}

“Las Hoyaseko ehiztari konkorduna”

2010/09/09 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Cuencako Las Hoyas aztarnategian Behe Kretazeoko (duela 125 bat milioi urteko) dinosauro teropodo haragijale berri baten fosildutako hondarrak aurkitu dituzte. Espeziea Concavenator corcovatus izendatu dute, eta “Las Hoyaseko ehiztari konkorduna” esan nahi du. Izan ere, bizkarrean duen konkor misteriotsua da haren bereizgarri nabarmenetakoa. Hain zuzen, badirudi orain artean ezagutzen ziren dinosauro guztien artean hura dela ezaugarri hori duen bakarra. Oraindik ez da argitu, ordea, elementu horrek zein funtzio betetzen zuen.

Harridura sortu duen beste ezaugarririk ere badu Concavenator-ek: humeroan edo besahezurrean protuberantzia jakin batzuk hauteman dizkiote. Konkor moduko horien antzekoak ohikoak dira egungo zenbait hegaztitan, horien bitartez eransten baitzaizkie hegoei lumarik handienak. Bada, zientzialarien interpretazioa zuzena izatekotan, eta nahiz eta espezie zehatz hau lumaduna ez izan, dinosauroek lumen antzeko estrukturak uste baino askoz lehenago izan zituztela ondoriozta daiteke.

UNEDeko eta UAMeko ikertzaileak bi urtez aritu dira fosila aztertzen. Iberiar Penintsulako dinosauroen eskeleto artikulatu osoena da, bai eta Europa guztian ondoen kontserbatutakoetako bat ere. Espezieak orotara lau bat metroko luzera du, muturretik isatseraino.

Irudia: Raul Martin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia