}

Lezetxiki eta arbasoen arbasoak

2002/12/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela 46 urte, Joxemiel Barandiaran antropologo ospetsuak eta bere taldekideek Lezetxiki kobazuloaren indusketari ekin zioten. Hamabi urte iraun zuen kanpainak, eta, besteak beste, Euskal Herrian aurkitu den giza fosilik zaharrena aurkitu zuten. Azken urteotan, berriz, Aranzadiko arkeologoak teknika berriekin hasi dira aztarnategi berean lanean, ustez sekretu asko geratzen direlako oraindik aurkitzeko.
A. Arrizabalaga

Gauza asko gertatu dira Barandiaranen taldeak Lezetxiki industeari utzi zionetik. Ia esan daiteke ezer ez dela garai haietan bezalakoa. Izan ere, Arrasate ondoan dagoen aztarnategi horren ingurua asko aldatu da. Besteak beste, handik lau kilometrora zegoen Labeko Koba ez da existitzen gaur egun. Eta lekuak ez ezik, jendea eta teknologia ere aldatu dira.

Bilakaera horrekin batera, bi aldaketa nagusi izan dira Europako historiaurrearen ikerketan. Alde batetik, aurrerakuntza teknologiko handia izan da; duela berrogei urte imajinatu ezin ziren teknikak eta tresneria ohikoak dira gaurko ikerketan. Beste alde batetik, azken hamarkadetan aurkitutako aztarnategiek historiaurreko biztanleei buruzko ikuspuntuari astindu ederra eman diote.

Atapuercatik gertu

Denbora-tarte horretan, hau da, Barandiaranek eta bere taldekideek indusketari utzi ziotenetik hona, paleoantropologoek hominido-espezie berriak aurkitu dituzte, eta ikertutako giza aztarnak eta aztarnategiak ugaritu dira. Horien artean nabarmentzekoa dira Atapuercako aztarnategiak; 1980ko hamarkadatik aurrera sistematikoki induskatzen dira. Burgos hiritik hamar bat kilometrora dago, baso mediterraneoz apaindutako mendikate karstiko batean. Beste aztarna batzuekin batera, han aurkitutakoak aldatu du Europako historiaurreari buruzko ikuspuntua.

Joxemiel Barandiaran.
J. Altuna

Atapuercak eta Lezetxikik erlazio sendoa dute. Ez da harritzekoa: europar kontinentea eta Iberiar penintsulako meseta lotzen dituen igarobide naturalean daude kokatuta. Beraz, populazio-mugimendu oro leku horietatik pasatu izan da. Gainera, pasabide hori ez da historiaurreko kontua bakarrik; beste garai askotan ere oinarrizko bidea izan da. Adibidez, Erdi Aroan erromesek gehienetan handik egiten zuten Donejakueren bidea, eta, horregatik, gaur egungo Donejakueren bide erabiliena inguru horretan dago, Logroñotik Burgos aldera joateko. Gaurko komunikabideetan ere islatzen da bide horren erabilera.

Gainera, historiaurrean Europatik zetozen populazioek bai Euskal Herriko eta bai Burgos inguruko mendietan aurkitzen zituzten babesteko aproposak ziren kobazuloak (eta Lezetxiki horietako bat zen). Horrek esan nahi du aztarnategi horietako batean izan zen edozein giza espezie besteetan ere izango zela, seguruenik. Kontzeptu hori begi-bistakoa bada ere, garrantzi handia du Lezetxikiko aztarnak ondo interpretatzeko, inguruko aztarnategiekin lotura duelako.

Kobazuloaren itxura

Lezetxikiko tunela hegaldetik iparralderantz begiratua.
A. Arrizabalaga

Lezetxiki Arrasate inguruko mendietan sortu den tunel naturala da. Dena dela, deskripzioarekin jarraitu baino lehen, kontuan hartu behar da mendiak ez direla egitura finko eta mugiezinak. Aitzitik, denboraren poderioz, harri-masa erraldoi horiek mugitu, tolestu eta apurtu egiten dira.

Hori bera gertatu da Lezetxikin (eta oraindik gertatzen ari da) eta tunelaren egituran ondo igartzen da. Mendien jarduera horren ondorioz, hegoaldera begira dagoen irteeraren sabaia erortzen joan da; beraz, pixkanaka tunela laburrago bilakatu da. Eta, horregatik, denborak aurrera egin ahala, hegoaldeko ataria 'atzeratu' egin da, eta, horrekin batera, bertan bizi izan diren gizakiek eta animaliek gero eta iparralderago utzi dituzte aztarnak. Kontuan hartu behar da kobazulo horietako jarduera gehiena, ia beti, atarian izaten zela. Eta horrek guztiak ikerketaren antolamendua baldintzatzen du: ikertzaileek iparralderantz induskatzen duten heinean, gero eta aztarna modernoagoak aurkitzen dituzte.

Hala ere, kobazuloa ez du tunel bakar batek osatzen. Barandiaranen taldearen ikerketa-garaian Leibar izeneko ikertzaile batek kobaren beste adar bat aurkitu zuen. Ordutik, Leibar deritzo koba-adar horri. Hantxe aurkitu zuten, 1965. urtean, oraingoz ezagutzen den Euskal Herriko giza fosilik zaharrena: humero oso bat.

Lezetxikiko lan-taldea, indusketan. Behekoan, Christophe Falguetes geokronologoa lagin bat hartzen.
Argazkiak: A. Arrizabalaga

Azken urteotako indusketa-kanpainan beste koba batean ari dira ikertzaileak. Ez dago argi koba hori (Lezetxiki II deritzona) tunel nagusiarekin lotuta dagoen ala ez. Antza denez, Leibar adarrean bukatzen da, baina lau bat metroko indusketa burutu arte ez da hori jakingo; lau urteko lana izan liteke, gutxi gorabehera.

Hiru galdera, bi erantzun

Gaur egun indusketan aritzen diren ikertzaileak itxaropentsu daude, Lezetxiki II kobazuloak erantzun batzuk gordetzen dituelakoan. Oker ez badaude, Lezetxiki II eta Leibar humero ospetsu hura aurkitu zen tokian elkartzen dira; eta hori hala bada, agian, humeroaren jatorria ulertzeko, Lezetxiki II-ko geruzak aztertu behar dira, eta induskatu gabe daude oraindik.

Itxaropena urrutirago eramanda, baliteke beste giza fosil batzuk egotea bi kobazuloen elkargunearen inguruan. Hipotesi hori ez da gehiegikeria, humero oso bat bakarrik aurkitzea oso gauza bitxia baita Paleoantropologian. Non daude gorputz beraren beste hezurrak? Bat ere ez balego, zergatik iraun du osorik humeroak?

Beraz, hiru galdera egin dituzte ikertzaileek: Leibar eta Lezetxiki II lotuta daude? Badago humeroarekin harreman zuzena duen maila estratigrafikorik? Agertuko da gizaki beraren beste hezurrik? Seguruenik, lehen bi galderei baietz erantzun behar zaie. Azkenari, ordea, oraingoz ezin zaio erantzunik eman. Itxaron egin beharko da.

Dena dela, Lezetxiki II ez da ikertzaileen aztergune bakarra aztarnategi horretan. Barandiaranen taldeak induskatutako zatiaren inguruan ere jarraitzen dute lanean, tunel nagusiaren hegoaldeko atari mugikorrean. Hor fauna-aztarna asko ari dira ateratzen, eta, horiekin batera, harrizko tresneria ugari ere ageri da, eta ez lan-tresnak eta armak bakarrik; tarteka objektu 'sinboliko' batzuk ere atera dituzte lurpetik. Besteak beste, maskorrekin egindako apaingarriak aurkitu dituzte zientzialariek.

Barandiaranen taldeak Lezetxikin topatutako leize-hartz baten kazkezurra (goian) eta gaur egungo hartz batena (behean). Ikus daitekeenez, alde handia dute.

Susmoaren arabera, apaingarri horiek ez ziren Cro-Magnon gizakiarenak izan; horrek interpretazioetan ondorioak ditu, Lezetxikin aurkitutako aztarna horiek Neanderthalen (edo lehenagoko gizakien) adimen-ahalmena zalantzan jartzen duten hipotesien aurkako probak izan daitezke eta. Paleoantropologian gero eta gehiago onartzen da interpretazio-mota hori.

Tradizioaren zaintzaileak

Aztarnategia interesgarria da, beraz, bai bertan aurkitutakoarengatik, bai aurkitu daitekeenarengatik, bai eta Europako historiaurrearen testuinguruan dituen ondorioengatik. Indusketa eta ikerketa, ordea, ez dira azkarrak, oztopo handiak baitituzte.

Alde batetik, arkeologiako lanak berez mantsoak izaten dira; oso planifikazio zehatza eskatzen duen jarduera da, eta, ondorio fidagarriak lortu ahal izateko, erabili beharreko teknikek kontu handia eskatzen dute. Aztarnategian arkeologoak, antropologoak, paleontologoak, zoologoak, palinologoak, geologoak eta beste aditu batzuek egiten dute lan. Bestetik, administrazioan ez da zientziatzat hartzen horrelako ikerketa bat, giza zientziatzat baizik. Ondorioz, diru-laguntza urriak ditu, zientziako beste edozein ikerketak jasotzen duena baino askoz gutxiago jasotzen du. Munduko profesionalik onenetariko batzuk ari dira Lezetxikin lanean, eta, proiektuaren zuzendarien arabera, duten aurrekontua ez dagokio ikerketaren interes-mailari.

Humero bat, garai baten sinbolo
Barandiaranen taldeak lehen indusketa egin zuen Lezetxikin, eta garai hartako emaitzei gaurko ikuspuntutik begiratzen zaie… baina bere testuinguruan kokatuz gero, ikerketa hark uzten duen sentsazioa bestelakoa da erabat. Barandiaranek egindako ikerketa oso aurrerakoia izan zen, bai kontzeptualki bai eta erabilitako teknikengatik ere. Garai hartako zientziak eta teknologiak eskaintzen zituzten aukera guztiak ustiatu ziren Lezetxikin. Hainbat emaitza onak izan ziren, eta beste hainbat txarrak, baina azken horietan ere izan zen aurrerakuntza.
J. Altuna
Indusketa hartan aurkikuntza ezagunena gizaki baten humeroa izan zen, oraingoz Euskal Herrian aurkitu den giza fosilik zaharrena. Baina oso egoera bitxian agertu zen hezur hori: osorik zegoen eta kobazulo baten sabaitik oso gertu. Azken urteotako indusketaren helburuetako bat horren zergatia argitzea da.
Baina humeroa aurkitu zenean ez zen Atapuerca ezagutzen; beraz, ez zegoen Neanderthalak baino lehenagoko gizakien daturik konparazioak egin ahal izateko. Jose Maria Basabe Bartzelonako Unibertsitateko antropologoari hezurra erakutsi ziotenean, ideia bitxia sortu zitzaion. Hezurra Neanderthal gizakia baino lehenagokoa zela bururatu zitzaion. Basabek hezurraz honako hau idatzi zuen: "Lezexikiko humero aurremusteriarra". Garai hartan, hori esatea aurreneanderthala esatea bezala zen, eta, horregatik, iskanbila handia sortu zen. Azalpenak ematean, ordea, Mustier aldiko mailen azpian aurkitutako hezurra zela besterik ez zuen esaten. Baina berak Neanderthala baino zaharragoa zelako susmoa zeukan.
Orain, Basabe oker ez zebilela frogatzeko testuingurua sortu dute Atapuercan aurkitutako fosilek. Beharbada, lana besterik ez da geratzen hipotesi hori baieztatzeko. Baieztatzen bada, Behe Paleolitoko aztarnategi garrantzitsuenetako bat izan liteke; izan ere, oraingoz dakigunez, aro horretarako estratifikatuta dagoen eta aztarna datagarriak eta giza fosilak dituen beste aztarnategi bat bakarrik dago Europan; Atapuerca, alegia.

 

Lezetxikiko lan-taldea

  • Geokronologia (ESR, Uranio/Torio, TL):
    Christophe Falgueres
    Helène Valladas
    Norbert Mercier
  • Sedimentologia:
    Pablo Areso
    Ana Uriz
  • Mikromorfologia:
    Josep Vallverdú
    Marie-Agnès Courty
  • Arkeozoologia:
    Jesus Altuna
    Koro Mariezkurrena
    Eduardo Pem·n
    Mikelo Elorza
  • Palinologia:
    María José Iriarte
  • Antrakologia:
    Mónica Ruíz
  • Tresneriak:
    Alvaro Arrizabalaga

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia