Lekaleak: txiroen haragia? Guztiontzat onuragarri
1997/02/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aurreko artikuluan (10. orrialdean) aipatu ditugun proteina-beharrak pertsona heldu batek betetzeko, aski da egunean zehar bi-hiru esneki eta haragia, arraia edo arrautza-plater bat hartzea. Aurreko hiru horien ordez, lekalez eta zerealez osaturiko plater bat aski da; hala ere, ez da komeni lekaleak bazkaltzeko eta, adibidez, arroza afaltzeko uztea, modu horretan ez direlako une berean lortzen behar-beharrezkoak diren aminoazidoak.
Otordu egokia da, adibidez, entsalada arrunt bat letxuaz, tomatez eta tipulaz osaturik hartzea —nahi izanez gero, beste barazki batzuk ere gehitu daitezke (erremolatxa, azenarioa, errefaua...), baina beti ere animali jatorrizko proteinak gehitu gabe— edo zopa bat, ondoren lentejak arrozarekin, txorizoa eta gainerako txerrikiak alde batera utziz, amaitzeko bitamina C-n aberatsa den fruta bat eta jogurta edo gazta-zati txiki bat.
Antzinako arbasoen otorduetan ohizkoak ziren lekaleak, txiroen haragia bezala ezagutzen ziren. Dudarik gabe, ohitura hori berreskuratzea oso garrantzitsua da guretzat; ez, noski, odolki eta txorizoarekin, gure eguneko iharduera fisikoa beraina baino askoz leunagoa baita.
Badakigu zuetariko askori pentsakizun hau bururatuko zitzaizuela: “nik ez dut, nire amonak edo amak egiten zuten bezala, babarrunak sutan edukitzeko denborarik”. Eta egia da, etxetik kanpoko eguneroko lanak janariak prestatzeko moduak aldarazi dizkigu; hala ere, gure sukaldeetan gero eta tresneria modernoagoa daukagu eta garapen teknologikoa, arlo horretan ere, ez da txantxetakoa izan. Utz dezagun alde batera zartagina eta saia gaitezen presio-eltzearekin. Noski, babarrun-saldaren loditasuna ez da bera izango, gure etxekoandreek ez baitzuten alferrik denbora eta “maitasuna” bota! Emaitza ez da, apika, berbera izango, baina saiatzeak ez digu kalterik egingo.
LaburrakMaratoia eta proteinak Ahalegin handiko ariketa fisikoa egin aurretik proteina asko hartzeak ez du onurarik gorputzeko muskuluentzat, ez baitute laguntzen muskulu-masa mantentzen; proteinak desegitea areagotzen dute, ordea. Hortaz konturatu ziren 42 gizon eta 13 emakume hogei egunetan jarraian egunero 50 kilometro egin ondoren. Taurina haurren elikaduran Oraindik taurina aminoazidoak dietan duen eraginari buruz oso gutxi ezagutzen bada ere, azken aldi honetan haurren elikaduran ezinbesteko aminoazidoa dela uste da. Fibrosi zistikoa duten haurrengan oso zeregin garrantzitsua du koipeen zurgapenean; izan ere, eritasun honen ezaugarririk nagusiena gantzen zurgapen urria da eta horrek eragiten duen kalori falta. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia