}

Loratzea, misterioa eta aurkikuntza

2007/06/10 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Landareen loratzea ederra da, halako emozio bat pizten du. Izan ere, estetikoki ikusgarriak dira loreak. Eta biokimikaren ikuspegitik ere tentagarriak dira, urteetan ez baitute lortu loratzea zehatz azaltzerik. Orain, dirudienez, aurkitu dute loratzearen giltza, eta misterioa argitzen hasia dela esango genuke.
Ezkerte landare igokariarekin egin zituzten loratzearen gaineko ikerketako asko (Argazkia: P. Busselen, www.kuleuven-kortrijk.be/bioweb/ ).

Landareen loratzea ederra da, halako emozio bat pizten du. Izan ere, estetikoki ikusgarriak dira loreak. Eta biokimikaren ikuspegitik ere tentagarriak dira, urteetan ez baitute lortu loratzea zehatz azaltzerik. Orain, dirudienez, aurkitu dute loratzearen giltza, eta misterioa argitzen hasia dela esango genuke.

Loratzearen giltza florigeno izenaz ezagutzen da biokimikan. Izen hori Chailakhyan errusiarrak erabili zuen lehenengo aldiz substantzia berezi bat adierazteko: landare batean hosto berri bat hazi beharrean lore bat hazteko agindua ematen duen substantzia da florigenoa. XIX. mendearen lehenengo erdian zen, eta, garai hartan, botanikaren eta landareen fisiologiaren ikerketak jakin-min handia eragiten zuten.

Dena dela, florigenoaren kontzeptua bera izena baino askoz zaharragoa da, 1865. urte ingurukoa, hain zuzen ere. Dirudienez, Julius von Sachs botanikari alemaniarrak ikusi zuen argiak eragina zeukala landareen loratzean. Bada, nola eragiten zuen ikusteko esperimentu hau egin zuen: ezkerte-landare bat ilunpean jarri zuen, eta hosto bakar bati eman zion argia. Bada, hala ere, landarea loratu egin zen. Horrela ondorioztatu zuen von Sachs-ek hostotik ateratzen zela loreak ateratzeko agindua.

Florigenoaren bila

AutLandare baten loratzearen mekanismoa ezagutzea uste baino interesgarriagoa da; ez jakite hutsagatik bakarrik, edo loreek izan dezaketen zentzu erromantikoagatik, batez ere, uzta kontrolatzeko era bat delako. Arrazoi praktikoak daude, beraz. Nekazaritzako ekoizpena handitzeko urtean uzta bat baino gehiago izan nahi badira, ezinbestekoa da landarea behin baino gehiagotan loratzea. Beraz, loratzearen kontua ez da txantxetako kontua.

Landareen loratzearen giltzari florigeno esaten diote adituek, eta eta oso interesgarria da, uzta kontrolatzen lagundu dezakeelako
MEC

Ikertzaileek urteak eta urteak daramatzate landareen loratzearen kontrola izan nahian, eta, horretarako, beharrezkoa dute gertaeraren biokimika ezagutzea. Ibilbide horretan, loratzearekin zerikusia duten hainbat konposatu aurkitu dituzte, baina florigenoa aurkitzea dezente kostatu zaie.

Loratzearen funtsa, noski, geneetan dago. Eta loratzearekin lotura duten hainbat gene aurkitu dituzte. Azkenaldian asko hitz egin da FT geneaz, florigenoa gene horri lotutako konposaturen bat izan zitekeelakoan. Bada, bide onetik zihoazen, antza; izan ere, arrozarekin eta Arabidopsis landarearekin egindako ikerketa banaren arabera, florigenoa FT geneari dagokion proteina bat omen da.

Proteina hori da, hortaz, landarearen hostotik kimu berrira doan substantzia, kimuari hosto berri bat beharrean lore bat atera behar duela esaten dion seinalea, hain zuzen ere. Baina proteina horretara iristerako hamaika gorabehera izan da florigenoaren izaeraren gainean: adibidez, florigenoa RNA molekula bat zela esan zuten ikertzaile batzuek 2005ean. Leku guztietan agertu zen loratzearen giltza azkenean aurkitu zutela. Baina duela gutxi onartu behar izan dute oker zeudela, eta, larriagoa dena, ikerketako datu batzuk ezkutatu egin zituztela emaitza apaintzeko.

Ikusten denez, aurrera egiteko atzera egin behar izaten da batzuetan, eta oraingoan hala gertatu bide da. Gauza da, kontuak kontu, onartu beharrekoak onartuta eta aitortu beharrekoak aitortuta, florigenoaren izaera argitua dagoela; ustez behintzat. Izan ere, oraindik aditu guztiak ez daude erabat seguru florigenoa FT genearen proteina denik; eta, batek daki, agian, oraindik ez da bukatu florigenoaren misterioa argitzeko ikerketa.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia