Lehen amerikarrak ezagutu nahian
2005/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azkenaldian, ikerketa dezente plazaratu dira lehen amerikarren jatorriari buruz. Egia esan, aspaldiko helburua da jakitea noiz eta nola iritsi zen Homo sapiens espeziea kontinentera, baina orain puri-purian dago gaia, eztabaida sortu baitute hainbat ikerketaren emaitzek. Izan ere, metodo desberdinetan oinarritu dira amerikarren jatorria aztertzeko,
eta ondorioak erabat desberdinak izan dira.
Dena den, ez da harritzekoa emaitza desberdinak izatea, abiapuntu desberdina izan baitute ikerketek, eta, gainera, litekeena da bateragarriak izatea. Nolabait esateko, agian denek dute arrazoia.
Beharbada, Mexikon aurkitutako oinatzen gaineko ikerketak piztu du eztabaida eta zalantza gehien. Kontua da Mexiko erdialdean duela 40.000 urteko oinatzak aurkitu dituztela. Guztira 269 oinatz dira, eta, horietan oinarrituta, ikertzaileek leku hartan bizi zen populazioaren datuak atera dituzte. Liverpool John Moores Unibertsitateko ikertzaileen arabera, oinatzok Homo sapiens espezieak egindakoak dira argi eta garbi.
Baieztapen horrek, ordea, dezenteko zalaparta sortu du zientzialarien artean. Izan ere, hankaz gora botatzen du lehendik zegoen teoria. Haren arabera, Homo sapiens Asiaren ipar-ekialdetik iritsi zen Amerikara, Siberiaren eta Alaskaren arteko zubi izoztua oinez igarota.
Eta hori duela 14.000-15.000 urte gertatu zela kalkulatu dute hainbat ikertzailek.
Hori baieztatzen du, adibidez, New Jersey-ko Unibertsitatean egin duten ikerketa genetikoak. Gainera, lehen migrazioan zenbat sendi iritsi ziren ere kalkulatu dute, eta, haien arabera, 70 bat sendi pasatu ziren lehenengo. Kalkulua egiteko, Ipar Amerikako indiarren eta Asiako ipar-ekialdeko biztanleen DNAk alderatu dituzte ikertzaileek. Zehazki, DNAren bederatzi zatiren aldaketa-kopurua aztertu dute, eta horri esker jakin dute zer neurritakoa izan zen lehen migrazioa.
Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek, berriz, Amerikan Homo sapiens nola hedatu zen ikertu dute, Alaskaren hegoaldean aurkitutako giza hortz batetik abiatuta. Hortzak 10.000 urte baino gehiago ditu; haren DNA erauzi dute, eta Amerika osoko indigenen datu genetikoekin alderatu dute. DNAn izandako aldaketak ikusita, denborarekin espeziea nola hedatu zen jakin dute.
Horretaz gain, haien ustez, hortzaren jabearen arbasoak asiarrak ziren, haren DNAk antzekotasun handia duelako Txinako ekialdeko etnia bateko populazioaren DNArekin. Beraz, badirudi ikerketa horrek berresten duela Homo sapiens Siberia eta Alaska arteko zubia igarota iritsi zela Amerikara.
Hala eta guztiz ere, Mexikoko oinatzak ikertu dituen taldeari ez zaio iruditzen horrek beren teoria baztertzen duenik. Hain zuzen ere, onartzen dute migrazio hori izan zela, baina uste dute aurretik beste migrazioren bat ere izan zela. Hori frogatzen dute oinatzek, eta proposatzen dute Homo sapiens duela 40.000 urte iritsi zela Amerikara, itsasoz, Pazifikoa itsasontzian zeharkatuta, hain zuzen ere.