}

Landareak: etorkizuneko plastiko-fabrikak

2001/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako Purdue Unibertsitateko Clint Chapple-k eta DuPont and Co. enpresako Knut Meyer-ek landare-zeluletan materiala paketatzea eta metatzea ahalbidetzen duen genea aurkitu dute eta plastiko-mota berriak egiteko erabil daitekeela uste dute. Egun, plastikoa petroliotik eratorritako konposatuekin kateak eraikita sortzen da.

Kate horiei polimero esaten zaie eta polimeroak osatzen dituzten molekulak monomeroak dira. Landareek ere monomero gisa erabil daitezkeen hainbat substantzia produzitzen dute. Substantzia horiek kanpoko erasoetatik babesteko, landarearen molekulak konbinatu egiten dira eta konposatuaren forma egonkor eta disolbagarriak sortzen dituzte; ondoren, sortutako monomeroak zelularen barneko egitura txiki batzuetan gordetzen dira.

Hartara, monomeroak landarearen beste zati batzuetan gertatzen diren erreakzio biokimikoetatik babestuta geratzen dira. Mekanismo hori ikusita, zientzialariek Arabadopsi Thaliana landarea erabili dute molekulen konbinazioan zerikusia duen entzima sortzen duen genea klonatzeko. Helburua, noski, plastikoa egiteko beharrezkoak diren ahalik eta monomero gehien lortzea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia