}

LHCaren mehatxua

2008/09/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Dagoeneko martxan da LHC azeleragailua . Komunikabide guztien izar bihurtu da, eta asko idatzi eta esan dute ekar dezakeenaz. Baina denak ez ditu aldeko, arrisku handia ekar dezakeela uste baitute batzuek. Haien arabera, LHCan egiteko asmoa duten esperimentuetan, litekeena da zulo beltz ñimiño bat sortzea, eta, txikia izanik ere, zulo beltz horrek Lurra desagerrarazteko gaitasuna izango du.
LHCan Lurra irentsiko duen zulo beltz bat sortzeko arriskua dagoela zabaldu da.
NASA

Uste hori asko zabaldu da Internet bidez, eta batzuek oso serio hartu dute. Adibidez, duela gutxi Markus Goritschnig izeneko fisikari batek, beste hainbat zientzialarik lagunduta, LHCa auzitara eramateko asmoa jakinarazi zuen; nora, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegira eramateko asmoa!

Ez da hori LHCaren aurka jarri duten kereila bakarra. Hain zuzen, Estatu Batuek ere parte hartzen dute LHCan egingo diren esperimentuetan, eta, martxoan, Hawaiiko epaitegian, LHCa gelditzeko eskatu zuten Luis Sancho eta Walter Wagner fisikariek.

Horrelako kontuei jarraitzen dietenek lehendik ezagutuko dute Wagner, 1999an Scientific American zientzia-aldizkarian argitaratu zuen eskutitz batek zalaparta handia sortu baitzuen. Orduko hartan ere, Estatu Batuetako RHICan (Brookhavengo Laborategiko Ioi Astunen Azeleragailu Erlatibista) mikrozulo beltzak sortzeko arriskuaz ohartarazi zuen. Eta, orain bezala, egunkarietan hondamendia iragartzen zuten izenburuak irakur zitezkeen. Hona hemen adibide bat, Londresko The Sunday Times egunkarikoa: "Big Bang machine could destroy the Earth", alegia, Big Bangaren makinak Lurra suntsi dezake.

Azkenean, RHICa 2000. urtearen erdialdean jarri zuten martxan; ordutik esperimentu ugari egin dituzte... eta munduak lehen zegoen bezalaxe jarraitzen du. Wagnerrek, ordea, ez zuen etsi, eta orain LHCaren aurka jo du, Sanchorekin batera.

Luis Sancho fisikari eta idazle espainiar bat da, eta, Espainiako ADN.es egunkariak egin zion elkarrizketan , LHCa martxan jartzea "galaxiaren tiranosaurioa" etxera gonbidatzearekin parekatu zuen. Haren esanean, LHCan egin nahi dituzten esperimentuak unibertsoan izarrak eta galaxiak suntsitzen dituztenen berdinak dira. Hortaz, Lurrarentzat arriskutsuak ez direla uste izatea "harrokeria" izugarria da; areago, Sanchok ez du zalantzarik: LHCan egin nahi dituzten esperimentuak egiten badituzte, datozen 10 urteetan Lurra desagertzeko arrisku handiagoa dago bizirik irutekoa baino.

Horregatik jarri dute salaketa Sanchok eta Wagnerrek Hawaiiko epaitegian. Esperimentuek duten arriskua nahita ezkutatzea leporatzen diote Ikerketa Nuklearreko Europako Erakundeari ( CERN ), LHCa duen laborategiari; zabarkeria kriminala omen da hori. Horrez gain, genozidioa eragiteko probabilitate handia duen esperimentua aurrera eraman nahi izatea ere egozten diote.

Gainerako zientzialariak, ordea, ez dira Sanchoren, Wagnerren eta Goritschnigen iritzi berekoak; alderantziz, uste dute LHCak arriskuen ordez aukerak ekarriko dituela: materiaren sekretuak ezagutzeko aukera, unibertsoaren sorrerari buruz orain baino gehiago jakiteko aukera, materia iluna ulertzekoa...

Arriskua ez, aukera baizik

LHC azeleragailua munduko handiena eta ahaltsuena da.
(Argazkia: CERN)

Hala, LHCa zer den, zer esperimentu egingo dituzten eta zer itxaroten duten azaltzen saiatu dira. Baina ez da nahikoa izan, eta salaketei erantzun behar izan diete. CERNek berak, duela bost urte, segurtasunari buruzko txosten mardul bat argitaratu zuen. CERNekin zerikusirik ez duten bost zientzialarik, tartean Nobel saridun batek, berretsi zituzten txostenean agertzen ziren ondorioak. Egin nahi zituzten esperimentuen arriskua aztertu zuten, eta seguruak zirela bermatu zuten.

Orain beste azterketa bat egin behar izan dute, eta ondorioa lehengoa da; beraz, salaketek ez dute oinarririk. CERNekoek argudio sendoak aurkeztu dituzte, fisikaren legeetan oinarrituta, baina bat behintzat erraz ulertzen da fisikaz ezer gutxi jakinda ere: "LHCak milioi bat esperimentutan baino talka gehiago sortu ditu naturak Lurrean, eta planetak oraindik irauten du".

CERNekoek onartzen dute teorian badagoela minizulo beltzak sortzeko aukera txiki bat. Horretarako, ordea, baldintza oso bereziak behar direla azaltzen dute; gutxienez, ezagutzen ditugun dimentsioez gain, besteren bat egon behar luke Unibertsoan, eta zientzialariek oraindik ez dute horren ebidentziarik.

Edozein modutara, CERNekoen esanean, esperimentu batean minizulo beltz horietako bat sortuko balitz ere, ez luke inolako zerikusirik izango izarrak kolapsatzen direnean sortzen diren zulo beltzekin. Seguruenik, berehala desagertuko litzateke, eta, iraungo balu, hain ñimiñoa izango litzateke, materia xurgatua izan daitekeen erradioan ez litzateke ezer egongo (erradio hori izugarri txikia izango bailitzateke).

CERNekoek esandakoa berretsi dute beste zientzialari askok, eta hasi berri diren esperimentuen emaitzen zain daude. Izan ere, fisikan aurrerapen handia ekarriko duen itxaropena dute. LHC azeleragailua munduko makinarik handiena eta ahaltsuena da. 27 kilometro inguruko hodi biribila da, eta Suitzaren eta Frantziaren arteko mugan dago lurperatuta, 50-175 metroko sakoneran.

Partikulen artean energia handiko talkak eragitea da azeleragailuaren helburua. Fisikariek talken emaitzak detektatu eta aztertuko dituzte, jatorrizko partikulak ikertzeko. Besteak beste, Higgs bosoia detektatzea espero dute. Zalantzarik gabe, izango dugu emaitzen berri, ez baitugu uste esperimentu horietakoren batean Lurra desagertuko denik.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia