Landareen Zerrenda osatu dute
2011/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Landareen Zerrenda (The Plant List) osatu dute Londongo Kew lorategi botanikoko eta Missouri lorategi botanikoko hainbat adituk. Bi lorategi botaniko horien izendegiekin bat eginez, 1,04 milioi espezie-izenen zerrenda osatu dute. Zerrenda osotik, 300.000 izen inguru onartutako espezie-izenak dira, eta beste 480.000 izen, sinonimotzat jo dituzte. Gainerako 260.000 izenak espezie-izen edo sinonimo diren ebatzi gabe dago oraindik.
Landareak Kontserbatzeko Estrategia Globalaren barruan egindako lan bat izan da. 1999an abiatu zuten estrategia hori, eta azkeneko batzarrean adostu zuten 2011-2020 tarterako lehenengo helburua landare ezagunen on line zerrenda osatzea izan behar zuela. "Funtsezkoa da --adierazi du Missouri lorategi botanikoko zuzendariak-- munduko floraren zerrenda zehatza izatea, landareak kontserbatzeko ahaleginei heldu ahal izateko".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia