}

Lewis, Gilbert Newton

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1875-1946)

Fisikari eta kimikari estatubatuarra 1875ean sortu zen Massachusetts-eko Weymouh-en, baina artean ume, bere familiak Lincoln-a, Nebraska-ra emigratu zuen. Bere gurasoek kultura-maila ertaina baino altuago zuten eta heziketa-sistemaz desados, ez zituzten beren seme-alabak eskolara eraman Unibertsitatera joateko adina izan zuten arte. Gilbert gazteak ere halaxe egin zuen eta 1899an Harvard-en doktoratu zen, doktore-gai bezala urte pare bat eman eta gero. Termodinamikaren eta teknika esperimentalen maisu izatera heldu zen. 1905ean Massachusetts-era itzuli zen eta hango Teknologi Institutuan ikertzaile-laguntzaile izendatu zuten. Zazpi urte igaro ondoren, 1912an Kaliforniako Berkeley Unibertsitateko Kimika-Saileko Buru eta Dekano izendatu zuten. Termodinamikako irakaslea zen eta berak idatzitako Thermodynamics and teh Free Energy of Chemical Substances testuliburuari esker, ikasle batek baino gehiagok ikasgaia gainditzea lortu zuen. Lewisek ikertzaile bezala oso bizitza oparoa izan zuen. Bere ekarpenik ezagunena kobalentziaren teoria edo loturen teoria da. Kimikariek atomoen artean gertatzen diren loturei buruzko azalpen orokor baten premia zuten eta Lewis horretaz arduratu zen. Berak enuntziatu zuen teoriaren arabera, kargak ez dira zeharo transferitzen atomo batetik bestera, baizik eta elektroi-bikote baten transferentzia ez-osoa gertatzen da eta elektroi bakoitza atomo bakoitzetik ateratzen da. Atomo biek elektroi-bikotea konpartitzen dute, atomoen nukleoak elkartuta mantentzen dira eta ezin daiteke esan bikotea atomo batena edo bestearena denik.

Hogeita hamargarren hamarkadan hidrogenozko isotopoaren bilaketari ekin zion. 1933an ur astuneko laginak prestatu eta hidrogenoaren isotopoa, deuterioa izenekoa aurkitu eta aztertu egin zuen: hidrogenoaren propietate berdinak zituen arren, hura baino bi aldiz astunagoa zela ikusi zuen. Nukleoan protoi bat eta neutroi bat zituela iragarri zuen, 2ko pisu atomikoa, beraz.

Ikertzailea ezezik, irakasle bikaina ere izan zen. Arestian esan bezala, termodinamikaren irakaspena atseginagoa egiten ahalegindu zen eta bere ikasleek estimatu zuten irakaskuntza-estilo berria ezarri zuela esan daiteke. Bere ikasleen artean Nobel Saridun asko dagoela jakiteak Lewisen trebezia adieraz dezake.

1946an zendu zen, Berkeley Unibertsitateko laborategian lanean ari zela bihotzekoak emanda.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia