Ez da erraza Irati Mitxelena Balerdirekin hitzordua jartzea, tesiaren azken urtean egoteaz gain (CIC Bioguneren Biologia sintetikoko laborategian), atleta baita. Luzera-jauzia da bere espezialitatea, eta goi-mailan aritzen da. Eta, hala ere, hartu du tartea bere bizipenen berri emateko.
Hala, gogora ekarri du nola sartu zen ikerketan: “Batxilergoko bigarren mailan nengoenean, neurozientzia arloaren berri izan nuen, eta orduan konturatu nintzen hori zela egin nahi nuena”. Euskal Herrian neurozientziak ikasteko aukerarik ez zegoenez, eta atletismoan marka onak zituenez, neurozientzien gradua zeukaten AEBko unibertsitate batzuekin kontaktatu zuen. Eta Cincinnatiko Unibertsitatean ikasteko eta entrenatzeko beka bat lortu zuen. “Beti esan dut atletismoari esker lortu dudala ikastea nik nahi nuena”, baieztatu du.
Azaldu duenez, AEBn hemen baino baldintza hobeak daude kirol-lehia eta ikasketak uztartzeko, eta aukerak ere ugariagoak dira, hemen leku gutxitan egin baitaitezke biak batera, entrenatu eta gradua ikasi. Horrek ez du esan nahi, ordea, AEBn dena eskura ematen dizutenik: “Emaitza onak izatea eskatzen dizute. Gainditzen ez baduzu, ez dizute uzten lehiatzen; horretan zorrotzak dira”.
Gradua amaitutakoan, Euskal Herrira itzuli zen, eta neurozientzia kognitiboan egin zuen masterra. Horren ondotik, doktoretza egitea aukeratu nuen, ikerketan aritzeko ezinbestekoa baita.
«mutazio pila bat daude AEAri lotuta; horiek zuzentzeko tresna bat lortzea da helburua»
Horrenbestez, CIC Biogunen dabil ikertzen, alboko esklerosi amiotrofikoan (AEA). “Gure laborategian proteina sintetikoekin egiten dugu lana, eta nik nire arlora eraman du, eta aplikazio bat ematen saiatzen ari naiz. Tesian, edizio genetikoa nola erabili aztertzen ari naiz, AEAn dauden mutazioak zuzentzeko. Izan ere, AEA gaixotasun neurodegeneratibo bat da. Ez dakigu oso ondo zerk sortzen duen edo nola gertatzen den, baina badakigu oinarri genetiko oso handia duela; alegia, mutazio pila bat daude AEAri lotuta. Horiek zuzentzeko tresna bat lortzea da helburua”.
Kirolean eta ikerketan, antzera
Bi arlo hain desberdinetan bikaintasuna lortzea ezinezkoa delakoan, badirudi bietako bat aukeratzera behartuta egon behar duela batek. Mitxelenak, ordea, bietan jarraitzen du, zorrotz, eta helburu gorenekin. Azken finean, biek antza dutela dio Mitxelenak, zentzu askotan: “Azkenean helburu batzuk ditugu, nire kasuan oso definituak. Eta helburu horiek lortzeko lan asko egin behar da; gainera, jakin gabe bilatzen duzuna lortuko duzula. Hain zuzen, hori ere badute komunean: ezjakintasuna edo ziurgabetasuna. Zeren, askotan lan asko egiten duzu, helburua garbi dago, baina ez dago bermatuta zure ahaleginak emaitza emango duela”.
Ziurgabetasunaren aurrean nola jokatu ere antzekoa da bietan. “Askotan pentsatzen dut parekoak direla esperimentu bat ondo ez ateratzea, eta entrenatu eta lehiaketan helburua ez lortzea. Eta, horrelakoak gertatzen direnean, erantzuna berdina da: berriro itzultzea lanera, berriz saiatzea, berriz entrenatzea. Jakinda egun batzuetan lortuko duzula emaitza, eta beste batzuetan ez”.
«niri zientzia gustatzen zait; baina ez asko nola dagoen antolatuta»
Epe laburrean, helburuak garbi ditu. Batetik, tesiaren laugarren urtea egiten ari da, eta aurten bukatu nahiko luke. Eta, bestetik, hurrengo bi urteetan atletismoa lehenesteko asmoa du, Los Angelesen jokatuko diren Joko Olinpikoetara begira: “Izan ere, badakit ez zaidala denbora asko geratzen lehiaketan” [27 urte ditu].
Hala ere, ez daki lortuko duen, batez ere, lanarekin uztartu behar badu, zientzian ere jarraitu nahi baitu. Ñabardura bat ere egin du, ordea: “Niri zientzia gustatzen zait; baina ez asko nola dagoen antolatuta”, esan du.
Ikerketaren B aldea
Zergatiaz galdetuta, hauxe erantzun du: “Uste dut oso lehiakorra naizela. Baina iruditzen zait lehiakorra izatea ondo dagoela izan behar denean, eta zientzia batzuetan lehiakorregia dela. Azkenean, indar handiegia du zer argitaratzen duzun, non argitaratzen duzun, eta nik uste dut beste gauza batzuk garrantzi handiagoa dutela. Nire kasuan, adibidez, garrantzitsuagoa da pertsona horiei laguntzea. Baina, azkenean, nola bestea baloratzen den, proiektuak ere desberdin egiten dira, eta ni ez nago horren oso alde”.
Horrez gain, ikertzera hemendik kanpora joan beharra gaitzetsi du. “Ez dago egonkortasunik. Ikusiko dugu kirolarekin zer gertatzen den, baina nik hemen nahiko nuke geratu ikertzen. Donostiarra naiz, hemen egin ditut masterra eta orain tesia egiten nabil; nahi nuke formazio hori guztia hemen erabiltzea, baina, zoritxarrez, ez da erraza. Niri ikerketa gustatzen zait, baina baldintza duin batzuekin”.
Irati Mitxelena Balerdi Donostian jaioa da, 1998an. Neurozientzietako gradua ikasi zuen Cincinnatiko Unibertsitatean (AEB), kirol-beka bati esker. Bukatu zuenean, Neurozientzia Kognitiboa masterra egin zuen EHUn, eta orain CIC Biogunen ari da egiten tesia, alboko esklerosi amiotrofikorako tresna genetikoak ikertzen. Horrekin batera, luzera-jauzian lehiatzen da, maila gorenean.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia







