Lehorreko lana, ezinbestekoa
2003/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kantauri Itsasoko kostak duela hilabete batzuk baino itxura hobea du; dagoeneko ez dago itsas azalean txokolatezko moussearen antzeko geruza handirik. Baina, hurbiletik begiratuta, berehala antzematen dira fuel-olioaren arrastoak. Uda gertu dagoela eta turismoak garrantzi handia duela kontuan hartuta, itsasertza garbitzeko metodo eraginkorrena eta egokiena bilatzen ari dira orain. Agintarien lehentasunak eta zientzialarienak, ordea, ez dira beti bat etortzen.
Dena den, argi dute guztiek garbiketa-lan guztia ezin dela naturaren esku utzi. Lehen jendeak uste zuen naturak berritzeko ahalmen mugagabea zuela, eta lasai-lasai botatzen zituen hondakinak itsasora, denborarekin itsasoak berak desegingo zituelakoan. Itsasoak izatez badu hondakinak degradatzeko gaitasuna, baina neurri batean bakarrik; horrelako isuri batek gaitasun hori gainditzen du.
Aurretik gertatutako hondamendiek erakutsi dute garbitzeko ahalegina egin behar dela. 1974an, Magallaesen itsasartean Metula petrolio-ontziak 50.000 tona erregai isuri zituen; han oso itsaso zakarra dagoenez eta inor bizi ez denez, ez zen ezer egin isuritakoa garbitzeko. Ordutik ia hogeita hamar urte pasatu dira, eta arrokak asfaltatuta bezala daude oraindik.
Nolako egoera, halako irtenbidea
Prestige -k isuritako erregaia ere oso mantso degradatzen da, eta Kantauri Itsasoko kosta ezin da bere horretan utzi; beharrezkoak dira garbiketa-lanak. Hala ere, fuel-olioa kentzeak ekartzen dituen onuren eta garbiketa-lanek eragiten dituzten kalteen arteko muga oso ahula da zenbait tokitan. Aurreko hondamendi batzuetan garbiketa-metodo gogorrak erabili ziren, eta gero ikusi dira ondorioak: tratamendu horiek kaltegarriagoak izan ziren luzera erregaia bera baino.
Metodo leunak erabilita ere, toki batzuetan adituak bakarrik aritzea komeni da. Esate baterako, padurak, dunak dituzten hondartzak edo marearteko zonaren behe-mailak oso zaurgarriak dira; beraz, oso kontuz aritu behar da lanean, bestela erraza baita mesede egin ordez kaltea eragitea.
Ingurua ahal den gutxien kaltetzeko, ezinbestekoa da garbiketa-lanak ondo planifikatzea eta koordinatzea. Hasteko, erregaia nolakoa den jakitea komeni da, garbiketa-metodoak aukeratzean horrek ere badu eta eragina. Kasu honetan, Prestige -ren fuel-olioak konposatu disolbagarri eta lurrunkor gutxi ditu; horregatik, pentsatzekoa da lehenago edo geroago isuritako ia dena iritsiko dela kostaldera.
Bestalde, ez dira berdinak isuria gertatu eta berehala iristen den fuel-olioa eta handik denbora batera heltzen dena. Hain zuzen, egoera okerragotu egiten da denborarekin: fuel-olioak ura hartzen du, emultsionatu egiten da, eta bere bolumena bikoiztu edo hirukoiztu egiten da. Azkenean, fuel-olioaren emultsioaren % 60-70 ura izatera hel daiteke. Kontua da hasierako fuel-olioa baino askoz ere likatsuagoa eta itsaskorragoa dela.
Gerora, erregaiak itsasoan denbora asko pasatutakoan, alkitranezko bolatxoak azaltzen dira. Olatuen eta korronteen eraginez, hasierako orban handiak zatikatu, konposatu lurrunkorrak galdu eta gaineko geruza gogortu egiten da. Horrela sortzen dira alkitranezko bolak. Ez dira fuel-olioaren emultsioa bezain itsaskorrak, eta erraz samar biltzen dira kostan, baina oso iraunkorrak dira.
Onena, eskuz eta leun-leun
Kantauri Itsasoko ertzean, batik bat eskuz ari dira egiten garbiketa-lanak; ez bakarrik batzuetan beste aukerarik ez dagoelako, baizik eta aukera onena horixe delako. Hala eta guztiz ere, zenbait lekutan ezer ez egitea aukeratzen da: lanean ari direnentzat oso arriskutsuak diren tokietan, garbiketa-lanek mesede baino kalte handiagoa egiten dutenetan, olatuek berez oso ondo garbitzen dituzten itsaslabarretan...
Gainerako toki gehienetan, berriz, garbitzeko metodorik onena fuel-olioa eskuz jasotzea da, palak, eskuareak, eskuilak, salabardoak eta antzeko tresnak erabilita.
Eskuz garbitzea oso egokia da poluzioa txikia edo ertaina bada, eta, ondo eginez gero, ingurumena kaltetzeko arriskua benetan txikia da. Arrisku handiena ‘gogo gehiegirekin’ garbitzea da, eta algak eta itsatsitako organismoak erauztea, adibidez. Gainera, hondakinak non bildu eta zein bidetatik ibili aurreikusi behar da, lehen garbi zegoena ez poluitzeko.
Material xurgatzaileak —polipropilenozko zuntzak, zerrautsa, lastoa...—aproposak dira zenbait tokitan, harri-tarteko putzuetan, kasu. Metodo honek ez du inolako kalterik eragiten, baina ez du balio fuel-olioa oso likatsua denean edo alkitranezko bolak jasotzeko. Erregai-kantitate handiagoa dagoen putzuetan, berriz, xurgagailuak erabil daitezke. Dena den, olioa absorbitzen duten materialekin gertatzen den bezala, erregaiak likido egon behar du, eta, dagoeneko, fuel-olio gehiena sendotuta dago.
Fuel-olio asko dagoen tokietan, harri handiak dituzten harritzetan, eraikinetan edo fuel olioa dagoen lekura iristeko modurik ez dagoenean, presio txikiko mahukak erabiltzen dira. Uraren presioak 10 psi baino txikiagoa izan behar du, eta askatutako erregaia biltzeko sistema batekin elkartu behar da. Gainera, behe-mailan edo jalkinetan dauden komunitateak ez kaltetzeko, batzuetan marea goian dagoenean bakarrik komeni da erabiltzea mahukak.
Aurreko esperientziak, ikasgai
Presio handiko mahukak, aldiz, eraikinetan eta marea iristen ez den arroka batzuetan besterik ez dira gomendagarriak. 1989an Alaskan gertatutako Exxon Valdez -en isurian, presio handiko ur-zorrotadak erabili ziren zenbait eremu garbitzeko. Toki horiek beren onera etortzeko denbora gehiago behar izan zuten bere horretan utzitakoek baino. Horregatik, orain malekoietan, kaietan eta horrelakoetan bakarrik erabiltzen da metodo hori.
Orokorrean egokiena eskuz garbitzea dela ikusi den arren, toki jakinetan makinaria handia ere erabili da, hala nola, Xixongo San Lorenzo hondartzan. Hondartza horren zorua oso trinkoa da, eta marea beltza etengabe iritsi zen bertara egun batzuetan. Orduan, hondeamakinak erabili ziren. Bestelako kasuetan, jalkinak gutxi trinkotuta dituzten hondartzetan edo fuel-olioaren orbanak sakabanatuta dituztenetan, alegia, ez da inolaz ere gomendatzen makinak erabiltzea.
Hasieran, Galizian batek baino gehiagok eskatu zuen makina handiak sartzea; ez zuten uste eskuz garbitzearekin nahikoa izango zenik. Alabaina, makinak erabilita, kalte ikaragarriak egiteko arriskua dago: 1978an, Amoco Cadiz petrolio-ontziak 250.000 tona erregai isuri zituen Frantzian, Bretainiaren parean. Han, hemen bezala, jende asko bizi zen itsasotik, eta ahalegin handia egin zuten erregaia kentzeko. Itsasadarrak garbitzeko, makinaria handiak sartu zituzten eta hondoko jalkinaren metro erdia kendu zuten. Gaur egun, toki horiek ez dira oraindik bere onera etorri.
Aurreko hondamendietan gertatutakoa erabakigarria izan da zein neurri hartu behar diren erabakitzeko.
Baina hori ez da nahikoa. Adituek salatzen dutenez, horrelakoetan ez dira behar adina ikerketa zientifiko egiten, eta, ondorioz, ezin dira emaitza zientifikoetan oinarritutako erabakiak hartu. Horregatik, nola jokatu behar den jakiteko, ezinbestekoa da epe luzeko ikerketa sakonak egitea. Zientziak baduelako zer esan.
Kosta garbitzea: zerk du lehentasuna?
Joan den neguan eguneroko lelo izan dugu Prestige -k isuritako fuela: hainbeste ari da isurtzen eguneko, hainbeste zulo estali ditu Nautile -k, hainbeste tona jaso dira hondartzetan, hainbeste arrantzaleek itsasoan. Berehala antzeman zen isuria kostara ez iristeko egin beharreko lana zein zen: fuela itsasoan bertan biltzea. Nabarmen argi geratu da Euskal Autonomia Erkidegoan eremu horretan egindako ahaleginak oso emaitza positiboa izan duela, txapela kentzeko modukoa. Gainerakoan, tamalez, besteen pare ibili gara.
Gure hondartzetan ‘salbatu’ beharreko gutxi gelditzen da, tamalez eta salbuespenak salbuespen. Gure kostan ongien gorde diren balio natural eta ekologikoak kosta arrokatsuak ditu. Krisia kudeatzeko sortutako batzorde instituzionalak, talde ekologistek eta naturazaleek bultzatuta, nahikoa azkar onetsi zuen arrokak garbitzeko protokoloa, baina hori aplikatzeari ez zaio lehentasunik eskaini, Erika -ren eta Exxon Valdez -en krisietan aritutako adituek gomendatuta. Arroketan ibiltzeak ere arriskua du, eta ez omen dago argi oraindik garbitzeko metodoen baliagarritasuna. Gainera, garbitzea hainbeste kostatako eremu bat berehala berriz zikintzea ere... Ez. Atzeratu egin zen, beraz.
Bitartean, arroketako fuel hori mugitzen eta aldatzen hasia da. Lehen solidotutako fuel-orban gogorrak ziren orban batzuk, eguzkiak bigunduta, irristatzen hasi dira zikindu gabeko aldeetara. Beste batzuk, harribilen mugimenduaren ondorioz, haiek estalita gelditu dira. Beste batzuk olatuek arroketatik bereizi eta kostan barrena barreiaturik dira orain. Alegia, aurreikusi gabekoak gertatzen hasi dira. Lehentasunik ez zuen garbiketari, azkenean, badirudi ekingo zaiola.
Baina bitartean naturaren zikloek aurrera egin dute, urtero bezala. Kostako belatzak eta ugarroiak urtarrilaz geroztik dabiltza umegintzan; hontz zuriak eta erroiak ia beste hainbeste. Orain kaioen eta seroren txanda da: San Prudentziorako arrautza errun berriak izango dira ugaltze-kolonietan, eta hegan ez dakiten txitak San Inazio aldera bitartean izango dira, edozeinen mehatxupean. Ez dira, bada, garbiketa-brigadak bertara ORAIN sartzea pentsatzen ariko, ezta? Ala San Turismok agintzen badu bai?
Rafa Saiz
Nondik nora garbitu? Garbiketa-lanekin hasterako, lehentasuna zein tokiri emango zaien zehaztu behar da. Horretarako, ez da bakarrik kontuan hartzen zenbateraino dagoen poluituta; beste alderdi batzuei ere begiratzen zaie. Batetik, balio ekologiko handia duten tokiak izan beharko lukete garbitzen lehenak, bertako bizidunak eta haien ondorengoak arriskuan baitaude. Bestetik, alderdi sozio-ekonomikoari ere begiratzen zaio, kostako jende asko bizi baita itsaski-haztegietatik eta hondartza turistikoetatik. Azkenean, baina, alderdi praktikoa erabakigarria izaten da; hein batean, dagoen diruaren arabera planifikatzen dira lanak. |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia