Aurrez egindako ikerketetan ere, iradoki dute lenakapabirrak ez duela elkarrekintzarik antisorgailu hormonalekin eta trans batzuek hartzen duten hormona-terapiarekin. Orain, azken hori berretsi dute AEBko Gaixotasun Infekziosoen Elkartearen astean (IDWeek2025).
Lenakapabirrak Yeytuo izenez merkaturatzeko baimena lortu du aurten Europan, eta Osasunaren Mundu Erakundearen oniritzia ere jaso du. Hiesaren prebentzioan aurrerapauso nabarmena da, urtean bi injekzio nahikoak baitira GIBaren infekzioa saihesteko. Kontuan izanda transen kolektiboa zaurgarriagoa dela populazio orokorra baino, berariazko azterketa egin dute, ikusteko eragozpenik sortzen ote duen hormona-mailan, tratamendu hormonala hartzen dutenetan.
«ondorioztatu dute ez dagoela elkarreraginik, eta bi tratamenduak batera har daitezkeela»
Hala, 2.000 pertsonaren hormona-mailak neurtu dituzte (estradiola, testosterona eta haren eratorri bat), lenakapabirra hartu aurretik eta ondoren; pertsona horietatik 253 hormonak hartzen zituzten. Frogatu dutenez, lenakapabirrak ez zuen aldaketa nabarmenik eragin hormona-mailan. Hortaz, ondorioztatu dute ez dagoela elkarreraginik, eta bi tratamenduak (GIBaren prebentzioa eta hormonala) batera har daitezkeela.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia







