}

Lehorreko oinatzik zaharrenak

2002/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Britainia Handiko eta Kanadako ikertzaileek inoiz aurkitu diren lehorreko oinatzik zaharrenak topatu dituztela uste dute. Duela 530 milioi urtekoak omen dira, zorri-itxura eta otarrain-tamainako animalia-talde handi batek Kanadako hego-ekialdeko hondartza bateko dunetan utzitakoak. Oinatzen antzinatasuna baieztatuz gero, teoria biologiko garrantzitsu batzuk hankaz gora jarriko lirateke. Izan ere, animaliak lehorreko landareez elikatu ahal zirelako lehorreratu zirela uste da, baina Kanadako oinatzak landareak agertu baino lehenagokoak dira. Duna hain zaharrak datatzea, ordea, biziki zaila da.

Dena dela, ikertzaileek ez dute uste animalia haiek lehorrean bizi zirenik, jatekoaren bila (goroldioaren antzeko zerbait ba omen zegoen orduan) edo kumeak egitera hondartzaratu zirela baizik. Oinatzen jabeak, itxura aldetik krustazeoen eta intsektuen arteko zerbait zirela uste dute, 50 bat zentimetro luze zirela eta 16-22 hanka zituztela. Arrastaka zeramaten isatsa ere bazutela dirudi. Hori guztia 25 oinatz-ilaratatik ondorioztatu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia