Lente gogorrak eta islarik gabekoak
2001/12/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Materialen ikerketaren barruan lente gero eta gogorragoak egitea erronka handia da. Lenteen aplikazio ugarien artean, batzuk aparteko gogortasuna eta iraunkortasun handia eskatzen dituzte. Adibidez, ikuskizunen munduan erabiltzen direnek, autoetan erabiltzen diren pantaila txikiek edo kameretako, endoskopioetako eta mikroskopioetako lenteek oso iraunkorrak izan behar dute, eta argia oso ondo igorri.
Lenteari gogortasuna emateko metodo konbentzionala laka-geruzetan oinarrituta dago. Laka-geruzek gogortasuna ematen diote lenteari, baina, islak saihesteko modukoak izateko, oxido batzuen lurrunen bidez tratatu behar dira. Bi urratseko prozesua, beraz.
Fraunhofer institutuaren metodoaz, ordea, lenteak urrats bakarrean prestatzen dira. Izan ere, egite-prozesuan bertan hainbat geruza integratzen dira, batzuk polimerozkoak eta beste batzuk titanio edo tantalio oxidozkoak. Emaitza onenak zikloolefinetatik sintetizatutako polimero batzuek eman dituzte. Substantzia horiek Zeonex eta Topas izenekin merkaturatu dira.
Lenteen 'estalki' horiek Leibold Optics enpresan ekoizten dira. Enpresa horretan, amaitutako produktuak gela klimatiko batean probatzen dira. Proba horien emaitzen arabera, lenteak ez dira hondatzen -35 eta +100 °C artean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia