Loreetan ere tabu da intzestua
2006/02/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Giza espezieak tabu kulturalen bidez saihesten du intzestua. Landareek, berriz, entzimak erabiltzen dituzte horretarako.
Joan den mendearen hasieratik, botanikariek bazekiten lorea gai dela bere polena deuseztatzeko, baita hurbileko ahaideena ere. 1980ko hamarkadan frogatu zuten entzima batzuen bidez egiten zuela hori. Orain arte, ordea, ez zekiten zergatik eragiten dioten entzimek ahaideen polenari, eta ez besteei.
Missouriko Unibertsitateko ikertzaileek argitu dute misterioa: polenaren konpartimentu batean gordetzen da entzima. Denborarekin, ordea, konpartimentua desegin egiten da eta entzima libre geratzen da. Antza denez, polena ez denean komenigarria, errazago desegiten da konpartimentua, proteina bati esker.
Argazkia: Comtech