Kukua, kantu bat baino gehiago
1987/12/01 Angulo Pinedo, Rikardo Iturria: Elhuyar aldizkaria
Udaberrian, mendira joan zarenean seguru asko kukuaren kantua entzungo zenuen. Nahiz eta bere kantua oso ezaguna izan (hain bizi, sendo eta garbia izateagatik), jende askok ezin dezake esan kukua ikusi duenik. Kukuaren kantuak, beste hegazti batzuenak bezala, emeak bere lurraldea erreklamatzeko funtzioa betetzen du, eta aldi berean arrengandik lurraldea defenditzekoa. Emeak ar batzuekin erlazioak dituenez, poliandrikoa da.
Zuhaitz eta zuhaixkadun lekuetan bizi daiteke; hain zuzen ere, paramo, padura, lur landu, landa eta basoetan.
Kukuaren ( Cuculus canorus ) taila 28-33 cm-koa izaten da. Kontutan hartu behar da isats luzea daukala, gainetik lumaia grisa eta azpitik zuria xingola grisekin; hegalaldian gabiraiekin nahas daiteke. Arra eta emea berdinak dira, salbuespen bat izan ezik; emeen artean badago barietate hepatiko izenekoa, gainetik kolore gorriska daukana.
Kuku arruntak eta kuku mottodunak ( Clamator glandarius ) soilik osatzen duten kukuliforme ordena Europan; arrunta Euskal Herri osoan aurki daiteke, baina bigarrena, hau da, kuku mottoduna, Hego Nafarroa Garaian bakarrik ikus daiteke.
Oro har, negua Afrikako hegoaldean igaro ondoren martxoaren azken egunetan edo apirilean heltzen da Euskal Herrira. Bidaia 9000 kilometrokoa da eta normalean gauez eta bakarrik egiten du. Uztailaren hasieran heldua hegoalderantz joaten da berriro ere beroaren bila. Gazteak ordea irailaren azken egunetan joaten dira.
Kukuaren berezitasunik garrantzitsuena, bere ugalketa da, hots, ez du habiarik egiten: beste hegaztien habietan ipintzen ditu arrautzak. Parasitismo hau gehien jasaten duten espezieak, besteak beste, txantxangorria, txepetxa, txinboa, buztangorria, txioa eta buztanikara dira. Kuku mottodunak, berriz, mika eta belabeltzen habietan ipintzen ditu arrautzak.
Hamabi arrautza ere jar ditzake besteen habietan. Beste txorien habietan arrautza bana ipintzen du mokoz edo zuzenean errunez, antza bertako bana ere erregularki kentzen duelarik. Eme batzuek hogeitazazpi arrautza ere ipin ditzakete. Jeneralean, mota bereko txori-habiak bilatzen ditu, hain zuzen ere, bera elikatu duten espeziekoak. Kukuaren eta aipatu espezieen arrautzak antzekoak dira; bai kolorez, bai formaz. Dirudienez, aitaren askazitik ez eta amarenetik heredatzen da arrautzen kolorea.
Horregatik, hautespen naturala kukuaren eboluzioan oso inportantea izan dela esan da. Kukuen txitak beren inguruan dagoen guztia, ostalarien arrautzak eta txitak, habiatik kanpora botatzen ditu, bizkar eta hegoez bultzatuz. Lau egun pasatu ondoren, habiakideak kanpora botatzeko instintua desagertu egiten zaio; normalean bera besterik ez bait da gelditzen habian.
Bakarrik egonda, etengabe janaria eskatuko dio bere amaordeari. Txori txikiek kuku gaztea elikatzeko, beraren mokora heltzen ez direnez, haren buruan pausatu edo haren aurrean hegaka egin behar dute. Hiru aste pasa eta gero pisu handia daukanez, alde egingo du habiatik hurbileko abarretan ibiliz. Hiru aste geroago, hegaz egiten badaki eta bere burua elikatzeko gai izango da.
Hegazti ankerra dirudien arren, gure basoetan lan garrantzitsua egiten du. Pinudietan batez ere, gehienbat pinu-beldarrez elikatzen da eta. Lipu, zizare eta intsektuak ere jaten ditu.
Horregatik, kukua defendatu egin behar dugu; gure basoetako pinu-beldarraren izurriari aurka egiteko ezagutzen den defentsa gutxietariko bat bait da bera.
Bibliografia
- ALDAZ Y EMAZABEL, J. 1918. Catálogo de las aves observadas en Guipúzcoa y Vizcaya. MEM.R.SOC.ESP.HIST.NAT. 10:459-508
BERNIS, F. 1954. Prontuario de la Avifauna española. ARBEOLA:1, 3-85.
ELOSEGUI ALDASORO, I. 1985. Atlas de aves nidificantes. Navarra. Ed. Caja de Ahorros de Navarra.
GALARZA IBARRONDO, A. y FERNANDEZ GIL, A. 1980. Gure hegaztiak. Nuestras aves. Petronor. 131. pp;
ITZIAR TA AGUIRRE, M. 1966. Gure txoriak. Kuliska sorta; 62, Itxaropena, Zarautz. 203. pp.
PETERSON, R; MOUNFORT, G y HOLLOM, P. AD. 1967. Guía de las aves de España y demás países de Europa. Ed. Omega. 416. pp.
FAUS, J.M. 1986. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ornodunak. Administración de la Comunidad Autónoma de Euskadi.
U.Z.E.I. 1984. Biologia/1. Landare eta animalien izenak, izendegia. U.Z.E.I. Donostia. 533 pp.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia