}

Kromosoma bat sintetizatu dute laborategian, sekuentziaren diseinutik abiatuta

2014/03/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

kromosoma-bat-sintetizatu-dute-laborategian-sekuen
Arg. Sarah Richardson/Science

Lehen aldiz, legamia baten kromosoma bat diseinatu eta sintetizatu dute, eta funtzionala dela frogatu dute. Zehazki, Saccharomyces cerevisiae legamiaren hirugarren kromosomaren ordezkoa egin dute, ikertzaileak eta ikasleak elkarlanean, New York Unibertsitateko Jef Boeke genetikariaren gidaritzapean, Build a genome (“Eraiki genoma bat”) egitasmoaren barruan.

Hala, 73 egilek sinatzen dute Science aldizkarian argitaratu duten ikerketa. Artikuluan azaldu dutenez, S. cerevisiae legamiak 16 kromosoma ditu; haren genoma osoak 6.000 gene ditu, eta haietatik 5.000 inguru, bakarka, ez dira beharrezkoak. Horietatik, ordea, zenbat ez dira beharrezkoak aldi berean? Galdera horretan oinarritu dira kromosoma osoa diseinatu eta sintetizatzeko.

Horrela, erabat aldendu dira orain arte beste ikertzaile batzuek, hala nola Creig Venterrek edo George Churchek,  probatu duten bidetik. Izan ere, haiek genomen kopia sintetikoak egiten saiatu dira, baita lortu ere, bakterioetan.

Jef Boeke/New York University

Oraingo ikerketan, urrunago joan dira, legamiak eukariotoak baitira, eta, beraz, bakterioak baino konplexuagoak, eta, gainera, garatu duten metodologia berria eraginkorra dela frogatu dute.

Hirugarren kromosomaren baliokidea egin dute, S. cerevisiaeren hirugarren txikiena. Jatorrizko kromosomaren sekuentzia hartu dute oinarritzat, eta haren baseak ezabatu dituzte eta batzuk berriekin ordezkatu dituzte, beti ere egonkorra eta funtzionala dela bermatuz.

Boekeren esanean, 50.000 aldaketa baino gehiago egin dituzte DNA-kodean, “eta gure legamia oraindik bizi da”. Egonkorra eta funtzionala dela erakutsi dute, eta, are gehiago: funtzio berriak ere eman dizkiote.

Ikerketa horretan oinarrituta, sendagai eta txerto berriak egiteko bideak zabalduko direla iragarri du Boeckek, eta antzeko itxaropena erakutsi dute beste ikertzaile askok ere. Dena dela, ekarpena ez da medikuntzara mugatzen; hain zuzen, bioerremediazioan eta bioerregaien arloan ere baliagarria dela ere aipatu dute, besteak beste.

Hurrengo pausoa beste kromosomekin jarraitzea izango da. Bi urte barru, kromosoma guztiak izango dituztela espero dute; organismo berean guztiak batera izandakoan, organismoa funtzionala izango den da erronka.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia