Lerro-lerroan hegoalderantz
1997/10/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egia esan, aspaldidanik nuen hegazti hauei buruz idazteko gogoa, baina ez nekien Euskal Herrikotzat har ote zitezkeen eta, beraz, sail honetan sar ote nitzakeen ala ez. Normalean, bertan kumatzen diren animaliak hartzen ditugu bertakotzat eta inork ez luke zalantzan jarriko, adibidez, sorbeltzak, sai-zuriak, edota miru beltzak bertakoak direnik.
Hauetariko batzuk, ordea, Afrikatik etorri, kumatu eta txitoak habitik atera bezain laister hegoaldera abiatzen dira berriro eta, beraz, urtearen herena besterik ez dute bertan ematen. Gainerakoa Afrikan ematen duten arren, hegazti horiek bertakotzat hartzen ditugu; Norvegian jaio eta azarotik martxora arte hemen egondako antzara, berriz, negutiarra dela esaten dugu. Guk, ordea, hegazti hauek bere bizitzaren tarte handia lurralde honetan eman dezaketenez eta, gainera, antzara eta kurriloak euskaldunontzat aski animalia ezagunak direnez, gure ohizko atalean sartu ditugu.
Antzara ( Anser anser ) zein kurrilo arruntak ( Grus grus ) urri bukaerako eta azaroko lehen egunetako paseko hegazti tipikoak ditugu eta bientzat Iberiar Penintsula negutze-eskualde garrantzitsuena da. Europako iparraldeko zabalunetan kumatu ondoren eta negua iritsi aurretik, hegoalderantz jotzen dute, janaria errazago topatuko duten latitudeetara. Eskandinabia, Sobietar Batasun ohian eta oro har, Europako iparraldetik hegoalderantz abiatzen dira eta 2.000-3.000 km-tik gora egiten dute bidaian neguko lurraldeetaraino. Pirinioa erdialdetik baino, mendebaldeko lepoetatik zeharkatzen dute eta Iberiar Penintsulara heldu ondoren, gustuko lurralde jakinetara abiatzen dira.
Antzarak nagusiki Andaluziara eta zehazki Guadalquivirreko paduretara joaten dira negua igarotzera. Horiez gain, Zamoran dauden Villafafilako aintzirek ere berebiziko garrantzia dute etorritako antzarentzat. Bi gune horietan —eta hegazti gutxiago biltzen diren beste hezegune batzuetan, 80.000-150.000 antzarek (urtearen arabera) ematen dute negua Iberiar Penintsulan. Bakean utziz gero, Euskal Herrian ere geratzen dira eta Pitillas, Urdaibai edota Gasteiz aldeko urtegien inguruan, adibidez, urtero geratzen da saldoren bat. Hezeguneen inguruko belar eta erraboiletaz elikatzen dira antzarak.
Kurriloentzat, berriz, hego-mendebaldeko angioak eta Zaragoza eta Teruel inguruko Gallocantako aintzira dira lekurik gustukoenak. Guztira, 50.000-55.000 kurrilo (Europako mendebaldeko populazioaren % 70-85) inguru etortzen dira Iberiar Penintsulara eta normalean, Euskal Herrian geldialdi motzak besterik ez dituzte egiten. Neguan zehar, ezkur eta zituak jaten dituzte nagusiki.
Saia gaitezen orain hegazti bikain hauek bereizten. Antzarak zein kurriloak hegazti handiak dira oso. Antzarek 2,5 eta 4 kilo bitarteko pisua dute eta kurriloek 4-7 kilokoa. Esan bezala, bi espezieek “V” itxurako taldeak era ditzakete, baina beste ezaugarri batzuetan erreparatuta bereizteko modukoak dira. Taldea ez sakabanatzeko egiten duten kantuan, adibidez; oso urrutira entzun daiteke eta erraz bereizten da: “kruu-krui-kruu” kurriloen kantua eta “anj-onj-onj” antzarena. Kantuaz gain, bi hegaztien itxura desberdina da. Biek lepoa luzatuta eramaten dute hegan egitean, baina antzarek hanka motzak dituzte eta kurriloak zangoluzeak dira eta beren hankak buztana baino askoz luzeago ageri dira zeruan. Antzarek, azkenik, kurriloek baino hego zorrotzagoak dituzte eta hegal-kolpe azkarragoak emanez egiten dute hegan.
Aipatu behar da, bestalde, bi espezie hauen antzera hegazti migratzaile askok taldeka elkartzeko joera dutela. Dirudienez, beste abantaila batzuren artean, taldean elkartuta gazteak zaharren atzetik joaten dira bideak, arriskuak, gelditzeko guneak eta abar ikasteko. Eta, bestalde, “V” itxurako eta antzeko formazio aerodinamikoei esker, batzuek besteei airea kenduz, hegaztiek energia aurreztea lortzen dute, txirrindulariek egiten duten bezalaxe.
Espezieen egoera eta etorkizunari dagokienez, kurriloen populazioak egonkor mantentzen direla dirudi, baina antzarenak ez. Dirudienez, azken urteotako lehorteek hilkortasun handia eragin dute antzaren artean, bai janari-eskasiagatik eta baita gehiago mugitu behar dutenez ehiztariek ale asko hiltzen dituztelako. Kasu hauetan Iberiar Penintsularaino migratu duten aleak baino arrakasta handiagoz kumatzen dira iparraldeago gelditu direnak, ale gutxiago hiltzen baita.
Joera honek bere horretan segituko balu, belaunaldi batzuetan Penintsulara etortzen diren antzaren kopuruak behera egin lezake urte gutxitan. Horixe da, adibidez, antzar hankahoriarekin ( Anser fabalis ) gertatu dena. Duela 50 urte espezie honetako 50.000 antzarek igarotzen zuten negua Iberiar Penintsulan eta gaur egun ale gutxi batzuk besterik ez dira inguratzen. Antza denez, antzar honek bere ohiturak aldatu egin ditu eta negua kumatze-lurraldetik gero eta bertago ematen du. Zenbait adituren iritziz, joera honek klimaren epeltzearekin zerikusia izan lezake, baina ikerketa gehiago beharko dira hori baieztatzeko.
Nolanahi ere, oraindik ere gezi itxurako kurrilo- eta antzara-taldeak pilaka ikus ditzakegu tenore honetan eta zerua zalapartaka zeharkatuz... negua ate joka dugula iragarriko digute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia