}

Linux zaleek badute Office erabiltzeko aukera

2002/04/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Orain arte, Linux sistema eragilearen erabiltzaileek Microsoft enpresaren Office bulegorako aplikazio-paketea erabili nahi bazuten, ordenagailuari Windows egikari zezakeela ‘sinestarazten’ zion emuladorea, Windows sistema eragilearen kopia eta aplikazioa instalatu behar zituzten.

Emuladoreek, ordea, ez dute emaitza onik ematen: askotan Windows-en aplikazioak instalatzea ezinezkoa da, eta instalatuta ere, programak motelegiak dira, bertan behera gelditzeko arrisku handia dago eta inprimatzean kalitate eskasa lortzen da.

Irtenbidea emateko asmoz, Windows sistema eduki gabe Office aplikazioa erabiltzea ahalbidetzen duen programa berria aurkeztu du Codeweavers enpresak. Egileen esanean, CrossOver Office 1.0 programari esker, ia Windows duten ordenagailuetan bezain ondo dabil Office aplikazio-paketea. Esate baterako, Office-en programa guztiak erraz instalatzen dira eta oinarrizko funtzioetan ez dago inolako arazorik. Word, Power Point eta Excel fitxategiak normal ireki, sortu eta gordetzen dira.

Alabaina, grafikoak erabili edota leiho bat baino gehiago irekiz gero, programak moteldu egiten dira, eta mezu elektroniko luzeak bidaltzen badira, Outlook programa gelditzeko arriskua dago. Gainera, akatsik gabe inprimatzen badu ere, monitorean hainbat letra-tipo ez dira behar bezain garbi irakurtzen.

Codeweavers enpresak berak onartzen duenez, argi dago programa hobetzeko eta orrazteko beharra dagoela. Hala ere, aukera ona da Linux-i leial izateari utzi gabe Windows sistema eragilearen onurak baliatu nahi dituenarentzat.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia