz, % 10 inguru.

Hori guztia aintzat hartuta, sekulako garrantzia izan dezake Tokioko Unibertsitateko geologoen ikerketak . Topatu dituzten metal arraroen jalkinak nazioarteko uretan daude, Hawaiiren ekialdera eta mendebaldera, eta Tahitiren ekialdera. Orain, nola erauzi aztertzen ari dira. Eta, horrekin, ingurumenaz arduratzen direnen kezkak piztu dituzte, jarduera hori itsas ekosistemarako oso kaltegarria izan daitekeelakoan.

GAUR8 gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia