Lehengai kaskarra, irtenbide zaila
2004/10/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egin daitekeen lehenengo gauza zabor gutxiago sortzea da. Hain zuzen ere, zaborra tratatzeko dauden aukeretan, lehentasun-zerrenda bat eman du Europako Batasunak bere araudian, eta zerrenda horretako lehenengo tokian azaltzen da zabor-kantitatea murriztea. Ondoren datoz berrerabiltzea, birziklatzea, konpost egitea, energia aprobetxatzeko erraustea eta, azkenik, baliagarria ez dena zabortegietara botatzea.
Erraustegien aldeko apustuan, balioztatze energetikoari ematen zaio garrantzi gehien; hor jartzen dira dirua eta ahaleginak, eta aurreko neurriak eraginkorrak izan daitezen askoz ere diru gutxiago esleitzen da.
Ostera, neurri zehatzak eta eraginkorrak har daitezke zabor gutxiago sortzeko, botatako materiala berrerabiltzeko eta ahal bezainbat birziklatzeko. Emaitza ingurumenerako onuragarria izateaz gain, onura ekonomikoak eta sozialak ere lortzen dira. Esaterako, Belgikan behar baino bilgarri gehiago duten produktuei isuna jartzen zaie. Alemanian, berriz, egoki bildutako produktuek puntu berde bat daramate; hartara, kontsumitzaileek arduraz aukera dezakete.
Alfonso del Val teknikaria Nafarroako, Granadako eta La Palmako hondakin-planak zuzentzen aritu da, besteak beste. Haren arabera, Europan eta AEBetan garai hartan gaika biltzeko eta birziklatzeko zeuden araudiei eta jarduerei aurre hartu zien Nafarroako programak (1993-96). Esaterako, Montejurrako mankomunitatean, sortutako hondakin guztien % 60 baino gehiago birziklatzea lortu dute.
Berreskuratzeari eta berrerabiltzeari dagokionez, Traperos de Emaus-ekin eta horretan betidanik lan egiten duten taldeekin batera ari dira Nafarroan. Izan ere, oso eraginkorra eta ‘merkea’ da talde horiek sisteman integratzea. Alfonso del Val-en esanean, Madrilgo berreskuratze-instalazio guztiak baino txatarra metaliko gehiago biltzen dute Madrilgo auzo marjinal bakar batean txatarra biltzen jarduten duten 150 ijito-familiek. Egin kontu Espainiak urtean 4 milioi tona txatarra ferriko inportatzen dituela, eta milioi eta erdi tona besterik ez dituela berreskuratzen.
Hondakinak, ongarri
Hondakinetatik aprobetxa daitekeen zatietako bat materia organikoa da. Hirietako zaborrean materia organiko hartzigarri ugari dago: etxeetako, jatetxetako eta elikagai-industriak sortutako janari-hondakinak, hiltegi eta harategietako hondakinak, parke eta lorategietakoak eta arazketako lohiarena. Azkenean, hondakinen erdia materia organikoa da.
Materia organiko hartzigarriarekin konposta egin daiteke. Konposta materia organiko hori kontrolpean degradatzean lortzen da, eta, lurra ongarritzeko baliagarria izateaz gain, bestelako abantailak ere baditu: hondakinak kontrolik gabe degradatzean sortzen den poluzioa eragozten da, hondakindegira edo tratatzera eraman beharreko zabor-bolumena asko gutxitzen da...
Normalean, konposta egiteko janari-hondakinak bakarrik erabiltzen dira, eta lortzen den konposta ez da oso kalitate onekoa, bestelako materiak ere badaramatzalako nahasian. Gainera, instalazio zaharrak ez dira oso eraginkorrak. Hori dela eta, Espainian lehen zeuden 50 konpost-fabriketatik erdiak bakarrik gelditzen dira. Europan ere konpostajeak atzerakada handia izan du eta orain hiri-hondakinen % 3 besterik ez da konpost bihurtzen.
Baina materia organikoa ondo bereiziz eta prozesua kontrolatuz, kalitate oneko konposta lortzen da, nekazaritzako, lorategietako eta erretako basoetako lurzoruak aberasteko aproposa. Nafarroan, konposta eta lohia nekazaritza ekologikoan erabiltzen dituzte, eta hiru urtean 40 mila tona materia organiko birziklatzea lortu dute. Nolanahi ere, kalitate hain ona ez duen konposta ere erabil daiteke bai herri-lanetan, bai harrobiak nahiz andeatutako eremuak leheneratzeko.
Hondakinen energia berreskuratzen
Materia organikoa baliatzeko beste modu bat biogasa sortzea da. Konposta egitean materia degradatzen duten bakterioak aerobioak dira, hau da, oxigenoa behar dute bizitzeko. Biogasa lortzeko, berriz, oxigenorik gabeko ingurua behar da; orduan bakterio anaerobioek degradatzen dute materia organikoa, eta emaitza metanoa eta karbono dioxidoa dira.
Zabortegietan, hartzidura anaerobioa berez gertatzen da, eta sortzen diren gasak kontrolatu egin behar dira, batez ere metanoa, leherkorra baita % 5-10 bitarteko kontzentrazioan.
Biogasa lortzeko instalazioetan, dena kontrolpean egiten da, eta gasak energia elektrikoa ekoizteko erabiltzen dira: 620 litro biogas behar dira gutxi gorabehera 1 kW h energia elektriko ekoizteko.
Adibide bat A Coruñako instalazioa da. Egunero 500 tona hondakin jasotzen ditu, eta horietatik asko elektrizitate bihurtzen ditu. Sortutako energia elektrikoa nahikoa da instalazioak berak dituen beharrak asetzeko eta hiriko kaleak argitzeko. Gainera, materia organikoaren hartzidura anaerobioa bukatu eta ez duenean gas gehiago ematen, gelditzen diren hondarrak konposta egiteko erabiltzen dituzte.
Energia lortzeko, zaborra erre
Hondakinetan dagoen energia berreskuratzeko beste modu bat zaborra erretzea da, eta hori egiteko aukera bat baino gehiago dago. Ohikoenak erraustegiak dira, baina gasifikazioan eta pirolisian oinarritutako teknologiak ere ari dira ikertzen eta hobetzen.
ADE Biotec ingurumen aholkularitzarako enpresako Mikel Alberdi ingeniariaren iritziz, gasifikazioak abantaila ugari ditu errausketaren aldean. Gasifikazioan eta ohiko errekuntzan antzeko tenperaturak erabiltzen dira, baina gasifikazioan aire gutxiagorekin egiten da lan. Hala, gas eta konposatu toxiko gutxiago sortzen da, eta, gainera, sortutako gasa erabili egiten da; beraz, ez da ia ezer isurtzen atmosferara. Bestetik, erraustegietan gelditzen diren zepa eta errautsetan poluitzaileak daude; aldiz, gasifikazioan gelditzen diren hondarrak kristalak dira, guztiz inerteak.
Dena dela, gasifikazioa ez dago guztiz garatuta oraindik. Eragozpenetako bat da hondakinak homogeneoak izan behar dutela, denean tenperatura bera edukitzea lortu behar baita. Baina horretan asko aurreratu dute azkenaldian, eta dagoeneko gaindituta dago arazo hori. Teknologia gero eta aurreratuagoa dago; hain zuzen ere, duela gutxi Alemanian errausketa-planta bat jartzekotan ziren, eta azkenean gasifikazio-instalazio bat jarri zuten.
Antzekoa ari da gertatzen pirolisiarekin. Pirolisian oxigenorik gabe egiten da lan, eta errausketan baino tenperatura baxuagoak erabiltzen dira. Hala, gas gutxiago sortzen da, eta bukaerako produktua erregai moduan erabil daitekeen likido oliotsu bat da. Likido hori, ordea, ezin da zuzenean erabili; oso konplexua da eta tratatu egin behar da. Hori desabantaila handia da, asko garestitzen baitu aukera hau. Alabaina, pauso batzuk eman daitezke: Japonian plastikoen pirolisia egiten dute, eta erakundeek dirua ematen diete birfindegiei bukaerako likidoa har dezaten.
Nolanahi ere, askorentzat ez gasifikazioa ez pirolisia ez dira erraustegien alternatibak. Izan ere, teknologia desberdinetan oinarritzen dira, baina guztiek erregaiaren horniketa etengabea behar dute funtziona dezaten. Hau da, zaborraren beharra dute, eta zenbat eta bero-ahalmen handiagoa izan zaborrak, hainbat eta hobe. Horrek hiri-hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko alternatiba oztopatzen du.
Zabortegiak gainezka
Zaborra erretzea alternatiba ez bada, are gutxiago besterik gabe hondakindegietan pilatzea. Hala ere, egungo hondakindegi kontrolatuek lehengo zabortegien antza gutxi dute, eta eskerrak, osasun- eta ingurumen-arazo larrien iturri baitziren. Hala eta guztiz ere, ezinezkoa da sortutako zabor guztia hondakindegietan pilatzen jarraitzea, ez baitago behar adina tokirik. Europako Batasunak ere garbi adierazten du: berreskuratu, birziklatu edota energetikoki baliarazi ezin diren hondarrak bakarrik jasoko dira hondakindegietan.
Hortaz, hondakindegiei buruzko irizpidea garbi dago: hondakinak tratatzeko sistema ia bakarra eta zabalduena izatetik, azken aukera izatera pasatu beharko dute. Halaber, ingurumenari ahalik eta kalte txikiena egiteko bereziki diseinatuta eta kudeatuta egon behar dute.
Zaborraz ari garela, garbi dagoen gauza bakarra hauxe da: irtenbidea ez dela erraza. Ez dago soluzio bakar bat, seguruenik dauden aukera guztiak edo gehientsuenak baliatu beharko dira, betiere kalteak eta mesedeak ondo neurtuz, eta ahaztu gabe zein den arazo gutxien eragiten duen zaborra: sortzen ez den horixe, alegia.
Zaborretara botatzen den ia guztia bereizi eta birzikla daiteke
Eusko Jaurlaritzaren arabera, hau da birzikla daitezkeen materialen zerrenda:
- Materia organikoa
Papera eta kartoia
Plastikozko ontziak, latak eta tetrabrikak
Beirazko ontziak
Pilak
Etxeko obretako hondakinak
Metagailuak eta bateriak
Autoetako olioa
Erabilitako olio begetalak
Hondakin elektriko eta elektronikoak
Etxeko tresna handiak
Ehungintzako hondakinak
Botikak
Deskarga-lanparak (fluoreszenteak, halogenoak...)
Pneumatikoak
Erradiografiak
Etxeko hondakin toxikoak
Pare bat iritzi
“Erraustegia egitea zentzuzko irtenbidea iruditzen zait Gipuzkoarako gaur egun”
EHUko Kimika Fakultateko irakaslea eta poluzio atmosferikoaren ikertzailea.
“ Errausketak baditu alde txarrak, baina dauden aukeretatik garatuena eta errentagarriena da oraingoz.
Adibidez, materia organikoarekin konposta egiten bada, merkaturatzeko zailtasunak daude, eta, gainera, zaborrak dituen dioxinak eta bestelako konposatu toxikoak ez dira desagertzen. Beste aukera bat metanizazioa da, biogasa sortzea. Baina horrek ere arazoak ditu; instalazioak itsusiak eta kirastunak dira eta metanoak erraz hartzen du su.
Bestalde, gasifikazioa eta pirolisia irtenbide egokiak izango dira agian etorkizunean. Baina kontuan izan behar da horien eraginkortasuna lehengaien araberakoa dela eta zaborra kalitate kaskarreko lehengaia dela.”
“Gipuzkoako hondakinen plana errausketa justifikatzeko egin dute”
Greenpeace-Españako lehendakaria.
“Erraustegiak zaborrak erretzeko makinak dira, eta zaborraren beharra dute errentagarri bihurtzeko. Beraz, erraustegiaren alde egitea da hondakinak gutxitzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko neurrien aurka jotzea.
Ekonomikoki, ia beste edozein bide da merkeagoa errausketa baino. Izan ere, erraustegiek inbertsio izugarria eskatzen dute; baina, noski, negozioa ere neurri horretakoa da. Aurrena eraikina egitea, gero zaborra salerostea eta azkenik energia saltzea sekulako negozioa da batzuentzat. Erraustegiak datozen 25 urteetarako hipotekatuko du Gipuzkoako hondakinen kudeaketa.”
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia