}

Logura: arrisku-faktorea

1995/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gutako askok horrela uste ez badu ere, trafiko-istripuen eragile nagusitakoa logura da. Ingalaterrako ikerlari-talde bat ondorio horretara heldu da 1987 eta 1994 urteen bitartean gertatutako trafiko-istripuei buruzko datuak aztertu eta gero. Ikerketaren arabera, epe horretan Ingalaterran gertatutako ezbeharren % 16 logurak eragindakoa izan zen.

Gutako askok horrela uste ez badu ere, trafiko istripuen eragile nagusitakoa logura da.

Bestalde, joera handiagoa da autopistan gertatutako istripuak kontutan hartuz gero, ezbeharren % 20 gidariak lo geratu izanaren ondorioz gertatu zelarik. Ikerlarien iritziz, autopistetako ezaugarriek beraiek eragiten dute joera-aldaketa hori, abiadura handiagoa delako eta gidaritza bera monotonoago suertatzen delako.

Ikerketaren beste datu interesgarri bat loa eta adinaren arteko erlazioari dagokio. Gidari gazteak, izan ere, goizaldean sartzen dira arrisku-orduetan, istripu gehienak goizaldeko 2ak inguru eta 6ak aldera jazotzen direlarik. Gidari helduagoen artean, ordea, bazkalondorako joera nagusitzen da; esan nahi baita siesta orduak direla helduen artean arriskutsuenak.

Abiadura istripu askoren eragile dela onartu beharra badago ere, logurak eragindakoak orain arte gutxietsi egin direla diote ikerlariek. Logura areagotzen duten faktoreak asko badira ere, ikerlariek automobilen erosotasuna azpimarratu dute. Eredu ergonomikoek, izan ere, gurpil gaineko ohe bihurtu dituzte gaur eguneko automobilak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia