}

‘Label’ eta ‘bio’: zein da aldea?

2001/06/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Azken urteotan, gizartea gero eta gehiago arduratzen da bere elikaduraz eta, batez ere, jaten duena osasungarria dela ziurtatu nahi du. Izan ere, behi eroak, pestizidak, dioxinak eta antzeko gaiek zeresan handia eman dute azkenaldian eta kontsumitzaileen kezka piztu dute. Hori ikusirik, merkatuan besteak baino osasungarriagoak eta ziurragoak direla adierazten duten produktuak aurkeztu dituzte. Besteetatik bereizteko asmoz, hainbat marka eta izendapen azaldu dira; horien artean nekazaritza biologikoa eta labela daude.

‘Label’ hitzak ingelesez etiketa esan nahi du, eta ‘Eusko Labela’ Kalitatea Fundazioak hainbat produkturi ezarritako etiketa da. Bere funtzioak Fundazioaren bermea duten produktuak identifikatzea eta merkatuan beste produktu batzuetatik bereiztea dira. Lehen, produktuak zuzenean saltzen ziren eta erosleak bazekien nork ekoitzitakoak ziren. Baina ohiturak aldatuz joan dira eta janariak beste era batera merkaturatzen dira. Ondorioz, bertako produktuak identifikatu egin behar dira, eta ekoizpen-lanari, prestaketa, ontziratzea edo paketatzea eta identifikazio-lanak gehitzen zaizkio.

Produktu batek labela eskuratu ahal izateko, Kalitatea Fundazioak ezarritako arau zehatzak bete behar ditu. Produktu bakoitzaren eremua, ekoizpen-prozesua, merkaturatze-modua, ontziaren ezaugarriak, identifikazioa eta beste hainbat alderdi jasotzen dituen araudia du. Ondoren, kalitateaz arduratzen direnek produktuaren jarraipena egiten dute, ezaugarri guztiak betetzen dituela ziurtatzeko.

Hauek dira orain arte Eusko Labela duten produktuak: Gernikako piperra, Ibarrako pitarrak, euskal tomateak, euskal babarrunak, euskal okela, baserriko oilaskoa, arkumea, eztia, hegaluzea, behi-esne pasteurizatua, euskal baserrian zenbait barazki, Arabako patata eta Arabako txakolina. Horietaz aparte, jatorrizko izendapena duten produktuak daude, adibidez, Getariako eta Bizkaiko txakolina, Arabako Errioxako ardoa edo Idiazabal gazta. Horiek ere araudi zorrotza bete eta ezaugarri jakinak eduki behar dituzte.

Nekazaritza biologikoak, aldiz, elikadurari buruz beste ikuspegi bat du. Labeldun produktuen ekoizpen-prozesuak garrantzi handia badu ere (adibidez, Euskal Okela izendapena duen labeldun haragiaren kasuan, ganaduaren ongizatea kontuan hartzen da), nekazaritza biologikoan zaindu beharreko alderdi nagusietako bat da.

Arturo Elosegi

Hain zuzen ere, nekazaritza biologikoan erabiltzen diren ongarriek ez dute ingurugiroa kaltetzen, eta ohiko pestizidak eta herbizidak debekatuta daude. Erabiltzen diren produktuak, gainera, nekazaritza konbentzionalekoak baino askoz errazago eliminatzen dira eta ez dute besteak adinako eragin toxikologiko eta ekologiko kaltegarririk sortzen.

Aldea, beraz, inguruarekiko begirunean datza batez ere, eta helburuak ere ezberdinak dira: labelak jatorria eta ezaugarri jakin batzuk babesten ditu, eta nekazaritza biologikoko produktuak ingurugiroa errespetatuz ekoitzi direla eta ez dutela ez pestizidarik ez herbizidarik ziurtatzen dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia