}

Krater zaharrak, krater berriak

2005/09/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Astronomoek arretaz aztertzen dituzte eguzki-sistemako planeten eta sateliteen kraterrak. Izan ere, batek uste baino informazio gehiago eman dezakete. Adibidez, eguzki-sistemaren bilakaerari buruzko ondorioak atera dituzte Arizonako Unibertsitateko astronomoek, kraterren neurriari eta adinari erreparatuta.

Orain arte hauteman diren krater guztien ezaugarriak aztertu dituzte astronomo horiek. Planeten eta sateliteen hainbat eremutan krater handi asko daude; antza denez, meteorito-bonbardaketa latza jasan zuten aspaldi batean. Adibideetako bat Ilargiaren lurralde garaietan dago. Beste leku batzuetan kraterrak gazteagoak dira, eta badirudi orduan bonbardaketak arinagoak izan zirela; esaterako, Marteko lautada bolkanikoetan ageri dira era horretako kraterrak.

Krater gazte horien neurriak eta ezaugarriak ikusita, astronomoek ondorioztatu dute azkenaldian Lurraren ingurutik pasatu diren asteroideen modukoek jota sortu zirela. Aitzitik, krater zaharrak beste era batera sortu zirela uste dute. Izan ere, garai hartako kraterrak ugariagoak dira eta neurri denetakoak. Horien jatorria azaltzeko, astronomoek proposatu dute asteroide-bonbardaketa izugarria gertatu zela eguzki-sistemaren kanpoaldeko planetak berrantolatzean.

Berrantolatze horri buruzko hainbat hipotesi dituzte, baina, behintzat, badirudi horrek eragina izan zuela Kuiper asteroide-gerrikoan, eta handik eroritako asteroideek jo zutela eguzki-sistemaren barruko planeten eta sateliteen aurka.

Irudia: NASA/JPL/Arizonako Unibertsitatea